Etxe kaleratzeen aurkako Andoaingo Plataforma Herrikoiak deituta, joan den larunbatean bilkura egin zen Kutxak Eskola kalean daukan egoitzaren aurrean. Hainbat lema oihukatu zituzten bertan bildutakoek, besteak beste: "Ez, ez, ez, kaleratzerik ez", "Basta ya, ni una muerte más", "Kutxa, lapurrak", "Estamos de ladrones hasta los cojones y de mercenarios hasta los ovarios", "Todos los deshaucios los vamos a parar", "Ni casa sin gente, ni gente sin casa".
Parte-hartzaileen artean, Andoaingo Bilduko, PSE-EEko eta EAJko zinegotzi ugari ikusi ahal izan ziren. Ordu erdiko bilkura egin ostean, honako idatzia irakurri zen euskaraz zein gazteleraz:
"Etxerik gabe inor gehiago ez
Lezo kalean akanpatuta dauden familiekin solidarizatzen gara, beren kaleratzea injustizia soziala dela iruditzen zaigulako. Beren egoera gero eta ohikoagoa da kaleratu izan diren familien artean, krisiaren eta langabeziaren hazkundearen ondorioz.
Alokairu sozialaren merkatua ez da nahikoa horren beharrean dauden familia guztientzat. Horregatik eskatzen dizuegu arazo honen aurrean bat egiten duten guztien artean konponbidea aurkitzeko konpromisoa hartzea.
Badakigu irtenbidea ez dela erraza, baina uste dugu badirela mekanismo nahikoak. Bankak etxebizitza hustuen merkatu oso bat du, eta aldi berean, jendea kaleratzen du. Horixe da bankaren inmoralitaterik handiena.
Etxebizitza ez da banku eta higiezin enpresak espekulatzeko elementu bat, baizik eta eskubidea, herritarrok legez defendatzen duguna.
Stop kaleratzeak honako lema aldarrikatzeko gonbidapena egiten du: Etxerik gabeko jenderik ez. Jenderik gabeko etxerik ere ez!".
Bilkuraren amaieran, Lezo kalean jarraitzen duten kaleratuetako batek hartu zuen hitza, jasotzen ari diren elkartasuna eskertzeko.
Kaleratzeen aurkako Andoaingo Plataforma Herrikoiak aurkezpen publikoa egingo du hurrengo egunetan, herriko elkarte ezberdinen babesarekin.