Zizurkilgo Udal liburutegiaren blog berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 14a, 09:09

2012ko udaberriaz geroztik Zizurkilgo Udal liburutegiak blog berria dauka: zizurkilgoliburutegia.wordpress.com. Haren erabilera aztertzeko Arantxa Zabala liburutegiko arduradunak hartu du hitza.

Zein helbururekin sortu zen bloga?
Blog berriaren aurretik, Eusko Jaurlaritzako ikastaroen bitartez sortutako beste bat bagenuen, baina Udaleko web orri berria sortzearekin batera, 2012ko udaberrian, Amaia Labaienen laguntzarekin sortu genuen blog berria. Gure helburua liburutegian egiten diren erosketen eta berrikuntzen berri ematea da, baita liburuak aholkatzea eta literatur munduarekin zerikusia duten albisteen berri ematea ere.

Zein motatako informazioa aurki daiteke bertan?
Zizurkilgo Udaleko web gune nagusian liburutegiko informazioa ere agertzen da, baina informazio orokorra da: ordutegiak, Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegien sareko katalogoa, etab. Blogean, berriz, informazio xeheagoa ematen da: momentuko jarduerak, liburu eta pelikulen proposamenak, nobedadeak…

Zure ustez, zergatik da garrantzitsua mota honetako informazioa sarean jartzea?

Ni ez naiz Internetaren belaunaldikoa. Baina gaur egun, bezero gazteak erakartzeko beraien esparrura mugitu beharra dago eta nire ustez, beharrezkoa da horrelako informazioa Interneten eskuragarri izatea. Aholkularitza, esaterako, belaunaldi jakin batetik aurrera, normalean, liburutegian bertan egiten dut, baina sarean egitea ere beharrezkoa dela uste dut. Hori bai, batak ezin du bestea ordezkatu, zerbitzua denei eman behar baitzaie.

Blogean liburuen proposamena ere egiten da.  Zein irizpiderekin?
Oraingoz, neronek aholkatzen ditut liburuak, baina nik ezin ditut liburutegiko liburu guztiak irakurrita eduki. Horregatik, irakurleen iritzia da kontuan gehien hartzen dudana. Gaur egun, gehien irakurtzen dena narratiba da, gaztelaniaz batez ere.

Jendeak liburuak aholkatzeko atari bat ere badago blogean. Zoritxarrez, ordea, hutsik dago…
Facebook-aren bitartez Ubare auzoan bizi den Macarena Sanchez zizurkildarra ezagutu nuen. Irakurle sutsua da eta irakurtzea merezi duten liburuekin blog bat osatu du. Gure blogean daukagun sail horretan jendeak parte hartzea zaila da eta beharbada gehiago iragarri beharko dugu.

Sare sozialetan ere liburutegiak badu presentzia. Ezagutzera ematen laguntzen al dute?
Niretzat aurkikuntza bat izan da. Herritarrekin harremana izaten duzu eta, aldi berean, jendeari liburutegia badagoela ohartarazteko balio du. Gainera, ez da bloga bezala. Blogean, literatur munduarekin zerikusia duen informazioa txertatzen dut. Sare sozialetan, aldiz, herriko ekitaldien berri, lanpostu eskaintzen berri, ikastaroen berri eta abarren berri ematen dut. Jendeak erantzuten duela ikustean, informazioa iristen dela konturatzen zara. Niretzat, oso esperientzia polita izaten ari da.

Zer da jendeak maileguan gehien hartzen duena?
Zalantzarik gabe, haur liburuak, ikus-entzunezko haurren DVDak eta helduen narratiba dira gehien mailegatzen direnak. Gaur egun libururik irakurrienak, 50 sombras de Grey, Twist, Ni,Vera eta En el país de la nube blanca dira. Pelikulak ere asko mailegatzen dira; film komertzialez gain, bestelakoak eskaintzen ere saiatzen naiz. Egun Criadas y señoras, La voz dormida, Intocable eta También la lluvia dira ikusienak.
Liburutegiaren funtzionamenduarekin, gainera, oso pozik nago azkenaldian. Zizurkilera jende berri asko etorri da bizitzera eta arratsaldeetan liburutegia bizirik egoten da. Horrez gain, krisiaren eraginez edo, konturatu naiz sekula etorri ez den jende askok eskatzen dituela liburuak, gero eta gehiago.

Abenduan liburu astea antolatzen duzue. Zer moduzko erantzuna izaten du?
Aurten, batez ere, liburu azokarekin oso gustura geratu gara. Lehen aldia zen antolatzen genuena eta emaitza oso positiboa izan zen. Oso material ona atera genuen, ia berriak zeuden liburuak ere bai. Guztira, 245 liburu saldu ziren, bakoitza euro baten truke, eta jasotako diruarekin pelikula berriak erosi ditugu.

Aurten, beraz, liburu azoka errepikatzeko asmotan?
Otsailean, Zer Ote? gehigarrian, herritarrei liburuak (hiztegiak eta entziklopediak ez) liburutegira ekartzeko deia egingo zaie, ondoren liburu azokan saldu ahal izateko. Jasotako materialaren arabera, liburu azoka bat edo bi egingo ditugu. Azken finean, azoka hau liburu trukea da, euro bat zerbait sinbolikoa baita, baina, bide batez, diru hori zerbait egiteko aprobetxa daiteke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!