Ikastaroa, lehen aipatu bezala, urtarrilaren 28an hasiko da eta martxoaren 4an amaitu. Saioak astelehenetan eta asteazkenetan izango dira Irrintzi elkartean, 19:00etatik 21:00etara. Saio bakoitza bukatu ondoren, parte-hartzaileek prestatutakoa dastatzeko aukera izango dute. Maila aurreratuko ikastaroa denez, sukaldean esperientzia pixka bat edukitzea gomendatzen da. Ikastaroko programa, oro har, sukaldaritza tradizionalean oinarrituta badago ere, berrikuntzetarako ere izango du tarte bat. Programa eskuratu nahi duenak Amasa-Villabonako Udaleko Kultura Sailean eska dezake (kultura@villabona.net - 942691655).
Bestetik, otsailaren 13an, txakolinak, Arabako Errioxako ardoa eta Idiazabalgo gazta dastatzen ikasteko saioa izango da Aljibean, Mikel Garaizabal enologoaren eskutik. Aipatutako saio hau, ikastaroko prezioaren barruan sartzen da eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Hazi Fundazioaren babesari esker egingo da. Ikastaroaren plazak mugatuak direnez, izen ematea urtarrilaren 24a baino lehen egin beharko da Amasa-Villabonako Udaleko Kultura Sailean.