'Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna' iragartzeko kartelak aurkezteko epea ostiral honetan, otsailaren 8an amaituko da.
Andoain, Aduna, Asteasu, Villabona, Larraul eta Zizurkilgo 16 urtetik gorako edozein herritarrek har dezake parte lehiaketan. Kartelek 65 zentimetroko altuera eta 31ko zabalera izango dute, eta neurri horietan edo horien proportzioan aurkeztu beharko dira. Testua, berriz, honakoa izango da: "Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna. Andoain 2013". Lehiakide bakoitzak ezingo ditu hiru lan baino gehiago aurkeztu.
Esanda bezala, ostiral hau izango da lanak aurkezteko azken eguna. Bastero kulturgunera eraman beharko dira 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Lan bakoitzarekin kartazal bat aurkeztu beharko da. Kartazalaren barruan autorearen izen-deiturak, helbidea eta telefono zenbakia adieraziko dira, eta kartazalaren kanpoaldean eta kartelaren atzealdean, egilearen adina eta aurkeztutako lanaren lema. 300 euroko sari bakarra egongo da, eta saritutako lana Andoaingo Udalaren jabetzapean geratuko da.