"Bonoekin, zinema eskuragarri" kanpaina abian da Saroben

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 17a, 09:53

Bonoak gaurtik aurrera erosi ahal izango dira. Pertsona bakoitzak nahi adina eskuratu ahal izango ditu, taldean erabili ahal izango dira eta 2013ko abenduaren 31 baino lehen gastatu beharko dira.

Urnietako Udaleko Kultura sailak 'Bonoekin, zinema eskuragarri' kanpaina jarri berri du martxan Saroben. "Betiko zinema bono berriekin" lelopean, Kultura sailak zinema emanaldietarako bi bono mota atera ditu: BONO5 (bost sarrera 18 euroren truke) eta BONO10 (hamar sarrera 30 euroren truke).

Bonoak haurrentzako zein helduentzako zinema emanaldietarako dira. Zinemako leihatilan egongo dira eskuragarri, baita Sarobeko harrera lekuan ere, goizeko 9:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara. Bonoak urtarrilaren 17tik aurrera eskuratu ahal izango dira.

Emanaldi bakoitzaren aurretik, sarrerak leihatilan jaso beharko dira, bonoa aurkeztuz. Sarrera arruntak, bestalde, 4 eurotan salduko dira. Bonoak besterengarriak dira, taldean erabili ahal izateko, eta pertsonako nahi adina bono eros daitezke. 2013ko abenduaren 31 baino lehen erabili beharko dira.

Zinema emanaldiak urtarrilaren 20an hasiko dira. Egun horretan bertan Las aventuras de Tadeo Jones filma bi emanalditan proiektatuko da: 16:00etan eta 18:30ean. Datorren asteko filma, berriz, Lo imposible izango da eta bi egun ezberdinetan proiektatuko da: ostiralean, urtarrilaren 25ean 22:00etan; eta igandean, hilaren 27an, 18:30ean.

Aurrerantzean, haurrentzako zinema emanaldiak igandetan eskainiko dira, 16:00etan eta 18:30ean, eta helduentzako saioak, berriz, ostiraletan 22:00etan eta igandetan 18:30ean.

Informazio gehiago: 943008042 (Sarobe).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!