75 lanpostu arriskuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 14a, 09:08

Zizurkilgo Huyck Wangner enpresa, lehen Perot izena zuena, itxi egin nahi dute 75 lagun kalean utzita. Hori salatu nahian, bertako langileek greba mugagabeari ekin diote. Urtarrilaren 28an Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan egindako prentsaurrekoan eman zuten egoeraren berri.

Egun, Huyck Wangner enpresa, estatubatuarren eta alemaniarren jabegoko Xerium izeneko multinazional baten esku dago; Multinazional honek Europan zehar hainbat lantegi ditu, tartean, Zizurkilgoa zeina 81 langilek osatzen duten.

Itxieraren berri
Urtarrilaren 21ean, astelehenez, enpresako kontseilariek eta hauen abokatuek Zizurkilgo lantegiko ordezkariak bilera batera deitu zituzten. Bertan, ustekabeko berria eman zieten: 81 langiletatik 75 kaleratuak izango zirela, hots, lantegia itxi egingo zutela. Donostian egindako bilera hartan emandako arrazoiak, nagusiki, bi izan ziren: alde batetik, papergintzaren sektorea eta multinazionalak jasaten ari diren krisia, eta bestetik, Zizurkilgo lantegian dagoen makineria zaharkituta dagoela eta hau eraberritzeko gehiegizko inbertsioa egin beharko litzatekeela (haien esanetan, 19 eta 24 milioi euro ingurukoa). Arrazoi horiek medio, Zizurkilen egiten den lana beste herrialde batzuetako lantegietara eramateko asmotan dira multinazionalaren jabeak, besteak beste, Austria eta Alemaniara.

Kontraesanak
Mikel Zabaleta ELA sindikatuko kidearen esanetan, “Zizurkilgo lantegiak urtero-urtero irabaziak ematen ditu. Besteak beste, 2012a oso urte ona izan da eta diru asko irabazi dute hemengo lantegiaren kontura”. Horrez gain, “produktibitate ratioak begiratuz gero, lantegirik hoberena Zizurkilgoa dela esan daiteke, hau da, langile bakoitzeko produkzio gehien duena”. Ixteko arrazoien artean makineria zaharraren aitzakia jarri bazuten ere, Zabaletaren esanetan, “hemengo makinen aldaketa aspaldi aurreikusia zegoen. Makineria dagoeneko amortizatuta dago eta urtez urte, lantegiak emandako irabaziez gain, diru kopuru jakin bat makineria berritzeko gordetzen joan dira”. Langileen iritziz, “lantegia husteko erabakia estrategikoa, onartezina eta lotsagarria da!”.

Segurtasun neurriak
Enpresako jabeek itxieraren aurrean neurri gogorrak hartu dituzte. Aitzina aipatutako bileraren aurreko astean, produkzio guztia atera zuten enpresatik. Horrez gain, enpresako sarreran segurtasun pribatua jarri dute eta langileek ere, dagoeneko, debekatua dute lantegira sartzea. Bestetik, enpresarekin harremana duen guztia moztu egin dute: Donostian zituzten abokatuen ordez Madrilgo abokatuak kontratatu dituzte, jarritako segurtasun pribatuko enpresa eta langileak ere kanpokoak dira, eta orain arte Zizurkilen egondako zuzendaritza ere, kaleratua izan da. Mikel Zabaletaren hitzetan, “bakarrik utzi nahi gaituzte, bitartekaririk gabe, baina ez gara bakarrik geratuko, ezta isilik ere!”.  

Salaketa
Egoera honi aurre egin nahian, hainbat ekintza burutu eta bitarteko desberdinak erabiltzeko asmoa dute Zizurkilgo Huyck Wangner lantegiko kideek. Legearen arabera, behin-betiko itxieraren aurretik, alde bateko zein besteko ordezkariek hiru bilera egin behar dituzte. Oraingoz, bakarra egin dute eta datozenetan negoziaketaren bideari ekingo diote. Bertan lortzen duten emaitzaren arabera, bide judiziala hasiko dute. Horrez gain, instituzioen inplikazioa ere bilatuko dute, “arazo honen aurrean zer esanik badutelako”, adierazi du Zabaletak.

Gizartearen babesa
Enpresaren itxiera geldiarazteko gizarteko eragile guztien babesa eta elkartasuna eskatu dute langileek: “Bakoitzak bere esparruan eta bere ahalmenaren arabera egin dezala ahal duena. Egoera zaila dago, baina bukaera ez dago idatzita, eta argi daukagu ez dugula etsiko azken aukera agortu arte”.

Ibilbide luzeko enpresa
Egun, Zizurkilgo lantegia Huyck Wangner, Xerium, multinazionalaren esku badago ere, garai batean Perot izandakoa, 1920an sortu zen, eta orain 35 urte ingurura arte Tolosako San Frantzisko etorbidean kokatzen zen. Egun bezalaxe, orduan ere, langileen %90 eskualdekoak ziren.
Jacinto Manso enpresako kideak adierazi duenez, “langileon babes falta salatu nahi dugu. Egungo espainiar gobernuak itxieren aurrean erraztasunak eman dizkie enpresaburuei. Zizurkilgo lantegi honetako langileen batez besteko adina 35 urtekoa da. Senar-emazteak, aita-semeak, ama-alabak ari dira bertan lanean. Ipurdi bistan utzi gaituzte. Gure aldetik eskerrak eman nahi dizkiegu hedabide guztiei eta baita Zizurkilgo Udalari ere, erakusten ari diren babesagatik”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!