Berako hilerrian azaldutako fusilatuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 28a, 09:03

Samina, beldurra, gosea, isiltasuna. 36ko Gerrak eta gerra-osteak ondorio izugarriak ekarri zizkien milaka herritarri. Atxiloketa eta fusilamenduak ohikoak izan ziren garai hartan eta eskualdean ere, hamarnaka gertakizun odoltsu eta ilun gertatu zen. Hirurogeita hamasei urte geroago, gertakari haiek azaleratzen ari dira, pixkanaka. Nafarroako Bera herrian fusilatu eta hilobiratutakoak izan dira omenaldia eta errekonozimendua jaso duten azkenak.

Berako hilerria
Abenduaren 6an Nafarroako Bera herriko hilerrian egindako omenaldiak gogora ekarri zituen bertan fusilatu eta lurperatutakoak. Ehundik gora gorpu dira hilerriko paretaren ondoan lurperatutakoak. Aranzadi Zientzia elkarteak azken asteotan egindako indusketa lanetan zazpi gorpuzkin azaleratu dituzte. Eskuak bizkarrera lotuta zituzten guztiek.

Harrobitik, hilerrira

Donostiako Ondarretako kartzelatik preso ekarri eta Berako harrobian fusilatu ondoren, hilerrian lurperatzen zituzten. Ehundik gora pertsona lurperatu omen zuten bertan, eta momentuz, hamabi fusilaturen izen abizenak ziurtatu ahal izan dituzte, agiri ezberdinen bidez. Horietako sei, Aiztondo bailarakoak ziren: hiru billabonatar, asteasuar bat eta bi zizurkildar. Gainerakoen inguruko berri zehatzik ez dago oraindik.

Betirako bertan

Oso zaila izango da bertan hilobiratutako guztien gorpuak azaleratzea. Izan ere, urteen poderioz, Berako hilerria birmoldatzen joan dira eta fusilatuen hobi komunaren gainean, panteoi eta bestelako hilobiak eraiki dituzte. Horregatik, ezingo da indusketa lanekin jarraitu. Betirako lurpean geratuko dira Beran aurkitutako gorpuak. Haien omenezko plaka batek gogoan du han gertatutakoa.

..............................................
Joxe Leon Uzkudun Uzkudun
Asteasun jaio zen. Joxe Mari eta Monika Teresaren seme bakarra izan zen. Aita hil zenean, ama alarguna eta izebarekin bizitu zen, Elizmendiko Arbe etxean. Korrika apustu berezia egina zuen; hogei minutuan jaitsi zen Erniotik Asteasura. Tolosako Eskolapioetan egin zituen ikasketak eta Andazarrateko sanatorioan egiten zuen lan. Hogeita bost urte zituela eraman eta Beran fusilatu zuten, 1936ko azaroaren 15ean.

.......................................
Gabino Barroso Minguez
Valladoliden jaioa, gazterik etorri zen Zizurkilera bizitzera. Igeltsutegian aritzen zen, karea mando eta gurdien bidez garraiatzen. Gerora, Fraisoro umezurztegiko sereno izan zen eta garai hartan harrapatu zuen gerrak. Errepublikarra zen eta Tolosako espetxera eraman zuten; handik, Donostiako Ondarretakora. Beste zenbait presorekin batera, Berako harrobian fusilatu eta hilerrian hilobiratu zuten. Presentacion Ugalde emaztea, hiru seme-alaba txikirekin geratu zen. Bartzelonan, Manresan eta Frantzian bizitu ziren gerrak iraun zuen bitartean.

.....................................................................
Elias Konstantzio  Mendizabal Berakoetxea

Zizurkilgo Adunibar baserrian jaioa. 1936ko irailaren 29an bi guardia zibil eta errekete bat etxera etorri eta atxilotu egin zuten. Errepublikarra zen Elias eta Oriora alde eginda ibili zen, handik Frantziara joateko asmoz. Orion egun gutxi egin ondoren, etxera itzuli zen gau batez. Bertan harrapatu zuten. Tolosa eta Donostiako espetxeetatik pasa ondoren, Beran fusilatu eta hilobiratu zuten. Eliasen amak zortzi seme-alaba zituen eta ukatu egin zioten alargun izateagatik tokatzen zitzaion pentsioa. Nahiz eta modu ofizialean ez jakin, Eliasen etxekoek beti izan zuten anaia Beran zegoenaren susmoa.

