2013rako Udal aurrekontuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 14a, 09:11

2011n eta 2012an Udal aurrekontuek krisiaren eraginak pairatu zituzten arren, 2013rako aurrekontua igotzea lortu du Amasa-Villabonako Udal Gobernuak. Guztira, aurtengorako, 5.834.815 aurreikusi dira.

Udal Gobernuak 2013rako aurkeztutako aurrekontuen txostenak 2012an baino 200.000 gehiago aurreikusten ditu. Inbertsioen atalerako 472.618 jasotzen ditu aurrekontuen dokumentuak. Besteak beste, bertan sartzen dira Zero Zabor politikan sakontzeko egin beharreko gastuak: “Gure programan Zero Zabor politiken alde egingo genuela esan genuen. Gaikako bilketan ahalik eta emaitzarik onenak lortzea dugu helburu; horregatik, udaberrian, atez-ateko sistema jartzea aurreikusten dugu eta funtzionatzen duela ikustean, gai honen inguruan sortu den polemikarekin amaitzea espero dugu”, azaldu du Galder Azkuek, Amasa-Villabonako alkateak. Inbertsioekin jarraituz, beste hainbat birmoldaketa ere aurreikusten ditu Udal Gobernuak: “Olaederra kiroldegian, lehen taberna zegoen lekuan, gimnasioa egingo da; Arratzaingo kiroldegiko teilatua konponduko dugu eta lehengo Behar Zana elkartea zegoen tokian, haur ludoteka edota haur liburutegia egiteko asmoa dugu”, adierazi du Galder Azkuek.
Elkarteei eta norbanakoei zuzendutako diru-laguntzei dagokienez, ez dute ia murrizketarik jasango. Udal zerbitzuak ere ez dira gutxitu iazko aurrekontuekin alderatuz.

Mugikortasuna eta argiteria
Amasa-Villabonako mugikortasunari buruzko azterketa sakona egingo da 2013an. Arlo horri lotuta, era berean, herriko bide-gorria margotuko da aurten.
Argiteriari dagokionean, aurten ere Udalak argiteria publikoan inbertitzen jarraituko du, hots, kale-argi berriak jarriko ditu: “Egungo legeak, kontsumo baxuko argiteria jartzera behartzen gaitu. Amasa-Villabonan dauden farolak oso zaharrak dira eta poliki-poliki berriak jartzen joango gara”.

Herritarren zenbait ekarpen, aurrekontu proiektuan jasoak
2013ko aurrekontuak modu parte hartzailean diseinatu asmoz, Amasa-Villabonako Udalak, 2012ko abenduan, informazio eta ekarpen prozesu bat jarri zuen martxan. Horretarako, etxez etxe, proposamenak idazteko esku-orriak banatu zituen eta orduz geroztik hainbat ekarpen, ideia eta proposamen jaso ditu Udalak. Horietako batzuk, gainera, aurrekontu proiektuan sartu dituzte; besteak beste, ‘Berez Behar Amasa Villabonakoa Bekak’’, bizikletak uzteko aparkalekuak, parke publiko bat estaltzeko azterketa proiektua edota haurren aisialdirako hainbat lokal. Galder Azkuek aipatu duenez, “badirudi jendeak bizikletan ibiltzeko nahia duela, baina horretarako aparkalekuak falta direla herrian. Herritarren proposamena kontuan hartu dugu eta aurten, bizikletentzako aparkaleku gehiago jarriko ditugu. Horrez gain, parke publiko bat estaltzeko eskaria ere kontuan hartu dugu. Udal Gobernua aspaldidanik aztertzen ari zen gai bat da eta, dirudienez, herritar batzuekin bat dator. Hala ere, horrelako proiektu bat egitea oso garestia da eta pausoz pauso egingo dugu. Lehenik eta behin arkitektoekin aukerak aztertuko ditugu, zein parke estali daitekeen, zein aurrekontu izango lukeen, etab., eta ondoren, proiektua egingo dugu. Gure legealdian ez bada ere, atzetik datozenek egin dezaten hutsetik hasi gabe”.

Zorrak
Galder Azkueren esanetan, Udalaren egoera finantzarioa ona da: “Krisia dela eta ez dela, lagun artean askotan entzun izan dut Udal guztiak zorrez lepo gabiltzala, etab. Amasa-Villabonako Udalak zorra badauka, baina kontrolpean eta legearen barruan dago. Instituzio batek inbertsioak egiteko zorpetu beharra dauka. 0-ko zorra izatea oso zaila da, nahiago nuke hala balitz. Baina Amasa-Villabonako Udalaren egoera finantzarioa ona da”.

Villabona Lantzen
2004 urtean, Amasa-Villabonan promotore lanak egin zituen Villabona Lantzen erakundea sortu zen; honen kudeaketa Udalaren esku zegoen. Erakunde honen bidez egin zen Malkar plazako obra guztia, baina obraren likidazio garaian, promotorea eta enpresa eraikitzailea ez ziren ados jarri. Horrela, enpresa eraikitzaileak demanda sartu zion Udalaren esku zegoen Villabona Lantzen erakundeari eta azken honek galdu egin zuen. Sententziaren arabera, Villabona Lantzenek enpresa eraikitzaileari milioi bat euro zor zion. 2011n Bilduk Udal Gobernua hartu zuenean, sententzia hori errekurritu egin zuen, baina Bilboko auzitegiak epaia berretsi egin zuen. Beraz, momentu honetan, Villabona Lantzenek, zeina Udalaren menpe dagoen, milioi bat euro zor dizkio Malkar plaza eraiki zuen enpresari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!