BERTAN Herritarren Arreta Bulegoa zabalik dago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urt. 7a, 15:20

Urtarrilaren 7az geroztik, Urnietako Udaleko sailen baten bitartekaritza edo esku-hartzea eskatzen duen edozein izapide gauzatu ahal izateko bulego honetara jo dezakete herritarrek. Denda Berri izenarekin ezagutzen den eraikinean kokatua, goizeko 7:30etik eguerdiko 14:30era dago zabalik.

Informazio ziurtagiriak eskatu, datu pertsonalak aldatu, errodlarekin lotutako eragiketak egin, kexak edo ekarpenak aurkeztu, diru-laguntzak eskatu, ikastaroetarako izen-emateak, menpekotasuna balioztatzeko eskaerak, obra baimenak, salaketak, etab. Urtarrilaren 7az geroztik, gisa horretako tramiteak egiteko tokia BERTAN da.

 

Denda Berri izenarekin ezagutzen den eraikinean zabaldu da Herritarren Arreta Bulegoa. Hori ahalbidetzeko, ezinbestekoa izan da udaletxeko lehenengo solairuan hainbat berritze lan egitea zerbitzu batzuk birkokatzeko eta, bide batez, eraikin barruko irisgarritasuna hobetzeko. Bulegora gerturatzen diren herritarrek bi gune aurkitu dituzte bertan, eta euren eskaerei erantzuteko pertsona bat, horietako bakoitzean. Bilera gela bat ere bada, gai konfidentzialagoak landu behar direnerako. Eta Udalak ordenagailu bat eta inprimatzaile bat ere jarri ditu herritarren eskura, behar izanez gero edonork erabil ditzan, doan.

 

Telefono zenbakia: 010

Urnietarrek hiru bide dituzte BERTAN zerbitzuarekin harremanetan jartzeko: bulegora bertara gerturatuz, udaletxeko web orriaren bitartez edo telefono bidez. Prozesua errazteko, Urnietatik deituz gero, nahikoa izango da Udalarekin jarduteko 010 zenbakia markatzea.  Udaltzaingoarekin hitz egiteko, berriz, 092ra deitu beharko da. Web orriari dagokionez, une honetan tramite batzuk bakarrik egin daitezke telematikoki, baina pixkanaka falta direnak ere bertatik bideratuko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!