Korrika Kulturala aurkeztu du Korrika batzordeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 2a, 10:08

Martxoaren 14an Korrika 18 abiatu baino bi aste lehenago hasiko da, eta egun horretarako ere egitarau berezia prestatu dute.

Martxoaren 2an hasiko da gaztetxean egingo den kontzertuarekin. Astebete geroago, berriz, Korrika eguna ospatuko da Andoainen. Goizean kuestazioa eta materiala saltzeko mahaia jarriko dira merkatuan. Arratsalderako kazuela lehiaketa eta kantu-kalejira antolatu dira, eta gauean afaria egingo da Arrate pilotalekuan: bertsolariak eta txapalartariak eurekin izango dituzte, eta Mihiluze tankerako proba bat prestatzeko asmoa ere azaldu dute antolatzaileek.

 

Martxoak 14

Esan bezala, Korrika 18 Andoaindik abiatuko da martxoaren 14an, eta egun horretarako hainbat ekimen antolatu ditu Korrika batzordeak. Goizean Korrika txikia eta gaztea egingo da. Bazkalostean, berriz, Goikoplazan jarri dute hitzordua buruhandiekin eta erraldoien, trikitilariekin, bertsolariekin..., handik denak Martin Ugalde parkera gerturatzeko. Bertan egingo da arratsaldeko 16:00etan Korrika 18ren hasiera ekitaldia, eta 16:30ean abiatuko da, toki beretik. Ondoren, txarangarekin berriz ere Goikoplazara igoko dira, kontzertua antolatu baita bertan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!