Alexander Padilla Bartzelonako unibertsitateko irakasle

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 14a, 09:10

Orain sei urte joan zen Alexander Padilla billabonatarra Bartzelonara, ikasketak burutzera. Denborak aurrera egin ahala, eta lanbidea tarteko, Bartzelonan aurkitu du bere txokoa. Hogeita bost urte dituen arren, dagoeneko, mundu profesionalean ibilbide luzea du egina.

Gaur egun Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea zara. Nolakoa izan da horraino iristeko bidea? Zer moduz moldatzen zara ikasleekin?
Publizitate eta Harreman publikoetan lizentziatua naiz Bartzelonako Autonoma Unibertsitatean. Duela hiru urte amaitu nituen ikasketak eta sare sozialetan publizitate kanpainak egiten dituen publizitate agentzia batean hasi nintzen lanean, Community Manager bezala. 2012ko irailean unibertsitatetik deitu zidaten, Komunikazio Fakultatean irakasle bezala lan egiteko eskaintza eginez. Beti ikusi izan dut nire burua irakasle moduan eta segituan onartu nuen lanpostua. Sormeneko irakasle naiz bigarren eta hirugarren mailako ikasleekin. Guztira 200 bat ikasle ditut. Izugarrizko erronka izan da, baina sekulako esperientzia ari naiz bizitzen. Beraiekin asko konektatu dut eta klase dibertigarriak antolatzen saiatzen naiz, beraiek ere karrerarekin motibatu daitezen. Ni baino lauzpabost urte gazteago dira eta horrek ere asko eragiten du, gertu sentitzen naute eta lotura berezi bat sortu da.

Eusko Jaurlaritzak Gazte txartelaren baitan sortutako lehiaketa irabazi duzu. Zergatik erabaki zenuen lehiaketara aurkeztea? Zein da irabazi duzun saria?

Publizitateaz gain, ikus-entzunezkoarekin zerikusia duten hainbat lehiaketatan parte hartzeko ohitura dut. Kasu honetan, Gazteaukerak, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria sailak, EITBren eskutik lehiaketa bat aurkeztu zuen. Bertan, telebistarako programa formaturen bat zuten hiru gazte bilatzen zituzten. Nik nire programaren txosten bat idatzi nuen, formatuaren nondik norako guztiak azalduz. Urtarrilaren hasieran, lehiaketaren antolatzaileek deitu eta hiru hautagaietako bat nintzela ziurtatu zidaten. Sari moduan, nire programa errealitate bihurtuko dut ETBko langileen laguntzarekin.

Programa noiz ikusi ahal izango dugu? Eta zer da ikusiko duguna?
Programa ekoizteko 6 hilabeteko epea izango dugu EITBko Bilboko estudioetan. Programa ETB3 eta www.eitb.com- en ikusteko aukera izango da eta printzipioz, programa bakarra ekoiztuko da. Oraindik ez daukagu data zehatzik, beraz, ez dakigu noiz ikusi ahalko dugun. Programak ‘3BIDEr’ du izena: 16-18 urtetik gorako gazteentzat pentsatutako programa bat da. 3 zati nagusi izango ditu: ‘Albisteak eta agenda’; ‘Asteko Erreportajea edo elkarrizketa’ eta ‘Lehiaketa’. Hala ere, 3BIDEr saioaren nobedade nagusi moduan, sare sozialetan izango duen presentzia azpimarra dezakegu. Astero-astero gazteen iritzi eta partaidetza kontuan hartuta egingo den programa interaktibo bat sortzea da erronka nagusiena, entretenimendua eta hezkuntza tartekatuz. Gaur egungo gazteok sare sozialetan igarotzen ditugu eguneko ordu asko eta asko. Telebista mugikorra eskuan dugula ere ikusten hasi gara, eta telebistako programa asko jada beraien twitterrak eta hashtag propioak sortzen hasi dira, ikus-entzuleen partehartzea sustatu asmoz. 3BIDEr programaren nondik norako guztiak ikus-entzuleek erabakiko dituzte beraien boto eta iritzien bitartez: Zein pertsonaia famatu elkarrizketatu, zein musika talde gonbidatu platora, etab.

