Gizonezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa ikustera Zaragozara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 10a, 11:47

Andoaingo Leizaran Eskubaloi Kirol Klubak eta Urnietako Kirol Elkarteak txapelketa ikustera joateko bidaiak antolatu dituzte.

Urtarrilaren 11tik 27ra 23. Gizonezkoen Munduko Eskubaloi Txapelketa ospatuko da Espainian. Zaragozan jokatuko dira txapelketako hainbat partida, eta Andoain eta Urnietako eskubaloi taldeek partida horiek ikustera joateko bidaiak antolatu dituzte.

Andoaingo Leizaran Eskubaloi Kirol Klubak urtarrilaren 19an, larunbatez egingo du irteera. Autobusa goizeko 10:00etan aterako da Zumea plazatik, eta goizaldeko 01:30ak inguruan itzultzea aurreikusten dute antolatzaileek.  Arratsaldean ikusiko dituzten hiru partidak multzokako faseko azken jardunaldiari dagozkionak izango dira. Une honetan autobusean 5 eserleku baino ez dira gelditzen hutsik. Autobus zerbitzua eta hiru partidetarako txartela 45 euro kostako da.

Urnietako Kirol Elkarteko eskubaloi adarrak, berriz, urtarrilaren 23an, asteazkenez jokatuko diren final laurdenetako bi partida ikusteko antolatu du bidaia; arratsaldeko 15:00etan aterako da autobusa eta goizaldeko ordubatean bueltatuko da. Printzipioz, bidaiaren kostua 60 eurokoa da, baina zenbat eta jende gehiago apuntatu bidaia orduan eta merkeagoa izango dela zehaztu dute antolatzaileek. Interesatuek 635729205 telefono zenbakira dei dezakete informazio gehiago eskuratzeko. Izena emateko azken eguna urtarrilaren 18a izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!