Teodoro Hernandorena Ipuin Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 21a, 12:20

Zizurkilgo Udaleko Euskara sailak, Andoain, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Larraul eta Zizurkilgo herritarren artean idazteko zaletasuna sustatu nahian, Teodoro Hernandorena Ipuin Lehiaketaren hamaikagarren edizioa antolatu zuen 2012ko urte amaierarako. 

Sari banaketa ekitaldia Zizurkilgo liburu astearen baitan egin zen Atxulondo kultur etxean, abenduaren 20an. 314 ipuin aurkeztu ziren guztira lehiaketara. Epaimahaiak hartutako erabakiaren arabera, ondorengoak izan ziren sarituak:

A maila  (6-8 urte)
    1. saria: Gorka Duran Villar: ‘Aitonaren makina’.
    2. saria: Nerea Esteban: ‘Hegan egiten zuen neskatoa’ .

B maila  (9-11 urte)
    1. saria: Mirari Ucin Irasuegi: ‘Hondartza eguna’.
    2. saria: Unai Otxoa Fernandez: ‘Arkatza eta borragoma’ .
    Aipamen berezia: Maddi Etxeberria Barandiaran: ‘Ez dago lagun bat bezalakorik’ .

C maila  (12-13 urte)
    1. saria: Oihane Moreira Aranburu: ‘Nire amonaren ohorez’.
    2. saria: Maider Arano Saldias: ‘Anai arrebak betirako’.

D maila  (14-16 urte)
Inoiz den gertatu ez den zerbait izan da: hainbeste ipuinen artean Ariane Obineta Gorostidik eskuratu ditu bi sariak: ‘Gailur gorena zapaldu’ eta ‘Ich liebe dich’ lanekin.

E maila (17 urtetik aurrera)
    1. saria: Ixiar Irulegi
Garmendia: ‘Izpirituak
ikusten, aluzinatzen,
imajinatzen’ .
    2. saria: Maider Garin Baquero: ‘Pekatxoak’.


Maider Garin, Teodoro Hernandorena Ipuin Lehiaketan saritua

E mailan bigarren saria eskuratu zuen Maider Garin zizurkildarrak.
18 urte besterik ez baditu ere, talenturik ez zaio falta.

Zer dela eta erabaki zenuen ipuin lehiaketan parte hartzea?
Idaztea asko gustatzen zait. Normalean, paragrafo bat bada ere, egunero idazten dut: asko lasaitzen nau. Hala ere, amak animatu ninduen parte hartzera. Lehiaketa batean parte hartzen dudan lehenengo aldia izan da, eta inondik-inora ez nuen espero saritua izatea, nire ipuina irakurri zuten askok ez baitzuten ulertu.

Zein izan zen kontakizuna ez ulertzearen arrazoia?
Sentimenduak islatzen dituen ipuina da eta ondo ulertzeko pare bat aldiz irakurri beharra dago, patxadaz. Akaso, astuna ere egin liteke.

Zer kontatzen da ‘Pekatxoak’ izeneko ipuinean?
Bikote gazte batek motoan istripua izaten du: mutila hil egiten da eta neska itsu geratzen da. Kontakizunean neskak bizitzari aurre nola egiten dion agertzen da, bere egoera berriaren egokitzapena, etab. Kontua da, ipuinaren hasieran neska honek tatuaia bat egin nahi duela, eta guztia pasa ondoren eta ezbeharra gainditu ondoren, amona mantangorri baten tatuaia egiten du. Marigorringo horren pekatxo edo puntu bakoitzak bizitzan gertatutako jazoerak islatzen ditu. Azken finean, neska honek istripuan ikusmena eta mutil-laguna galdu ditu eta nahiz eta gertaera atzean geratu, beti berarekin eraman beharko du, pekatxo bat bezalaxe.

Zertan oinarritzen zara ipuin bat idazterako orduan?
Normalean imajinazioari uzten diot tartea, baina inguruko gertaerek eta jazotako esperientziek ere asko laguntzen dute. ‘Pekatxoak’ kontakizuna idazteko ideia, esaterako, lagun artean sortutako elkarrizketa batetik abiatu zen. Itsu edo gor geratzekotan askok gor geratzea nahiago zutela esaten zuten eta nik, berriz, itsutzea nahiago nuela; soinuaren bitartez jasotzen dena barnerago iristen baitzait niri. Horregatik, kontakizunean ere soinuari izugarrizko garrantzia ematen diot.

Zenbat denbora behar izan zenuen Pekatxoak idazteko? Irakurtzeko aukerarik izango al da?
Guztira bi hilabete eman nuen: egun batzuetan asko idatziz eta besteetan batere ez.
Lehiaketan saritutako lanekin bilduma txiki bat egiteko asmoa dutela uste dut eta ondoren, bilduma hori ikastetxeetan banatzekoa.

Aurrera begira beste lehiaketaren batean parte hartzeko asmorik ba al duzu?
Egia esan, lehiaketa honetan saritua izateak asko motibatu nau eta aurrerantzean aukerarik aurkitzen badut behintzat, aurkeztuko naiz, zergatik ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!