Korrikaren aldeko egun ederra Adunan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 5a, 11:01

Otsailaren 2an, larunbatarekin, ospatu zuten Korrikaren aldeko eguna Adunan. Eguraldi txarraren eraginez, zenbait ekitaldi bertan behera utzi beharra izan bazuten ere, giro ederrean pasa zuten eguna. Film emanaldia, pilota jokoak, material salmenta, bazkaria, mus txapelketa..., denetarik izan zuten gozagarri.

Adunako  hainbat eragilek osatu du Korrika batzordea; Udala, Gazteak, Txulobi elkartea, Muxkil Kultur elkartea, Basopeta Guraso elkartea eta ezker abertzalea. Guztien artean antolatu zuten Korrikaren aldeko eguna.

Hainbat herritarrek hartu zuen parte, nahiz eta eguraldi txarraren eraginez zenbait ekitalde  bertan behera utzi beharra izan zuten.

Goizerako antolatuta zegoen Ikurrinaren aldeko mendi martxa, esaterako, ez zen egin kazkabar erausien ondorioz. Horren ordez,  pilotarekin  txokoketan  ibili ziren, pilotalekuan.

Kultur aretoan, herritarrek egindako "Upelera" antzezlanaren inguruko pelikula ikusteko aukera eskaini zuten.

Ekitaldiek aurrera egiten zuten bitartean, gainera, Korrikaren aldeko material salmenta egin zuten udaletxe azpiko kontsejuan.

Bazkarlordua iritsita, giro jatorrean ederki bazkaltzeko aukera eduki zuten bertaratu ziren herritarrok, “Txulobi” elkartean.

Arratsalde partean, Mus Txapelketa Jokatu zuten eta parte hartu zuten bikoteen artean, Justino Zubeldia eta Dabid Miangok, osatutako bikotea izan zen irabazle. Alejandro Madinabeitia eta Patxi Olasagasti izan ziren azpitxapeldunak. Honenbestez, Adunako bikote bat pasako da eskualdean jokatuko den kanporaketara.

Giro paregabean amaitu zuten Korrikaren aldeko eguna.

Aurrera begira, badute Korrika Batzordetik  ekimen gehiago antolatzeko asmoa,  Loatzo musika eskolarekin  eta herriko eskolarekin elkarlanean; Korrika txikia, musika emanaldia, merendola…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!