Santa Agedako errondarako entseguak hilaren 29an eta 31n

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 24a, 09:25

Pio Baroja kalean dagoen Ambrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen atarian egingo dira, iluntzeko 20:00etan. Ramon Beraza musikariaren zuzendaritzapean prestatuko dituzte koplak eta kantak.

Urtero bezala, aurten ere Manuel Larramendi Kultur Bazkunak otsailaren 4an Santa Ageda bezperako erronda antolatuko du, herriko beste elkarte, ikastetxe eta talderen partaidetzarekin. Urtero-urtero ehun lagun inguruk ematen dio errondari hasieran Larramendi Bazkunaren Dr. Huizi kaleko egoitzaren parean, behin bertako mastan Santa Ageda eguna Euskal Herriko eguna dela gogorarazten duen ikurriña lau haizeetara ipini ondoren. Arratsaldeko seietatik aurrera herriko kaleetan barrena ibili ohi dira Santa Ageda bezperako koplak kantari, baita neguko Otso beltzarenak ere. Zortzi eta erdiak aldera eman ohi diote amaiera errondari.

Santa Ageda bezpera iritsi aurreko egunetan parte hartuko duten askok koplak eta kantak prestatzen dituzte Ramon Beraza musikariaren zuzendaritzapean. Aurten, ahotsak, kantak eta soinuak prestatzeko bi saio egingo dituzte: urtarrilaren 29an izango da lehenengoa, asteartearekin, iluntzeko 20:00etan Pio Baroja kalean dagoen Ambrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen atarian. Bigarrena eta azkena, toki eta ordu berean, urtarrilaren 31n izango da, ostegunarekin.

Larramendi Bazkunetik adierazi dutenez, edozein herritarrek parte har dezake errondan, tradizioak agintzen duen bezala janztea eta kantatzea dira jartzen diren bi baldintzak, eta ahal dela -hori bai- entseguetara joatea. Garrantzi handikotzat dute andoaindarrek etxeetako leihoetatik diru-mozkina maindirera botaz egin duten ekarpena ere. Aurten, bereziki eskertuko duten andoaindarren eskuzabaltasun ekonomikoa. 

Erronda amaitu ondoren afaria egingo dute Berrozpeko Ontza elkartean aurretik izena eman dutenek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!