Oria ibaiak gainezka egin du Zumean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 15a, 10:46

Udalak Emergentzia protokoloa ezarri du eta herritarrei neurriak hartzeko deia luzatu die, bereziki, Alejandro Kalonge, Ama Kandida, Bazkardo, Kaletxiki, Zumea, Kale Nagusia eta landaguneetako bizilagunei. Goizaldeko 1.00etan Ernaitza zaharraren atzealdeko garajeetan ere sartu da ura.

Bideoa  | Argazkiak | Kronika

Arazo bat baino gehiago sortu du euriak Andoainen. Garai beretsuan N-1aren azpialdeko pasabidea itxi behar izan dute putzu handi batengantik, eta Bazkardora bideratu dituzte ibilgailuak Andoaindik ateratzeko. Eta N-1a bera ere itxi egin behar izan dute Andoain eta Lasarte artean Tolosarako norabidean kamioi bat irauli eta gasolioa isuri duelako. Horrez gain, gaur goizaldeko 1:00etan Ernaitza zaharraren atzealdeko garajeetan sartu da ura; gero behera egin du mailak. Eguerdi aldera, berriz, Oria ibaiak gainezka egin du Zumean.

Eguraldi iragarpenak ikusita, Andoaingo Udalak Emergentzietarako protokoloa jarri du martxan goizeko lehen orduan. Aipatu aurreikuspenen arabera, datozen orduetan ere euria gogotik botako du:

Asteartea, hilak 15:

- 24 ordutan 80 L/M2 baino gehiago pilatzeko probabilitate handiari dagokion alerta laranja Kantauri isurialdean 00:00etatik 24:00etara.

- Elurrari dagokion abisu horia 00:00etatik 24:00etara.

- Haizeari dagokion abisu horia haizeguneetan 00:00etatik 12:00etara.

- Itsasaldeko arriskuari dagokion abisu horia 03:00etatik 18:00etara.

Asteazkena, hilak 16:

- 24 ordutan 60 L/M2 baino gehiago pilatzeko probabilitate txikiari dagokion abisu horia Kantauri isurialdean 00:00etatik 24:00etara.

- Haizeari dagokion abisu horia haizeguneetan 00:00etatik 18:00etara.

- Itsasaldeko arriskuari dagokion abisu horia 03:00etatik 18:00etara.

 

Prebisio horien aurrean, Udalak dei egin die herritarrei tentuz ibili eta edonolako ezustekoak saihesteko behar adina neurri har dezaten; modu berezian, emergentzietarako protokoloan jasotako puntu beltzen arabera, Alejandro Kalonge, Ama Kandida, Bazkardo, Kaletxiki, Zumea, Kale Nagusia eta landaguneetako bizilagunei luzatu die deia.

Edonola ere, Udalak jakinarazi du behar besteko baliabideak jarriko dituela abian ahal den neurrian egunerokotasuna bermatzeko. Ustekabeko edo oharrik izanez gero, honako telefono zenbakiak jarri ditu herritarren eskura:

- Udala: 943300830.

- Udaltzaingoa: 092 / 900300819.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!