Bertsoak eta musika uztartuz, bi talde desberdinekin zabiltza gitarra jotzen…
Halaxe da. Biekin bertso musikatuak egiten ditugu, baina oso era desberdinean. 1992an baxua joaz berbena taldeekin hasi nintzen eta 20 urte hauetan beste talde batzuekin ere jo izan dut, baina orain bospasei urte kantagintzarako grina sortu zitzaidan. Horrela, Eñaut Agirre bertsozale eta bertsolari hernaniarra ezagutu nuen. Poliki-poliki bertso musikatuak egiten hasi ginen: Eñaut Agirre, Imanol Kamio piano-jolea eta neroni. Bertso elkartearen hainbat enkargu egin izan ditugu eta bertsozale egunean ere Kursaalean jo genuen, baina sekula ez genuen ekimena aurrerago eraman, egun jakinetarako soilik elkartzen ginen. Irailean, ordea, ‘Historiaren hari zahar horri’ izeneko emanaldia jarri genuen martxan.
Bigarren taldearen proiektua, berriz, bertsozale eguneko emanaldiaren ondorio izan zen. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek aspaldidanik zuten bertso musikatuekin emanaldiren bat eskaintzeko nahia. Horrela, gurekin harremanetan jarri ziren eta datorren otsailaren 2an, larunbatez, Andoaingo Basteron ‘Ez gara Palestinaz ari’ izeneko ikuskizuna estreinatuko dugu.
Zer kontatzen da emanaldi horretan?
Gaur egungo bertso saioetako gaietan ohikoa izaten da bertsolaria objektuen pare jartzea. Esaterako: Zu, Unai, arkatza zara, eta zu, Ander, ezabagoma… Hau pixka bat baztertu eta pertsonon bizipen, oroitzapen eta esperientzietan oinarritzen da ikuskizuna; haurtzaroan bizitako esperientzietatik hasi eta gaurdaino bizitakoetan. Hortik dator emanaldiaren izena ere: ‘Ez gara Palestinaz ari’, gutaz baizik.
Emanaldia aurrez idatzitako bertso sorta desberdinez osatua dago. Sorta bakoitza kantatu egiten da, pianoaren edo eskusoinuaren eta gitarraren laguntzaz. Emanaldiak, ordea, gidoi bat jarraitzen du. Horrela, esketx edo bertso sorta batzuetan testuingurua markatzeko off ahotsa erabiltzen dugu eta beste batzuetan olerki moduko errezitaldi txikiak egiten dira. Horrez gain, bideoak eta antzerkia ere ikus daitezke.
Bideoak, antzerkia eta esketxak aipatu dituzu. Horien inguruan zerbait aurreratzerik bai?
Ander eta Unai bertsolariak izango dira antzezleak. Ordu eta erdi inguruko emanaldia da eta orotariko 8-10 esketxek osatzen dute. Bada tartean pertsonon Niaren inguruko esketx bat: bertan bideo bat proiektatzen da, zeinean Asier Odriozolak, Amaia Vazquezek, Anjel Alkainek eta Pirritx eta Porrotx pailazoek hartzen duten parte. Emanaldia haurtzaro gogor eta iluneko pasadizoetatik hasten bada ere, umorerik ez du falta. Eta horraino irakur dezaket…
Orain arte bertso musikatuak eta bertso antzeztuak ere egin izan dira. Zure ustez, ‘Ez gara Palestinaz ari’ emanaldiak zer du besteek ez dutenik?
Oso emanaldi osatua da. Gaia bera berezia da, oso pertsonala, eta, horrez gain, kantalditik asko duela esango nuke, musika eta irudia ere uztartuz. Bertsoak kantura ekartzen ere saiatu gara eta bi ahotsetara ere abesten dute. Zerbait partikularra baduela esango nuke. Ikuspuntu positiboa dauka eta zer pentsatua ematen du. Gainera, antzerkia, kantua eta irudiak nahasten direnez oso emanaldi atsegina eta arina da.
‘Historiaren hari zahar horri’ emanaldia ere bertso musikatuetan oinarritzen da. Zer desberdintasun dute batak eta besteak?
Emanaldi hau erabat bertsozale direnentzako da. Bertso antologia bat egiten dugu. 29 doinu desberdinekin historian zehar izan diren bertsolari ezagunen bertsoak abesten ditu Eñaut Agirrek. Besteak beste, Uztapideren, Lazkao Txikirenak eta Txirritarenak. Horrez gain, emanaldia eskaintzen dugun herri bakoitzerako bertso bereziak prestatzen ditugu edota bertako bertso eskolei esaten diegu prestatzeko. Bertsozale direnak txoratzen geratzen dira. Emanaldi honen oinarria bertsoaren historia erakustea da: soziologia bat azaltzen du, gure izaerari erreferentzia egiten dio. Materiala izugarri dago Xenpelar dokumentazio zentroan, baina inork ez du aprobetxatzen.
Emanaldiak
‘Ez gara Palestinaz ari’
Otsailak 2: Andoain (Bastero).
Martxoak 1: Oiartzun.
Apirilak 19, Larraul.
‘Historiaren hari zahar horri’
Otsailak 16: Itziar.