Amasa-Villabonan auzokonposta egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko ots. 1a, 14:57

Gaur goizean udaletxeko batzar aretoan eskainitako prentsaurrekoan, martxan jartzeko asmoa duten auzokonpostaren berri eman dute, Rosa Arregi ingurumen zinegotziak eta Alaitz Bilbao ingurumen teknikariak. 

Onartu berri diren 2013ko aurrekontuetan guztira 125.000 euro bideratuko dira Zero Zabor politikan sakontzeko. Politika horren barruan, auzokonpostaren aldeko apustua egin du Udalak. Horretarako, herrian zenbait gune jarriko ditu: “Konpostatzeak hondakin organikoa ongarri bihurtzea suposatzen du, baina guztiok ez dugu aukera etxean autokonposta egiteko. Horregatik, bizilagunen artean eremu publiko bat horretarako egokituz, autokonpostatze bateratua egiteko aukera emango dute zabalduko diren gune horiek. Amasa-Villabonako udalak beharrezkoak diren material guztiak erraztuko ditu eta modu egokian egiten denaren jarraipena egingo du”, azaldu du Rosa Arregik.

Izena emateko baldintzak eta epeak

Auzokonpostan parte hartu nahi izanez gero, otsailaren 4tik 22ra bitartean izena eman beharko da 943692100 telefonora deituz edo Udal bulegoetara hurbilduz. Izena emateko, ordea, hainbat balditza bete behar dira: Amasa-Villabonan erroldatuta egotea, antolatuko den ikastaroan parte hartzea eta eskaera etxebizitzaren jabearen izenean egitea.

Orain hasteko aukera izena ematen duten lehenengo 60 familiek izango dute. Gainontzekoak itxaron zerrenda batera pasako dira eta datozen hilabeteetan hasi ahal izango dute. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!