R taldearen agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 28a, 12:16

Hamazazpi urteko ibilbidearen ostean, andoaindarrek taldeari amaiera emateko erabakia hartu dute. Bi kontzertu antolatu dituzte agurrerako: lehena abenduaren 28an izango da Tolosako Bonberenean, eta bigarrena lagun artean egingo dute Andoaingo gaztetxean urtarrilaren azkenetan.

R taldearen azken kontzertuak izango dira gaurkoa eta urtarrilaren 26koa. Ezer berezirik prestatu al duzue bi hitzordu horietarako?
Asier Aranburu: Bonberenean beste bi talderekin batera joko dugunez, betiko errepertorioa prestatu dugu. Andoaingo kontzertua, ordea, lagun artean egingo dugu eta beste ukitu bat eman nahi diogu. Azken aldiko kantuekin batera, gure betiko abestien errepasotxo bat ere egingo dugu, aspaldian jo gabe ditugun horiena.
Iñigo Garrido: Taldeko gitarra-jole izan zen Iosu Mikelarena igoko da abesti batzuk jotzera, eta gurekin urte hauetan harreman estua izan duten lauzpabost taldek ere abesti pare bana joko dute aurretik. Horrez gain, irudi batzuk proiektatzeko asmoa ere badugu, aurretik afaritxo bat prestatuko dugu…

Zergatik orain taldea uzteko erabakia?

I. G.: Alde batetik, hamazazpi urte bete ditu taldeak. Bestetik, 2009az geroztik ezin izan dugu ordura arte bezala funtzionatu: lana, taldekideen bizimodu aldaketa… Urte horietan guztietan gauzak asko alda daitezke, eta horrek dinamika berri batera eraman gaitu.
A. A.: Beti oso lasai funtzionatu izan duen taldea da gurea. Garai mugituenetan astean pare bat aldiz entseatzen genuen, bestela, astean behin elkartzen ginen; baina azken bi urte hauetan ezinezkoa izan da erritmo horri eustea, bereziki, taldeko baxu-jotzailea, Rober Gaite, Nafarroara bizitzera joan zenetik.
Azkenaldian hilean behin elkartu izan gara, kontzertuei begira abestiei buelta pare bat emateko besterik ez; jada ez dugu sormenaren atala lehen lantzen genuen bezala lantzen. Eta garbi ikusi dugu horrela ezin genuela aurrera jarraitu. Denak du bere bukaera, eta taldearena oraintxe iritsi da.

Beti oso lasai funtzionatu izan duzuela aipatu duzue. Beharbada horixe da taldea hamazazpi urtetan bizirik mantendu izanaren arrazoietako bat…
A. A.:
Seguru asko, bai. Beste erritmo batekin ibili bagina, agian bizpahiru disko argitara genitzakeen denbora gutxian, baina erre egingo ginen.
I. G.: Ez dugu ostiral eta larunbatero kontzertuak lotzen zizkigun managerrik izan, diskoetxeen aldetik ere ez dugu inolako presiorik eduki urtero disko bat grabatu behar izateko. Presarik gabe ibili gara. Beti oso argi izan dugu gure funtzionatzeko modua zein zen, eta errespetatu egin gaituzte.

Urte horietan guztietan inguruko musika eszena ere aldatuko zen…

I. G.: Rockari dagokionez, Andoain mailan azken lauzpabost urteetan beherakada txiki bat eman dela iruditzen zait. Ez daude hainbeste talde rockero, beste talde mota bat ari da ateratzen orain, Ingo al deu?, Gozo-gozo, festa giroarekin loturik dauden taldeak. Rockaren esparruko mugimendua pixka bat gelditu egin dela esango nuke.
A. A.: Lehen talde piloa elkartzen ginen lokalean, ordua hartzeko ere komeria galantak izaten genituen; orain, berriz, nahi duzunean joan zaitezke. Garai batetik hona gabiltzanok badugu adin bat dagoeneko, familiarekin edota lanarekin loturiko konpromisoak ditugu, lehen ez genituenak. Eta zentzu horretan uste dute errelebo bat falta izan dela. Beharbada, egungo gazteek ez daukate lehengoek bezainbesteko grinarik, eta daukaten horiek beste estilo batzuetara gerturatu dira. Baina grinaren kontu hori gizarteko beste hainbat alorretara ere estrapolatu daitekeela esango nuke, ez dut uste musikara bakarrik mugatzen den zerbait denik.

Eta zer esango zenukete kontzertuak emateko aukerei dagokienez? Hemen inguruan urteetan egon den gaztetxeen zirkuitu hori….

I. G.: Nik uste orain jotzeko aukera gehiago dagoela. Beasaindik hasi eta Iruneraino ia herri guztietan dago kontzertuak emateko gaztetxe edo gazte lokalen bat. Kontzertu horietara joaten den (edo ez den) jendearengan dago orain arazoa.
A. A.:
Baliabideak eta aukerak inoiz baino hobeak dira, baina kontzertu horietara joango den jendea falta da. Alde batetik, baliteke neurri batean jendeak ohitura hori galdu izana; baina bestetik, horri eusten diotenentzat ere, aukera hainbestekoa izanda, ezinezkoa da denetara joatea. Eta hau ere gizarte osoan gertatzen ari den zerbait dela uste dut. Gero eta geure baitarago bizi gara.

Etorkizunean musikaren munduan jarraitzeko asmorik ba al duzue?
I. G.: Proiektu berriak aterako dira, seguru. Nik pertsonalki badut jarraitzeko asmoa, eta Asier eta bion artean ere gauza berriak atera daitezke. Ateak irekita daude. Azken finean, horretara ohitu gara. Lokala badugu, baita gainerako material guztia ere.
A. A.: Gogoa badugu, eta aterako da zerbait. Gure martxan, beti bezala, baina egingo dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!