Aurrekontuak, iazkoen haritik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 14a, 09:12

Ia bi milioi euroko aurrekontua izango du Asteasuko Udalak 2013rako. Horietatik, 155.000 euro erabili ahal izango dira inbertsiotarako.

Urtarrilaren 25ean aurkeztu zituzten Asteasuko Udaleko aurrekontuak. Iazko aurrekontuekin alderatuz, diru kopuru txikiagoa sartuko da Udalean, baina orokorrean, 2012koaren haritik joango dira 2013ko aurrekontuak.
Pili Legarra alkateak egin zuen aurrekontuen aurkezpena: “Aurrekontuak osatzerakoan, izango diren diru sarreren aurreikuspena egin behar izaten da lehendabizi. Sartuko den kopurua kontuan hartuta zehazten dira gastuak. 2013an, diru sarrerak pixka bat jaitsiko dira, baina ez da jaitsiera izugarria izango. Gastu orokor eta finkoei aurre egin ondoren, 155.000 euro geratuko da inbertsioetarako”.

Diru sarrera nagusiak
Diru sarreren atala aurkeztu zuen lehendabizi Pili Legarrak: “Udal aurrekontuen %36a zerga zuzenetatik dator eta atal honek ez du aldaketa nabarmenik izan. Zeharkako zergen atalak, berriz, jaitsiera handia izan du. Obrak eta berriztatzeak egiteagatik Udalak kobratzen dituen zergak sartzen dira atal honetan, eta geroz eta obra gutxiago egiten denez, aurrekontuaren %1 bakarrik suposatuko dute aurten zeharkako zergek”.
Tasa eta bestelakoetatik 296.00 euro jasotzea aurreikusi du Udalak; aurrekontuaren %15. “Diru sarrerarik handiena, nolanahi ere, transferentzia arrunten bidez iritsiko da. Guztira 895.00 euro sartzen da atal honetan. Batetik, Foru Aldundiak Fondo Foralaren bidez udalerri guztiei egiten dien diru sarrera hartu behar da kontuan, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak gizarte zerbitzuetarako eskaintzen duen dirulaguntza”, jakinarazi zuen Pilik aurrekontuen aurkezpen ekitaldian.

Gastu nagusiak
Gastuei begiratuz gero, Udalak eskaintzen dituen zerbitzu, azpiegitura eta bestelakoen gastu arruntak ordaintzeko beharko da aurrekontuen %42a. Eraikinen garbiketa lanak, argindar, ur, telefono eta gainerako kontsumoak, aseguruak, aholkularitza..., 837.000 euro beharko dira horiei guztiei aurre egiteko. Pertsonal gastuek, berriz, aurrekontuaren %25a hartzen dute Asteasuko Udalean.

Zorrak
Asteasuko Udalak aurreko urteetatik dituen zorrek asko baldintzatzen dute aurrekontua. Diru-sarrera guztien %13 beharko da zorraren zati bat kitatu eta interesak ordaintzeko. Kopuru zehatzetan azalduta, 261.900 euro bideratu beharko ditu Udalak, bai banketxeei ordaintzeko, baita 2009an Foru Aldundiak emandako Fondo Foralaren zati bat itzultzeko ere. “Foru Aldundiak, urte horretan izango dituen diru sarreren kalkulua egiten du, eta horren arabera banatzen die dirua udalerriei. Kalkuluek huts egin, eta espero baino diru gutxiago jasotzen badute, ordea, banatutako diruaren zati bat itzuli egin behar zaio. Horixe gertatu zen 2009an eta, oraindik, diruaren itzulketa egiten ari gara”.  

Inbertsioak
Gastu arrunt guztiak ordaindu ondoren, 155.000 euroko soberakina aurreikusi dute, inbertsioetarako. “Izurtzuko bidean egindako konponketaren zati bat ordaindu behar dugu diru horrekin, eta iaz erositako belarra mozteko makina ere ordaintzen ari gara. Udalak duen pabiloi bat egokituko dugu lan brigadako kideek erabiltzeko, eta igerilekuko terrazan baldosa batzuk jartzeko ere eskatu digute. Horrez gain, herritarrentzako baratzek egokitzea eta auzo-konpostagailuak jartzea izango dira egin beharreko lan nagusiak”, azaldu zuen Pilik.

Gizarte zerbitzuak, gora
Kultura, kirola, hezkuntza, gizarte zerbitzuak..., iazko aurrekontu beretsuak izango dituzte guztiek ere. Igoera nabarmenena gizarte zerbitzuetan izango da. “Gizarte langileak garbi adierazi zigun geroz eta behar handiagoak zeudela herrian, eta egoera horri erantzun asmoz, iaz baino 9.600 euro gehiago erabiliko ditugu gizarte zerbitzuetarako”, azaldu zuen Patxi Olasagasti zinegotziak.  

Kirola eta kultura
Ramon Ayerza zinegotziak hartu zuen hitza kulturarako bideratuko den aurrekontuaren inguruko azalpenak emateko: “Azoka, kultur astea, Dantzari txiki eguna, Emakumeen eguna, Olentzeroren etorrera, erregeen kabalgata, herriko eta auzoetako jaiak..., horiek guztiak berdin mantenduko dira. Guztira, 116.000 euro bideratuko dira kulturara”. Kirolari dagokionez, 98.650 euroko aurrekontua kalkulatu dute: “Kiroldegiko gastua 4000 eurotan murriztuko dugu 2013an. Orain arte, Villabonako kiroldegian bazkide ziren herritarrek Udalaren dirulaguntza jasotzen zuten kuota ordaintzeko, eta laguntza hori kentzea erabaki dugu. Igeriketa ikastaroak egiten dituztenek bakarrik jasoko dute laguntzaren bat”, azaldu zuen Ramonek.

Hezkuntza
Hezkuntzara bideratuko den diru kopurua, iazkoa baino %10 handiagoa izango da. Hala jakinarazi zuen Nerea Goikoetxea zinegotziak. “Eskola handitzearekin batera, garbiketa eta mantenimendu gastuak ere handitu egin dira eta horregatik bideratu dugu diru gehiago”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!