Urtarrilaren 28tik otsailaren 1era konpartsen desfilean izena emateko epea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 23a, 16:48

Aurten, 10 partaidetik beherako konpartsek desfilean parte hartu ahal izango dute, baita diru-laguntzak jaso ere.

Otsailaren 9an, larunbatez, Andoainen egingo den konpartsen desfilean parte hartu nahi duten talde, elkarte eta koadrilek urtarrilaren 28tik otsailaren 1era izango dute izena emateko aukera.

Kultura batzordeak jakinarazi duenez, aurten 10 partaidetik beherako konpartsek ere parte hartzeko aukera izango dute, baita diru-laguntzak jasotzeko ere. Bi baldintza bete beharko dituzte horretarako: taldeko kideak 16 urtetik gorakoak izatea eta taldekide guztiak gai beraren inguruan edo berdin jantzita ateratzea.

Talde txikiek, izena ematerakoan, desfilean leku finko bat behar duten edota, oztopatzen ez duen neurrian, gora eta behera ibiliko diren adierazi beharko dute. Beti ere, desfilean parte hartzeko izena eman eta ikusgarri egon beharko du diru-laguntza jaso ahal izateko. Bestalde, talde txiki hauen diru-laguntza kalkulatzeko ondoren zehazten diren irizpideak hartuko dira kontuan: partaide kopurua, gurpilak dituen tramankuluren bat eramatea eta megafonia eramatea.

Esan bezala, izena eman nahi dutenek urtarrilaren 28tik otsailaren 1era izango dute horretarako aukera Bastero kulturgunean 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Horrez gain, otsailaren 5ean konpartsen desfilearen antolaketa bilera egingo da, talde bakoitzaren hurrenkera erabakitzeko. Bilera Urigain kultur etxean egingo da arratsaldeko 19:00etan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!