Tren geralekuko igogailu berria, hondatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 18a, 13:09

Joakin Larreta etorbidekoa da hondatu den igogailua. Cenia Thysseneko eta Comsako langileak konponketa lanak burutzen ari dira eta astebururako amaituta egotea espero dute.

Astearteaz geroztik matxuratuta dago Andoaingo tren geralekuko igogailuetako bat, Joakin Larreta etorbidean dagoena, hain zuzen ere. Egunotako euri jasek eragin dute matxura. Lur azpitik doan ubide batek gainezka egin du eta horrek eragin du kaltea: ur jausi moduko batek ur poltsa sorrarazi zuen igogailuan bertan.

Cenia Thysseneko eta Renferen azpikontrata den Comsa enpresako langileak ari dira konponketa lanak burutzen, eta astebururako amaitzea espero dute. Comsako langileak harresi bat eraikitzen ari dira uraren emaria desbideratzeko helburuz; hondeamakina bat ari dira erabiltzen eginkizun horretarako.

Matxuraren zergatia ulertzen lagungarri izan daitezkeen azalpenak eman dizkio Migel Angel Gil auzotarrak Aiurriri. Haren arabera, "bi ubide igarotzen dira inguru horretatik, lur azpitik. Biak ere goiko mendietatik datozen urak dira. Bata Joakin Larreta parean dagoen 17bis zenbakidun etxearen azpitik pasatzen da eta bestea, berriz, Joakin Larreta etorbidea eta Plazaola kalea batzen dituen eskailera mekanikoaren azpitik. Bigarren hori da, hain justu, igogailuaren azpitik doana".

70 urte ditu Gilek eta gogoan du bost urte inguru zituela nola jolasten zuen  lagunekin paraje horretan. "Taxien geltokia den horretan garbitoki eta ur biltegi bana egoten ziren. Bi ubideetako ur emariak garbitokiraino iristen ziren. Garbitokitik Joakin Larreta etorbideraino lur azpiko pasabide bat egoten zen, eta han ibiltzen ginen jolasean alde batera eta bestera, trenbidearen azpitik beti ere. Kobazulo moduko bat zegoen eta estalaktitak ere egoten ziren goitik zintzilik. Bada, lur azpi horretan argi ikusten zen nola jaisten eta batzen ziren bi ubideak".

Konponketa lanak direla eta igogailua geldirik dagoen arren, oinezkoen lur azpiko pasabidea irekita dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!