2013rako aurrekontua, onartzear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 14a, 09:07

Adunako Udalak, dagoeneko, ia guztiz osatua du 2013rako aurrekontua eta otsailaren hasieran onartzea espero dute. Aurten, 2012an baino zertxobait txikiagoa aurreikusten dute, guztira, 1.260.000€ inguru.

2012ko aurrekontuetan Adunarako errepidearen zabalketa aurreikusita bazegoen ere, obrak honek atzerapenak izan ditu. Hori dela eta, obra gauzatzeko gastu hori 2013ko aurrekontuetan aurreikusi dute.

Hainbat eraberritze
2013rako zenbait inbertsio aurreikusi ditu Adunako Udal Gobernuak eta horretarako 470.000€ bideratu ditu inbertsioen atalera. Udan, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin, Adunatik Amasa-Villabonara jaisten den errepidea bi erraietara zabalduko dute. Eraberritze hori aprobetxatuz, Adunako Udalak oinezko zein bizikletentzako espaloi bat eraikiko du, zeinak 221.000? inguruko gastua izango duen. Obra honekin batera, Kamio inguruan aurreikusten diren etxebizitzetako urbanizazioaren zati bat ere egingo da. Horrez gain, Uparan industrialde inguruko bidea konpontzeko asmoa du Udalak, hala azaldu du Josu Amilibia alkateak: “Errepide horretan zulo asko dago eta gure asmoa aurten bide hori konpontzea da. Horretarako, 25.000€ aurreikusi ditugu”.  Bukatzeko, haurren lokal berrian ere inbertsioak egingo dituztela aipatu du Josu Amilibiak.

Zero zabor politika
2012ko irailean, lehen auzokonpostaje gunea jarri zuten Adunan, eskola ondoan hain zuzen. Zero zabor politikarekin jarraituz, hondakin sistemaren barruan hainbat inbertsio aurreikusi ditu Udalak. Besteak beste, konpostaje komunitarioaren bigarren gunea zabaltzeko asmoa dute, Amalkor kalean: “Dagoeneko materiala badaukagu. Foru Aldundiak %70eko diru-laguntza emango digu eta Udalak 9.000€ bideratu ditu horretarako”.

Internet sarea eta oroimen historikoa
Oroimen historikoaren inguruan hainbat lan egitea aurreikusten du Udalak: “Gure asmoa erresistentzia frankistaren nondik-norakoak aztertzea eta trintxerak berreskuratzea da. Bestalde, Udal artxibotik 36ko gerraren inguruan ateratako informazio eta dokumentu guztiekin zerbait prestatzeko asmoa dugu. Hau guztia egin ahal izateko, 20.000€ aurreikusi ditugu”, azaldu du Josuk. Bestetik, Internet sarea hobetu nahian eta herritarren eskuragarri jarri asmoz, aurten guifi.net sarearen muntaketari ekingo diote.

Diru-poltsa
Egungo egoera sozioekonomikoa ikusirik, 2013an, ordenantza bidez diru-poltsa bat osatzea du helburu Adunako Udalak: “Gure asmoa behar sozialetarako, eskolako jangelarako adibidez, diru-poltsa bat osatzea da. Hasteko, 5.000€ inguru jarri dugu aurrekontuetan, baina oraindik zehazteko eta lantzeko daukagu”.

Zorra
Askoren ardura eta zalantza izan ohi da, gaur egungo krisiaren harira sortu diren zor publikoen portzentajeak zein diren jakitea. Josu Amilibiak azaldu duenez, “Adunako Udalak defizit legea betetzen du eta egun daukagun zorra sostengarria da herriarentzat. Gainera, epe motzera ez da aurreikusten zor hori handitzerik. 2007az geroztik, Adunako Udalak mailegu bakarra eskatu du, 2011n hain zuzen. Urtero amortizatuz joan da eta 2008 urtean amortizazio potolo bat egin zuen. Honen guztiaren ondorioz, 2013ko abenduan, 2007ko abenduan baino 300.000€ gutxiagoko zorra izango dugu, hau da, %39 txikiagoa”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!