Horrez gain, beste hainbat lehiaketatan ere parte hartu duzu eta askotan sariak lortu ere bai. Sormen lana, lanbide izateaz gain zaletasun duzula esan al daiteke? Zer da zuretzat sormenaren baitan lan egitea?
Txikitatik izan naiz oso sortzaile eta beti gustatu izan zait sormenaren inguruan lan egitea. Beharbada horregatik ikasiko nuen ‘Publizitatea eta Harreman Publikoak’ karrera. Egunerokotasunak beldurtu egiten nau eta bizipen berriak behar ditut uneoro, bizitza dibertigarria eta atsegina izan dadin. Sormenak egunerokotasun aspergarri horrekin amaitzeko aukera ematen dit. Horren baitan, gainera, gauza ugari suertatu zait lan orduetatik kanpo egiteko: hainbat irratitan asteroko kolaborazio lanak, hainbat aldizkaritarako iritzi artikuluak idazteko aukera, Europar Batasunak sustatutako pare bat proiektutan parte hartzeko aukera, youtube-ko bideo kanal batean parte hartzeko aukera… Hauetako asko dohainik egiten ditut, batez ere, nire eguneroko lanetik hainbat orduz aldentzeko asmoz; zaletasun edo dibertsio moduan egiten ditut, bizitzari saltsa eta emozio pixka bat ematearren. Arriskatzeko momentu batean bizi gara, are gehiago gazteok, eta argi izan behar dugu ez direla gure etxera etorriko lanpostu on bat eskaintzera.

Orain lanpostu berri bat ere sortu zaizu…
Hala da, bai. Orain arte Community Manager bezala ibili naiz lanean bi urtez, eta unibertsitateko irakasle izateko deitu zidatenean, alde batera utzi behar izan nuen. Orain, aldiz, badirudi hainbat lan tartekatzeko aukera izango dudala. Zorionez, TV3 telebista kateak otsaila amaieran estreinatuko duen programa berri bateko sare sozialak kudeatzeko kontratatu naute. Agentzia batean egongo naiz lanean. Oso-oso proiektu interesgarria da: lehen aldiz, telebista publiko batek Europa mailan ekoiztuko duen programa izango da, zeina Interneterako pentsatua izan den. Hori dela eta, sare sozialen presentziak eta erabilerak pisu handia izango du. Erronka oso garrantzitsua da, eta egia esan, estreinaldiaren egunerako irrikaz nago.

Dagoeneko Bartzelonan hainbat urte daramazu bizitzen. Bartzelona edo Amasa-Villabona nahiago? Zer da Bartzelonatik gustukoen duzuna?
Aurten sei urte egingo ditut Bartzelonan eta, egia esan, oso gustura nabil. Etxean bezala sentitzen naiz eta profesional bezala hemen hazi nahiko nuke. Amasa-Villabonara askotan etortzen naiz, Bartzelonako eguneroko bizitza estresatutik alde egin eta, gehienbat, etxekoak eta lagun-minak bisitatzeko. Oraintxe bertan ez dut nire burua herrian ikusten, gehienbat lan kontuengatik, nire lanbideak hiri handi batean bizitzera behartzen nauelako. Bartzelona bezalako hiri handi batek duen anonimotasun hori asko gustatzen zait. Herri txikietan denok ezagutzen dugu elkar eta askotan hiri handi batek eskaintzen dizun intimitate hori ere oso aberasgarria da. Beti sentitu izan naiz billabonatarra, baina hiri handiak oso gustuko ditut.

Etorkizunera begira zein asmo duzu?
Gauzak dauden bezala ikusita, maila profesionalean haztea eta heztea gustatuko litzaidake. Unibertsitatean zein Community Manager bezala jarraitu nahi dut lanean, gogor. Oraindik 25 urte baino ez ditut eta gauza asko dauzkat egiteko eta ikasteko. Oso pertsona baikorra naiz eta erronka eta proiektu berrien zain nago beti, eguneroko bizitza dibertigarria eta desberdina izan dadin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!