Laugarren urtez, Urnietako Udalak Sahararako elikadura bilketa kanpainan parte hartu du, eta aurten 360 kilo inguru jaso dira orotara. Bildutako guztia Donostian dagoen Sahararen Aldeko Euskal Koordinadoraren biltegira eraman da, eta otsailaren 16an Euskal Herritik Saharara abiatuko den karabanan joango da urnietarrek emandako materiala ere: besteak beste, azukrea, arroza, pasta, lekak, hegaluzeak eta sardinak oliotan, konpresak eta helduentzako pixoihalak jaso dira.
"Urnietarrei gure eskerrik beroena adierazi nahi diegu, beste behin Saharako herritarrekiko euren solidaritatea modu batera edo bestera agertu dutelako", azaldu dute Udaletik. Produktuak paketetan sartzera gerturatutako jende kopurua ere azpimarratu nahi izan dute, "horiei guztiei esker, ordu erdi batean sailkatze eta enpaketatze lanak bukatuak genituen".