Esther Urrutia, munduari bigarren aldiz bira eman dion bidaiaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 21a, 12:08

Dagoeneko ia munduko txoko guztiak ezagutzen ditu Esther Urrutia andoaindarrak. Hala ere, bidaiatzeko grina oraindik ere mantentzen du.

Noiz piztu zitzaizun lehenengoz bidaiatzeko grina hori?
16 urte nituela, ikastetxeko jolas orduan geundela historiako liburua nuen eskuan. Bertan, Egiptoko historia agertzen zen eta izugarri liluratu ninduten bertako kulturak, animaliek, naturak… Horrela, ondoan nuen lagunari, hala esan nion: ‘Ni, munduan barrena ibiliko naiz’. Sinestezina egiten zitzaidan besteek nahi hori ez izatea. Horrela, karrera amaitu bezain laster hasi nintzen bidaiatzen. Lehenik, Parisera eta Londresera joan nintzen pixka bat trebatzeko, eta ondoren, lehenengo bidaia luzea Estatu Batuetara  egin nuen ahizparekin. Astebetez New Yorken egon ginen eta hiru astez Kalifornian.

Dagoeneko birritan eman diozu bira munduari. Zein ibilbide da egin duzuna?
Orain hamalau urte Australian egon nintzenean sortu zitzaidan fisikoki munduari bira emateko kapritxoa, Australiara joan eta etorri bide beretik egin ginen. Banekien urruti zegoela, baina zergatik ez bueltatu beste aldetik, motzagoa bada? Horrela, lehenengo aldian, orain bost urte, Ipar hemisferiotik abiatuta ekialdetik eman nion bira eta orain, berriz, Hego hemisferiotik abiatuta mendebaldetik. Biak hilabeteko bidaiak izan dira. Lehen aldian Hawaii hartu nuen bidaia nagusi bezala eta bigarrenean, Polinesia Frantsesa. Bietan oso ondo atera bazait ere, bigarren hau garestiagoa izan da.

Nola antolatzen dira horrelako bidaiak?
Jendeak Munduari bira esaldia entzutean luxuzko bidaia izaten du buruan, denbora luzekoa, eta hori bakoitzaren esku egoten da. Lehenik eta behin oinarria zein izango den hartu behar da kontuan eta ondoren poliki-poliki dena uztartzen joan. Gaur egun, munduari bira emateko hegaldi jakinak daude tarifa bereziekin. Momentu honetan, bi hegazkin konpainia nagusi daude munduan: One World (British airways, Iberia, etab. daude honen barruan) eta Star Alliance (besteak beste, Luthansa konpainia dago honen barruan). Hauek milien araberako tarifak dauzkate eta egindako miliengatik ordaintzen da, eskalak kontuan hartu gabe. Nolabait esateko, baldintza jakin batzuk dauzkaten pakete irekiak dira. Hori bai, beti norabide berean bidaiatu behar da, ezin da atzera egin. Hori jakinda eta konpainia bakoitzak eskaintzen duena kontuan hartuta, zure interesekin bat datorrena aukeratu behar da. Lehen biran, Star Alliance konpainiarekin bidaiatu genuen, baina oraingo honetan, One World-ekin; Pazifikoa ezagutzeko aukera gehiago eskaintzen baititu.

Bigarren itzuli honetan zein ibilbide egin duzu?
Madrildik abiatu ginen eta, Pazko irla ikusi nahi genuenez, lehenik Santiago de Chilera joan ginen. Bertan lauzpabost egun igaro ondoren, Pazko irlara eta gero, Tahitira. Azken honetan hamabi egun igaro genituen irla desberdinak ikusiz: Bora-Bora eta Moorea zoragarriak dira. Ondoren Zelanda Berrira egin genuen salto. Zelanda Berria bi irlatan banatutako herrialdea da eta lehenik goiko irlan egon ginen, besteak beste, Auckland-en. Harriturik geratu nintzen: erabat ingelesa da, ez kulturari dagokionean bakarrik, landareak, kotxeak, kaleen izendegiak... Aucklandetik Rotoruara joan ginen, maorien zonaldera. Goiko irlatik zona bolkanikoa soilik aipatuko nuke. Beheko irla, berriz, oso ederra da. Bukatzeko, Zelanda Berritik Sidneyra joan ginen. Azken hau izugarri garestia da: bai jana, bai eraikinetarako sarrerak… Sidneyko operako lau sala sinple ikusteagatik  25? ordaindu behar izan genuen.

