Euskal Herriko Sagardoaren Ibilbidea ekimenaren barnean kokatzen da Aburuzak prestatutako eskaintza berria. Tolosa Gourmet egitasmoaren babesa izan dute horretarako, baita Adunako Udalarena ere.
Ordubeteko bisitaldia
Josu Aburuza, sagardotegiko arduradunetako bat da: “Kanpotik etorritakoentzat nahiz bertakoentzat prestatutako eskaintza da gurea. Familiak, koadrilak, gazteak, helduak..., denentzat egokitutako bisitaldia da. Guztiok dakigu txotx garaia zer den. Guk, ordea, barrura sartu nahi dugu; sagardotegiko muinak erakutsi. Horretarako, sagardoaren prozesu osoa azaldu nahi dugu: sagastiak erakutsi, sagarrondo ezberdinen inguruko azalpenak eman, sagarra garbitu eta txikitzeko lana, zukua ateratzeko prozesua, sagardoaren irakitea, nahasketak,... Ordubete inguruko bisitaldia prestatu dugu horretarako. Amaitutakoan, sagardo dastaketa egingo dugu: Aburuzako sagardoa eta Eusko Label kalitatea duen Aduna sagardoa probatu eta bien arteko aldea zein den ezagutzeko aukera eskainiko dugu. Hala nahi duenak, bertan otordua egiteko aukera ere izango du”.
Euskal kultura
Josu Amilibia Adunako alkateak ere hitz egin zuen Aburuza sagardotegiaren eskaintza berriaren inguruan: “Aduna herri txikia izanik, sagardotegi mapan kokatuta dago duela urte asko. Horrek, herriari bizitza berezia ematen dio eta herriaren izena kanpora zabaltzen ere laguntzen du. Udaletik, sagardotegien tradizio hori bultzatu eta laguntzeko apustua egin nahi dugu. Etorkizunari begira, turismo eskaintza berria sortu dute eta oso interesagarria iruditzen zaigu eman duten pauso hau. Euren produktua merkaturatzeko aukera berria ekarriko die honek, baina euskal kulturaren zati bat zabaltzeko bide berria ere izango da. Bestalde, Aburuza sagardotegiko kideek ardura handia erakutsi dute herrian egiten den hainbat ekimeni euren babesa eskainiz”.
Lehen sagardotegia
Sagardo esperientziak izeneko ekimenaren barnean kokatzen da Aburuzaren eskaintza berria. Arantxa Eguzkitza, Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko lehendakaria da: “Sagardogileok beste ate bat ireki dugu. Hamar sagardotegi hasi gara urrats hori jorratu nahian eta Aburuza izan da bere eskaintza turistikoa aurkezten eta martxan jartzen lehena. Aburuzako kideek, ziur asko, naturalki erakutsi izan dute nola egiten duen sagardoa; bezeroei, lagunei edota bisitariei. Gure instalakuntzak, sagastiak edota prozesua erakusteko ohitura izan dugu sagardogileok. Orain, eskaintza hori ekimen antolatu batean aurkeztu du Aburuzak. Eta bere eskaintza ez da instalakuntzak erakuste hutsean geratzen. Eurek bizi dutena, euren historia erakutsiko dute. Euskal kulturan oso errotua dago sagardoa eta guri tokatzen zaigu hori guztia zabaltzea eta erakustea”, azaldu du Arantxak.
Tolosaldea Garatzeneko Turismo saileko ordezkari den Olatz Illarregik ere hartu zuen hitza aurkezpen ekitaldian: “Sagardotegiek jende asko erakartzen dute, eta oso paper garrantzitsua betetzen dute turismoari dagokionez. Enpresa pribatuek ekonomia mugitzen dute eta onura handiak ekartzen dituzte eskualdera, bai zuzenean baita zeharka ere. Hori horrela, erakunde publiko eta enpresa pribatuen arteko elkar laguntza sustatu nahi dugu guztion onurarako. Helburu horrekin sortu zen Tolosa Gourmet kluba. Aburuza bezalako enpresek gure laguntza guztia izango dute horrelako ekimenak aurrera eramateko”.
Bisitaldi gidatuak, Aburuza sagardotegian
Ordutegia:
Astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 20:00etara.
Larunbata 12:30etatik 13:30etara eta 19:00etatik 20:00etara.
Erreserbak egiteko:
- 943 692 452 telefono zenbakira deitu edota aburuza@sidrasaburuza.net helbidera idatzita.
- Ez da beharrezkoa izango gutxieneko taldea osatzea, eta azalpenak euskaraz eta gazteleraz emango dira.
- Beste hizkuntzetan egiteko (frantsesa, ingelesa...) gutxienez 20 laguneko taldeak antolatu behar dira.
- Talde handientzako, beste egun eta ordu batzuetan bisitaldiak antolatzeko aukera izango da.