Urki dantza taldearen XXV. urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 14a, 09:14

Urte berezia izango da hau Andoaingo Urki dantza taldearentzat. Hogeita bost urte ez dira urtero betetzen, eta ekitaldi sorta polita antolatu dute urteurren hori herritarrekin batera ospatzeko.

1988-1989 ikasturtean jarri zuten martxan Urki dantza taldea. Izaskun Beraza taldekideak eman ditu sorreraren inguruko azalpenak: “Haurren euskal jaialdiaren haritik sortu zen Urki dantza taldea sortzeko grina. Garai hartan, Andoaingo ikastetxe bakoitzak dantza ikasteko aukera ematen zien bere ikasleei, eskolaz kanpoko ekintza gisa. Berrozpe eta La Salle ikastetxeak eta Aita Larramendi ikastolak, euren dantza taldeak zituzten. Bestalde, aisialdi talde ezberdinak ere lanean ari ziren herrian eta 1988ko San Juan jaietan haurren eguna elkarrekin antolatzeko ideia izan zuten. Txistulari gazteen taldea, Xaramel abesbatza, ikastetxeetako dantzariak, aisialdi taldeak..., horiek guztiak elkartu, eta I Haurren euskal jaia antolatu zuten”.

Taldearen sorrera
Ekitaldi hark izandako arrakastak bultzada berria ekarri zuen. “Oso jai polita izan zen eta horrek eraginda, ekimen berria jarri zen abian; ikastetxe bakoitzeko dantza taldea bere aldetik aritu beharrean, herrikoa izango zen talde bat sortzeko beharra zegoela pentsatu, eta lanean hasi ziren”.
Ikastetxe guztiei proposamena luzatu, eta baiezko borobila jaso zuten berehala. “Haurren gurasoei ere gaia azaldu zieten eta haiek ere ondo onartu zuten proposamen berria. 1988ko ikasturterako, martxan zen Urki dantza taldea, nahiz eta hasiera hartan oraindik ez zuen izenik ere. Ikastetxeetako eskolaz kanpoko eskaintzaren barne mantendu zen eta hala jarraitzen du gaur egun ere. Karmen Rodriguez Ranz, Joxema Setien..., taldearen hasieran egon ziren guztiek, garbi azaltzen dute Urki dantza taldea ez litzatekela gaur egun dena izango, bere momentuan ikastetxeek edota gurasoek ezezkoa eman izan balute”, azaldu du Izaskunek.

Dantzariak eta lagunak
Ehunka haur eta gaztetxo pasa dira geroztik Urki dantza taldetik: “Ikasturte guztietan ehun haur inguru izaten dugu. Hogeita bost urteko bidean, andoaindar asko eta asko  pasa da taldetik. Etxe gehienetan izango da Urkiko kide izan den norbait”.
Hogeita bost urte hauetan, herritar ugari izan dira taldeari bere laguntza eman diotenak eta Izaskunek gogoan eduki nahi izan ditu: “Andoaingo Udalak bere babesa eskaini izan digu beti; Joxema Setien, Fernando Gonzalez, Juantxo Olazagirre eta beste hainbat musikari, jantziak josten edo beharrezko materiala lortzeko lanetan aritu diren hainbat eta hainbat guraso..., Urki dantza taldeak lagun asko izan ditu bere ibilbide osoan eta horiei guztiei egindako lana eta ahalegina aitortu eta eskertu behar zaie”.
Beste zenbait herritako dantza taldeekin zuzeneko harremana izan du Urkik: “Begoña Igartua gure dantza irakasleak Lasarteko Erketz dantza taldearekin harreman zuzena du. Karmen Rodriguezek Donostiako Argia taldearekin, Jokin Otamendi irakasleak Añorgako dantza taldearekin... Horrek guztiak gauza ezberdinak egiteko aukera ematen digu. Beti da aberasgarria beste talde batzuekin harreman zuzena edukitzea”.

Astean hiru egunez, Arraten
Arrate pilotalekuan biltzen dira Urki dantza taldeko kideak, entseguak egiteko. Hala azaldu du Izaskunek: “Astelehen, astearte eta asteazkenetan elkartzen gara. Sei urtetik gorako ehun haur aritzen da dantzan, talde ezberdinetan banatuta. Begoña Igartua eta Jokin Otamendi dira haurren irakasleak eta Asier Garmendia eta biok ibiltzen gara laguntzaile modura. Asier bera etortzen da helduen taldeari erakustera”.