Zein herrialde edota leku da gehien harritu zaituena?
Japonia bera oso txundigarria da, ez edertasunagatik, kultura aldetik baizik. Bestetik, toki liluragarriak asko daude: Keniako sabana, Bora-Borako arrezifeko lakua, Indonesiako Bromo sumendi multzoa, Estatu Batuetako parke nazionalak…

Gogoan duzun anekdotarik?
Tanzaniako parke nazional batean isuna jarri ziguten. Animaliak ikusten pasa genuen eguna Land Rover horietako batean, gidarekin. Han arratsaldeko seiak inguruan iluntzen du eta nahiko berandu gindoazen bueltan, iluntzen ari zuen. Zuhaitz baten azpian Rangerrak zeuden, gerarazi egin gintuzten eta abiadura handiagatik multa jarri. Nire galdera orduan hauxe izan zen: ‘Nola dakite abiadura azkarra generamala?’, eta gidariak halaxe erantzun zidan: ‘Altxatu dugun hautsagatik’. Benetan harrituta geratu nintzen.

Bizitzeko zein toki aukeratuko zenuke? Eta errepikatzeko?
Asia, Japonia kenduta, ikaragarri gustatzen zait. Bizitzeko bertako izkinaren bat aukeratuko nuke, kostaldeko herriren bat. Hego Amerika ere guretzat oso erosoa da eta Peru eta Bolivia ezagutzea, adibidez, merezi du. Errepikatzekoa, berriz, ez naiz. Badaude leku batzuk oso interesgarriak direnak, baina bigarren bisitarik eskatzen ez dutenak, Tibet esaterako.

Zure ustez, zer daukagu beste herrialdeetatik ikasteko?
Lehen munduko herrialdeetatik lan eta unibertsitate sistemak hartu beharko genituzke eredu, batez ere, funtzionatzeko moduan. Ondo badoaz zerbaitegatik da eta hori kopiatu beharko genuke. Herrialde pobreetatik, berriz, pazientzia eta bizitzeko duten gogoa. Krisia etengabe aipatzen dugu azken aldian, baina guk ez dakigu zer den krisia. Guztia erlatibizatu egin beharra daukagula uste dut. Krisian gaude orain bost urtekoarekin konparatuz gero, eta langabezian dagoen horri asko eragingo dio, baina gu oso ondo bizi gara. Hala ere, herrialde pobre batzuetatik besteetara izugarrizko aldea dago. Indian eta Afrikan, adibidez, fatalismo handia dute, baita Andeetako inguruan ere; daukatenarekin konformatzen dira eta ez dute aurrera egiteko intentziorik erakusten. Nazio budistek, aldiz, aurrera egiteko eta lanerako beste indar bat dute. Toki hauetan duten alaitasuna etsipenik gabekoa da. Egunean egunekoa bizitzen dute, baina aurrera egiteko esperantzarekin. Erlijioaren eragina ere bada hori. Leku batzuetan kohesioa sortzen du, baina beste askotan kalteak ere bai. Aurrera egin ez duten nazio hauetan faktore sozial eta ekonomikoez gain, aipatu ditudan arrazoi hauek ere badute beren eragina.

Bidaiatzeak zein irakaspen eman dizu?
Milaka gauza daude ezagutzeko eta jakiteko. Toki batzuk ezagutzeak aurrez nituen estereotipoak kentzeko balio izan dit, hots, benetan errealitatea neronen begiekin ikusteko. Horrez gain, mundua oso aberatsa eta dibertsitate handikoa dela ere ikasi dut. Egia da, gu, Euskal Herrian oso ondo bizi garela, paisaiak ere oso politak ditugula, baina ez diogu gure zilborrari bakarrik begiratu behar. Hemendik at beste mila toki dago ikustea merezi duena.

Zer da zuretzat bidaiatzea?
Bizitza erdia. Bat bukatzen denean bestean pentsatzen hasten naiz: hura antolatu, egin eta ondoren kontatzeko. Niretzat, zalantzarik gabe, behar bat da; ezagutza da. Nire buruan ez da sartzen adibidez, hamabost egunerako Karibera joan eta han hondartzan egotea.
Dagoeneko kontinente guztiak zapaldu ditut, baina bidaiatzeko grina hori ez zait ase. Jubilatzen naizenean, osasunez ondo banaiz, oso argi daukat denboraldi baterako Asiako ekialdera joango naizela bizitzera. Akaso, uste baino lehenago itzuliko naiz Andoainera, baina probatzeko gogoa daukat.

Etorkizunari begira, bidaiarik ba al duzu buruan?
Gutxienez beste bospasei bidaia bai. Aurtengoa oraindik erabakitzeko daukadan arren, aurrera begirakoak pentsatuta dauzkat. Ameriketan, Patagonia geratzen zait, Afrikan hegoaldea eta gustatuko litzaidake ibilaldi historiko bat egitea, Apartheidaren eraginak, etab. Asian, berriz, Birmania eta Cambodia geratzen zaizkit, beraz, poliki-poliki leku hauek ere ezagutuz joateko asmoa dut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!