Olaederra Fight Club taldea markak lortuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 21a, 12:22

Orain bi urte inguru sortu zen Olaederra Fight Club-a, arte martzialak oinarri hartuta. Orduz geroztik taldea handituz joan da eta bertako kideek hainbat txapelketa ere irabazi dute. Taldekide den Imanol Lucero billabonatarrak hartu du hitza.

Olaederra Fight Club-ak Wushua du ardatz. Zer da zehazki Wushua?
Txinako arte martzial guztien batuketa da. Bertan sartzen dira, besteak beste, Taichia, Quinda eta Sanda. Azken hau 18 eta 35 urte artean dituztenekin praktikatzen da. 15 eta 17 urte bitartekoek, berriz, Quinda praktikatzen dute.

Nondik datorkizu kirol hau praktikatzeko zaletasuna?
Nire aita boxeolaria zen eta berak sartu zidan odolean zaletasuna. Horrela, 16 urterekin Tolosako Indar gimnasioan hasi nintzen, 28 urte bete arte. Bertan Sandarekin hasi nintzen. Horrela, orain bi urte inguru lau lagun elkartu eta Olaederra Fight Club-a sortu genuen. Borrokatzen hasi banintzen ere, ardura pertsonalak zirela eta utzi egin behar izan nuen, eta orain irakasle lanetan nabil.   

Non eta nola jokatzen dira kirol hauek?
Sanda eta Quinda 8X8 tamainako tatami batean praktikatzen dira eta Sanda profesionala, berriz, ring batean. Normalean bi minutuko hiru asalto izaten dira eta puntuen bidez puntuatzen da. Sanda modalitatean KO baten bidez irabaz liteke, baina Quindan ezin da KO-rik egin. Saskibaloian gertatzen den bezala, puntuazio berezi bat dago. Kolpeak non ematen diren kontatzen da, leku batzuetan emateak gehiago puntuatzen du. Borrokatzeko garaian, adinaz gain pisua ere hartzen da kontuan.

Txapelketa batzuetan hartu duzue parte eta gainera marka onak lortu…
Momentu honetan taldeak 28 bazkide ditu, baina borrokatzen 16-17 ari dira. Urtero, Euskadiko, Euskal Herriko, Nafarroako eta Espainiako txapelketetan hartzen dugu parte eta, horrez gain, baita antolatzen diren emanaldi desberdinetan ere. 2011n marka paregabeak lortu genituen. Euskal Herriko txapelketan Quinda modalitatean Oscar Oronoz izan zen txapelduna eta Denis Martin, berriz, hirugarren geratu zen. Bestetik, Espainiako txapelketan, Sanda modalitatean Eneritz Iturzaeta billabonatarrak bigarren postua lortu zuen eta Ivan Morenok emanaldi batean irabazi zuen Sanda Semi profesionalean. Horrez gain, 2012an Nafarroako txapelketa Denis Martinek irabazi zuen eta Ander Xabier Txaparro izan zen bigarren. Azken hauek Espainiako podiuma ere bete zuten: Denis Martin izan zen txapelduna eta Ander Txaparro azpi-txapelduna.

Neska zein mutilentzat egokia den kirola al da?
Dudarik gabe. Nire ustez, matxismo asko dago oraindik kirolei dagokienean. Kirol hau oso osatua da, konfiantza handia lortzen laguntzen du. Jendeak kirol hau oso oldarkorra dela uste du, baina oker dago. Nik hamabi urte daramat kirol hau praktikatzen eta sekula ez dut lesiorik izan. Kontua probatzea da, oso propaganda txarra duen kirola da, baina jendea gurekin astebetez probatzera animatu nahi dut. Ez da beharrezkoa lehiatzen ibiltzea, defentsa pertsonala ere erakusten baitugu.

Aurrera begira jarraitzeko asmorik bai?
Zaila dagoen arren, dudarik gabe aurrera egiteko asmotan gara. Nire aldetik jendea entrenamenduetara hurbil dadin animatu nahi dut. Olaederran entrenatzen dugu astearte, ostegun eta ostiraletan arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiet Iñigo Garciari, beragatik ez balitz honek ez lukeelako funtzionatuko, eta nire maisua den Txuruni. Diru-laguntza gutxirekin proiektu polit bat aurrera ateratzen ari gara eta gustura gaude.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!