Amasa-Villabonak ziztada Berriari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 8a, 12:25

Orain zenbait hilabete Berria komunitateak krisiari aurre egin nahian, “Zure ziztada behar dugu” izeneko egitasmoa jarri zuen martxan. Horren harira, eta egitasmoarekin bat egin nahian, Amasa-Villabonako Euskaran Ados! lan mahaiak hainbat ekitaldi antolatu du aste honetarako.

Horrela, bihar, hilak 9 osteguna, arratsaldeko 19:00etan Martxelo Otamendik hitzaldia eskainiko du Villabonako Subijana etxean. Bestetik, hilaren 11n ostiralean, Berriarentzat dirua biltzea helburu duen jaialdia ospatuko da Gurea antzokian. Bi saio egingo dira bata 19:30ean eta bestea 22:30ean eta bertan ondorengo kultur eragileek hartuko dute parte: Oinkari dantza taldeak, Loatzo musika eskolak, Eresargi abesbatzak, Eresargi Gazte abesbatzak, Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkarguneak eta Lain musika taldeak. Sarrerak erakusketan eta egunean bertan eskuratu ahal izango dira, 5€ren truke eta bertan bildutako dirua BERRIA komunikazio taldeari laguntzeko izango da. Azkenik, bihartik hasi eta hilaren 12ra arte Egunkaria eta Berriaren historia argazkitan islatzen duen erakusketa egongo da zabalik Gurean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!