Helduen taldearen sorrera
Hogeita bost urteko bidean, aldaketa eta berrikuntza asko izan ditu Urkik: “Urki haurren dantza talde bezala sortu zen eta halaxe izan zen urte luzetan. Ikasleek hamalau urte inguru zituztenean, utzi egiten zuten askok eta hemezortzi urteren bueltan, unibertsitateko garaia iristean, eten egiten zen taldea; jarraipenik gabe geratzen zen”. Egoera horrek aldaketa handia izan zuen 2004an: “Poloniako nazioarteko dantza jaialdi batera joan ziren Urki dantza taldeko kideak. Garai hartan 15 urte inguru zituzten dantzariek eta itzuleran, garbi ikusi zuten ez zutela dantza utzi nahi. Larunbat goizetan elkartzen hasi ziren eta horrelaxe sortu zen Urkiko helduen taldea”.

Bide berriak
Helduen taldearen sorrerak garrantzi handia izan du Urkirentzat. Hala aitortu du Izaskun Berazak: “Haurren taldeak eta helduenak elkar elikatzen dute. Helduen taldearen sorrerak, gainera, ekimen ezberdinak antolatzeko ahalmena ekarri zion Urkiri; Eguberrietako gaztain jatea, Santa Krutz jaietako Ezpata dantza, etab. Gauza berriak egiteko gogoa eta ideiak baditugu eta pixkanaka, gauzatzen joango gara. Osasun onean dago taldea”. Euskal dantza eta ohituren inguruko hausnarketa ere bilatzen dutela aipatu du Izaskunek: “Oso ondo pasatzen dugu dantza egiten, baina pixkanaka, beste gauza batzuk ere kontuan hartuz joan gara; zenbait dantzen jatorria, jantziak, ohiturak... Gure errepertorioa zabaldu dugu, baina beti hausnarketa baten ondoren”.

Herriko eragile
Herriko jai, emanaldi eta ospakizun gehienetan parte hartzen du Urkik. “Herriko jaietako emanaldiak, ikastetxeetako ikasturte amaierako festak, elkarteek antolatutako ekitaldiak..., horietan guztietan izaten saiatzen gara. Herrian egiten diren ekitaldietan parte hartzea oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Nire kasuan, pertsona parte hartzailea izatera bultzatu nau dantza taldeak. Orohar, haurrengan parte hartzearen garrantzia sustatzen saiatzen gara eta oso garrantzitsua da hori”, azpimarratu du Izaskunek.
Etorkizunera begira jarrita daude Urkiko kideak: “Andoainen ondo errotutako taldea da Urki, baina etorkizunean, indar eta pisu handiagoa har dezala nahi dugu. Beste hogeita bost urteko bidea egin dezala osasuntsu!”.


Webgune berria
Urtarrilaren 30ean aurkeztu zuten Urki taldearen webgunea. www.urkidantzataldea.com helbidean sartuta, taldearen inguruko informazio zabala aurki daiteke: argazki eta bideoak, datozen asteetako ekitaldiak, taldearen historia, prentsan agertutako artikuluak, albisteak, etab. Urki taldeko kideekin harremanetan jartzeko modua ere eskaintzen du webgune berriak.

Ospakizun nagusia apirilean
Apirilean egingo dituzte ospakizun ekitaldi nagusiak, baina dagoeneko hasiak dira zenbait hitzaldi eta irteera antolatzen. Informazio gehiago: www.urkidantzataldea.com
  • Otsailak 24, igandea. Zuberoako Maskaradak ikustera joateko egun osoko txangoa prestatu dute. Izena emateko aukera zabalik dago. Horretarako, Arrate pilotalekuaren beheko aldera jo beharko du astelehen, astearte eta asteazkenetan, 17:00etatik 18:00etara.
  • Apirilak 19 eta 20. Egitarau oparoa prestatuko dute apirilerako. Apirilaren 19an, ostiralarekin, emanaldi berezia eskainiko dute Basteron. Larunbatean, berriz, egun osoko jaia egingo dute; kalejira, dantza saioak, erromeria..., Herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte Urkiren urteurrena ospatzera. Horretarako, erromeria egingo dute Goikoplazan eta hala nahi duten herritarrek, bertan nahikoa dantza egiteko aukera izango dute.
  • Urrian, New Yorkera. Urteurreneko ospakizunei amaiera borobila emateko, New Yorkera joango dira Urkiko kideak. Bertako Euskal Etxeak ehun urte beteko ditu aurten, eta Urki dantza taldekoak ospakizunetara gonbidatu dituzte. Hainbat saio eskainiko dute bertan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!