Amasa-Villabonako Udalak Peroteko langileen manifestazioa babestu du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 1a, 17:33

Amasa-Villabonako Udalak ondorengo idatziaren bidez, Peroteko langileen manifestazioa babestu du. Hona hemen argitaratu duen idatzia:

Joan den urtarrilaren 21ean, Zizurkilgo Huyck. Wangner lantegiko–Perot bezala ezagutzen dena- langileei, enpresaren abokatuen bidez, jakinarazi zitzaien talde enpresarialak Zizurkilgo fabrika ixteko asmoa duela, bertako produkzioa beste leku batera eramateko. Erabaki horrek ez du inolako zentzurik, izan ere, egun multinazional horrek Zizurkilen duen egoitza guztiz bidegarria da. Egiaz, taldeak dituen beste lantegiekin alderatuz gero, errentagarriena ere bada betidanik Perot bezala ezagutu izan den fabrika hori.

 

Bidegabekeria horren aurka, mobilizazioa

Bidegabekeria honek, beste behin agerian uzten du alderdi popularrak Euskal Herriari ezartzen dizkion politika ekonomikoek amildegira garamatzatela. Besteak beste, Raxoiren gobernuak inposatutako lan erreformak, orain bizi dugun egoerara  eraman gaitu. Erreforma horren ondorio lazgarriak pairatzen ari gara: fabrika zizurkildarra guztiz bideragarria izan arren, talde enpresarialaren balantze ekonomikoa txukuntzeko, langileak kaleratzeko erabakia hartu dute, kaleratze horiek oso merke ateratzen baitzaizkie.

 

Testuinguru horretan, Villabonako Udal gobernuak  dei egin nahi die herritar guztiei, gehiegikeria honi erantzun bateratua emateko, egingo diren mobilizazioetan parte hartuz. Lehenengoa Tolosako Trianguloan izango da, larunbat honetan, otsailak 2, eguerdiko 12:00etan. Zatoz bidegabekeria hori salatzera!

 

Villabonako Udal Gobernua

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!