Egia bide, askatasuna amets lelopean burutuko da otsailaren 17an, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan ekitaldi politikoa. Helburua, torturaren erabilera sistematikoa eta haren ondorio tragikoak berriro ere agerian jartzea izango da. Eva Usandizaga, Udaleko zinegotziak azaldu duenez, “lehenik egia exijitzen dugu. Egia osoa, inor baztertuko ez duen egia, beren integritatean eta eskubideetan urraketa larriak pairatu dituzten pertsona askorengan gatazkak eragin dituen eta albo batera utziko ez dituen egia”.
Egun oraindik ere torturak egiten direla ere salatu nahi izan dute: “Bainuontzia, elektrodoak, kolpeak, garrasiak, flexioak, bortxaketak... Estatuak bere gain hartu behar du hainbat hamarkadaz luzatu den errealitate gordin horretan izan duen erantzukizuna”.
Bukatzeko, gure artean ez daudenak ere gogoan izan dituzte: “Haien ideiak ditugu gogoan, haien konpromisoa jaso eta Euskal Herriaren egungo eta etorkizuneko erronkekin eguneratzen dugu. Horretarako, datorren igandean Zizurkilen egingo den torturaren aurkako ekitaldian parte hartzeko deia egiten diogu gizarte osoari”.