Adunako plazan bertan dago gazteentzako lokal berria. Josu Amilibia alkateak eman ditu azalpenak: “Herriko gazteek, euren aisialdiko denbora herrian bertan pasatzea nahi genuen. Orain arte, oso ohikoa zen hamabi urtetik aurrerako gazteek, eskolaz aldatzearekin batera, euren denbora librea Villabonan edo beste herriren batean pasatzea. Egoera horri buelta eman nahi genion. Gazteak hemen geratzen badira, mugimendu gehiago eta dinamika berria sortuko da herrian, eta hori da lokala ematearen helburu nagusia”.
Hausnarketa prozesua
“Lokal hori hutsik genuen eta gazteei bideratzea egokia zela iruditu zitzaigun. Hausnarketa eta parte hartze prozesua jarri genuen martxan; etxabeari zein erabilera eman, nola kudeatu.., hori guztia finkatzen joateko. Herriko gazteei luzatu zitzaien prozesu horretan parte hartzeko deialdia eta Elhuyarreko kideek bideratu zuten. Pixkanaka pixkanaka, lokalaren erabilera nolakoa izango zen finkatu zuten eta ekainean, dokumentu bat aurkeztu zuten hori guztia Udalari jakinarazteko. Uda pasa ondoren, gazteekin bildu eta azken arauak finkatu genituen”, azaldu du Josuk.
Autogestioa
Hamabi urtetik gorako gazteek dute lokaleko giltzak eskuratzeko aukera, eta etorkizunean ez dute baztertzen adin muga hori aztertzeko aukera: “Gaur egun lokalean dauden gazteak hazten doazen heinean, bere sentituko dute, eta posible da azterketa bat egin beharra izatea. Hala ere, inoiz ez da izango hamabi urtetik beherakoentzat”.
Duela hilabete banatu zizkieten giltzak gazteei: “Autogestioa izango da gazteen lokalean erabiliko den kudeaketa eredua. Udalak etxabe berri-berria jarri du euren eskuetan, eta haien ardura da kudeaketa egokia egitea. Barrurako behar dituzten gauzak lortzea, dirua ateratzeko ekitaldiak antolatzea..., hori guztia euren esku geratu da. Dagoeneko hasi dira lehendabiziko gauzak ekartzen”.
Arauak
Arau argi batzuk errespetatu beharko dituzte gazteek: “Ordutegi librea izango dute, baina betiere kontuan izan beharko dute bizilagunei eta ingurukoei eragozpenik ez sortzea. Horrez gain, erabilera txarragatik sortutako kalteei aurre egin beharko diete eta debekatua dute sukaldatzeko tresnak edota sutea eragin dezakeen edozer gauza sartzea”, azaldu du Josuk.
Olaia Zubeldia eta Maddi Esnaola, lokalarekin gustura
Olaia eta Maddi pozik ageri dira lokal berriarekin. “Lehen askoz ere gutxiago etortzen ginen plaza ingurura. Lokala eman zigutenetik, ia egunero biltzen gara bertan. Beste aukera bat ere eman digu gure txokoa izateak; lehen oso gutxitan ibiltzen ginen neskak eta mutilak batera eta orain, guztiak elkartzen gara hemen. Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eta ondo moldatzen gara”.
Altzariak
Dagoeneko lortu dituzte lehen altzariak: “Udalak mahaia eta aulkiak utzi zizkigun eta lehendabiziko egunetan sofa batzuk lortu genituen”.
Gabon kantua
Gabon eguneko kantu errondan ateratako dirua ere ederki aprobetxatu dute gazteek: “Baserriz baserri ibili ginen kantuan eta guztira, 300 euro inguru lortu genuen. Diru horrekin telebista, armairua eta bideo-jokoa erosi genituen Emausen. Pixkanaka, ari gara lokala betetzen”.
Arduradunak
Lau arduradun aukeratu dituzte Adunako gazteek. Jokin Arrutik, Jon Irazuk, Olaia Zubeldiak eta Maddi Esnaolak hartu dute lan hori: “Udalarekin egin beharreko bileretara joango gara eta kexaren bat jasotzen bada, guri jakinaraziko digute”, azaldu dute Olaiak eta Maddik.
Laster, gazteen arteko bilera bat deitzeko asmoa agertu dute Olaiak eta Maddik: “Lokala garbi mantentzea gure ardura da, eta bilera bat egin behar dugu hori guztia antolatzeko”.