....................................
Daniel Arrillaga  Tolosa
Amasa-Villabonan bizi zen. Portu papertegian lan egiten zuen eta bost semeren aita zen. Atabala jotzen zuen. Behin baino gehiagotan Villabonako dantzari txikien dantza saioetan jo zuen atabala. Zipriano Cardenal txistulariak jartzen zien doinua dantza haiei. Dirudienez, Cardenal ere Beran fusilatu zuten, Arrillagarekin batera, 1936ko azaroaren 15ean. 40 urte zituen Daniel Arrillagak.

.................................................
Maximino Erostarbe  Baztarrika
Billabonatarra zen Maximino. Portu papertegian egiten zuen lan. Perretxikuak biltzea eta ehiza zituen gustuko. Daniel Arrillaga eta Zipriano Cardenalekin batera, Portu lantegitik atera zuten preso hartuta. Etxekoak agurtzeko aukera eman zieten hirurei eta ondoren, Donostiako Ondarretako espetxean eduki zituzten preso. Beste biak bezalaxe, Beran fusilatu zuten Maximino, 1936ko azaroaren 15ean. Seme bakarra eta emaztea utzi zituen. 
..........................................

Juan Etxenike  Matxiarena
Hemeretzi urterekin etorri zen Juan Etxenike beratarra Villabonako Subijanan lan egitera. 1918an Ramona Etxeberriarekin ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten. Juan nazionalista zen eta bere lana banderaduna izatea zen, hots, ikurrinaren zaindaria. 1936ko abuztuan atxilotu eta Tolosako espetxean eduki zuten denbora batez; ondoren, libre utzi zuten. Kartzelatik ateratzean ez zuten Subijanan onartu eta Andoaingo harrobian hasi zen lanean, bere seme Pakorekin batera, soldata baten truke. Hilabetez han lanean aritu eta gero, 1936ko azaroan afaltzen ari zirela tinbrea jo zuten beren etxean. Juanek berak ireki omen zuen bederatzi hilabeteko haurra besoan zuela. Guardia Zibilak ziren. Orduz geroztik ez zuten Juan gehiago ikusi. Etxean preso hartu eta Ondarretako espetxera eraman zuten eta azaroaren 15ean Beran fusilatu zuten. Juan beratarra zenez, bertakoek kamioian harrobira nola eraman zuten ikusi zuten eta, nonbait, ezagutu. Denbora tarte bat igaro ondoren, berri txarra zekarren telegrama iritsi omen zitzaion Etxenike-Etxeberria familiari.

