Abian da XIX. Antia Literatur Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 4a, 12:37

Lanak  martxoaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dira Urnietako Udalean edo Lekaio kultur etxean

On Manuel Antonio Antia Literatur Lehiaketaren XIX. edizioa abian jarri berri du Urnietako Udalak, eta lanak aurkezteko epea zabaldu du, martxoaren 8ra bitarte luzatuko dena.

Helduen kategorian, 16 urtetik gorakoei zuzendua, 8 eta 20 orrialde bitarteko lanak aurkeztu beharko dituzte parte-hartzaileek, eta 1.500 eta 900 euroko bi sari egongo dira. Gazteen kategorian Urnietan erroldatuta dauden edota herriko eskola bateko ikasle diren 12 eta 16 urte bitarteko gazteek har dezakete parte; hauek aurkeztu beharreko lanek 3 eta 8 orrialde bitartean izan beharko dituzte, eta 600, 360 eta 80 euroko hiru sari banatuko dira. Azkenik, haurren kategorian 12 urtetik beherako umeak sartuko dira, gazteen kasuan bezala, Urnietan erroldatuta daudenak edota herriko ikastetxe bateko ikasle direnak. Hauen lanek gutxienez 2 orrialde izango dituzte gehienez 4, eta 200, 120 eta 70 euroko hiru sari banatuko dira.

Esanda bezala, martxoaren 8a izango da lanak aurkezteko azken eguna. Urnietako Udalean edota Lekaio kultur etxean jasoko dira; nahi duenak postaz bidaltzeko aukera ere badu. Lehiakide bakoitzak lanaren hiru kopia aurkeztu beharko ditu, egileren daturik gabe eta gutun-azal itxi batean sartuta. Gutun-azal horren barruan eta aparteko kartazal itxi batean ohar bat sartuko da, egilearen NANa eta izen-abizenak adieraziz.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, azken erabakia apirilaren 25ean emango da ezagutzera komunikabideen bitartez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!