Pili Legarra
Asteasuko alkatea
“Garrantzitsua iruditzen zait Asteasun ere gai honen inguruko azterketa lana egitea”
“36ko Gerran fusilatutakoen zazpi gorpu aurkitu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak Berako hilerrian, gehienak Tolosaldekoak. Horietako bat, Joxe Leon Uzkudun Uzkudun Asteasukoa zen, eta horregatik, Udala joan den abenduaren 6an egindako omenaldira gonbidatua izan zen.
Omenaldian, Berako alkate den Marisol Tabernak hitza hartu zuen, Aranzadik egindako lanaren berri emateko. Bertako hilerrian bada hobi bat non zazpi gorputz aurkitu dituzten. Denek eskuak atzean lotuak zituzten. Berako adineko emakume batek kontatu zigun bere aitak esan ziola Berako irteeran dagoen harrobian hil eta gero kamioiarekin ekartzen zituztela hilerrira. Dirudienez, gorputz gehiago ere badira bertan, baina denak ateratzeko hilerria ia osorik mugitu beharko litzatekeela diote adituek. Idatziz dagoen informazioari jarraituz, hamabi izen emateko moduan dira, baina askoz gehiago dira bertan lurperatuak. Beraz, toki hau omenaldi gune bat izango da denen oroimenez.
Pako Etxeberria Aranzadiko kideak esan duen moduan, egia historiko hau egia ofizial bihurtu behar dugu. Egia, justizia eta erreparazioa aipatzen ditu. Omenaldiak egin aurretik egia jakin behar dela dio. Ni ados nago horrekin. Nire ustez, Udaletan benetako memoria historikoa errekuperatzeko lan asko dago egiteko. Gure herrian baditugu gerra horretan fusilatuak, eta oraindikez da ezagutzen gorpuak non diren ere. Oraingoan, Joxe Leon Uzkudunen gorpua Beran dela jakin du bere familiak, 76 urte igaro eta gero. Hainbeste urte, hainbeste sufrimendu familientzat! Hainbat urteetako isiltasunari argitasuna eta oihartzuna eman behar zaio. Pertsona guztiek merezi duten duintasuna errekuperatu beharrean gara, eta Udalok badugu zer eginik horretan.
Aranzadi lan txukuna egiten ari da eta garrantzitsua iruditzen zait gai honen inguruan Asteasun ere lan egitea; informazioa biltzea, artxiboak arakatzea... Lan hori egiteko herrian taldetxo bat osatzea nahi nuke, Villabonan egin duten antzera. Jende hori bilatu nahian nabil, eta une hau aprobetxatu nahi nuke gonbidapena luzatzeko“.

Galder Azkue
Villabonako alkatea
“ Historia ofiziala ezagutzen dugu, baina garrantzitsua da herritarren historia ezagutzera ematea”
“Udalean sartu ginen momentuan konturatu ginen aztertu beharreko gai baten aurrean geundela. Hortik etorri da ‘Frankismoaren aztarnak arakatzen’ liburuaren argitalpena. 36ko Gerrak herrian izan zuen eragina oraindik guztiz aztertu gabe dago eta, behin gertatutako guztia ondo zehazten denean, egokia litzateke errekonozimenduren bat egitea. Hala ere, ezer zehazteko daukagu. Gai honen inguruan egiten den guztia aurrerapauso bat izango da. Historia ofiziala ezagutzen dugu, baina garrantzitsua da herritarren historia ezagutzera ematea. Udalaren aldetik, ahal dugun guztia emango dugu eta erabat irekiak gaude laguntzeko. Harrigarriena zera da, hirurogeita hamasei urte pasa ondoren, oraindik ez dagoela inongo aktarik”.

Joxe Krutz Barroso
Gabino Barrosoren semea
Joxe Krutzek hiru urte zituen aita fusilatu zutenean. Bere familian beti izan dute aita Beran fusilatu zutenaren susmoa. Susmo hori ziurtatu egin da orain. “Nik ez dut gogoan, baina gerora entzun izan nuenez, beldurra nagusitu arren, herritarrek babesa erakutsi ziguten aita fusilatu eta gero. Ume garaiko oroitzapen handirik ez daukadan arren, gertaera haiek ez ditut sekula ahaztuko”.

Jesusa Mendizabal
Elias Konstantzio Mendizabalen arreba
Laurogeita hamar urte beteta lortu du Jesusak bere anaia Elias Konstantzioren gorpua non dagoen argitzea. Jesusak hamalau urte zituen guardia zibilek eta erreketeek anaia etxetik eraman zutenean. Urte asko pasa ondoren, Xerapio anaia saiatu zen Eliasen inguruko berri biltzen. 2011n egindako elkarrizketan, hala esan zuen Jesusak: “Badirudi Xerapiori billabonatar frankistaren batek damututa esan ziola Beran fusilatu zutela Elias. Hark seguru jotzen zuen hura, nahiz eta agiriren batzuetan Oiartzunen fusilatu zutela ageri zen. Berako kanposantuaren goiko harrobira eraman zituztela esaten zuen Xerapiok, eta handik ‘bolketea eginda’ hamabost gizon batera bota zituztela”. Aranzadi Zientzia Elkarteak Beran egindako indusketa lanek egiaztatu egin dute Jesusaren susmoa.

Anjeles Uzkudunek

Joxe Leonen inguruan
Joxe Leon Uzkudun Uzkudun, Anjeles Uzkudunen senitartekoa zen. Behin baino gehiagotan hartu zuen ahotan Anjelesek Joxe Leonen kasua. Tolosan ikasi ondoren Andazarrateko gainean zegoen sanatorioan lan egin zuela adierazi zuen. Anjelesen hitzetan, Joxe Leon oso maitea zuten bertan. Dirudienez, gorako bidean topatzen zituen udaberriko zizak bertako sendagileei oparitzen zizkien. Sanatorioko lana nahikoa ez eta eguerdietan, Villabonako Bittor Arregi okinari laguntzen zion ogiak eramaten. 1936ko azaroaren 8rako atxilotuta zegoen Joxe Leon eta egun batzuk geroago Berara eraman eta fusilatu egin zuten. Ez dago oso garbi zein izan zen Joxe Leonen kontrako salaketa, izan ere, ez baitirudi politika kontuetan sartua zebilenik. Anjeles Uzkudunek esan zuenez, anai-arrebarik ez zuenez, ama-izeben poza Joxe Leonekin galdu zen betiko.

Informazio panela Andoainen, 1936ko desagertuen aurpegiekin
Andoaingo 58 lagunen aurpegiak eta beren datuak biltzen dituen informazio panela ikusgai dago Alfaro Parkean, Miranda Pasealekuan, urriaz geroztik.

Herritar horiek 1936ko altxamendu militarrak eta ondorengo frankismoak desagertarazi zituenak dira. Gehienei “gorriak” eta “separatistak” izatea leporatu zieten, EAJ, EAE, PSOE, PCE edo IR alderdikide edo ELA-STV, UGT nahiz CNT sindikatuetako bazkide izateagatik. Altxamenduaren alde jarri ez zirelako fusilatu eta desagertarazi zituzten Andoain, Euskal Herri nahiz estatuko hainbat lekutan.  
‘Oroituz, Andoainen’ herriko elkartea izan da panelaren ekimen hau bultzatu duena. Frankismoaren biktimen errealitatea azaleratzeko eta horiei eta horien familiarrei zor zaizkien eskubideak aldarrikatzeko sortu zuten elkartea zenbait herritarrek 2002an, eta asmo horiei erantzuten die panelak. 
Paneleko aurpegi guztiei, izen abizenak eta euren xehetasun pertsonalak erantsi zaizkie (emaztea eta seme-alabak, non eta noiz desagertarazia…). Guztietatik 25 lagun fusilatu eta hobi komunetan lurperatu zituzten; gainerako 33ak fronteko borroketan desagertarazita geratu ziren. 
Aurpegiek, neurria jartzen diote altxamendu frankistak eragindako giza tragediari, eta horretaz gain, non diren galdetzera bultzatu nahi dute panelaren aurrean jartzen den ikuslea. ‘Oroituz, Andoainen’ elkarteak adierazi duenez, “giza eskubideen alorrean nazioarteko legediari erreparatzen badiogu, bortxaz egindako desagerketak ez dira preskribitzen. Beraz, euskal gizarteak eta politikagintzak oraindik konpontzeko daukaten auzia da desagertuena”.
Panela Alfaro Parkean kokatzen da, lehen esan bezala, 2006an fusilatuen omenez eraiki zen eskulturatik gertu hain zuzen. Leku horretan, urtero, frankismoak zapaldutako herritarren aldeko omenaldi ekitaldia antolatzen da, Errepublika egunarekin (apirilaren 14a) bat eginez. Ekitaldi horretan, desagertuen familiarrek protagonismo berezia hartzen dute; hau da, aurpegi eta izen abizenak dituzten 58 lagun horien senitartekoek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!