Zoriontsu, teklatuetara itsatsita

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 28a, 08:53

Ana Belen Garcia (Andoain, 1977) ospe handia lortua duen piano, organo eta klabizenbalo jotzailea da. Arnasa hartzeko betarik gabe dabil han eta hemen kontzertuak emanez, gozatuz beti ere.

Noiz eta nola zaletu zinen musikara?
Etxean oso txikitatik sartu zait musika belarrietatik. Aitona, Emilio Perez, eta ama, Charo Plazaola, musikariak ziren. Pepe Andoain izan zen amaren musika irakasle. Oso musikari onak izan dira, nahiz ez izan famatuak. Haiek akordeoia jotzen zuten eta nik ere instrumentu hura nuen gogoko; hala ere, nik teklak bi eskuekin jo nahi nituen, eta nola akordeoiak ezkerrean botoiak bakarrik dituen, pianoa aukeratu nuen azkenean.

Ikasketak non hasi zenituen?
Begoña Tolaretxipik bere etxean zeukan musika eskolako ikasle izan nintzen. Batez ere bere alaba Miren Begoña Mujikak eman zidan pianoko ikasgaia; oso irakasle eta musikari ona da. Egundoko oroitzapen onak eta goxoak gordetzen ditut garai hartatik. Mujika Tolaretxipi musika tradizio handiko familia da, eta euren etxean oso giro berezia arnasten zen; musika maitatzen eta musikarekin gozatzen ikasten zen han, derrigorrean.

Nola jarraitu zituen goi mailako ikasketak?
Andoaingo musika eskolan Miryam Ulanga irakasle eduki ostean, Donostiara joatea erabaki nuen karrera amaitzera. Kontserbatorioan Esteban Elizondo irakaslearekin jardun nuen, eta Musikenen Esteban Landartekin. Ondorengo bi urteetan, organoari eta klabizenbaloari heldu nien Pau-en. Nire ibilbidean, oso garrantzitsutzat jotzen dut hiru instrumentuen ikasketak egin izana. Mekanismo aldetik ezberdinak dira, baina teklatuak dauzkate hirurek ere. Esaterako, musika barrokoaren garaian ez zeuden gaur dauzkagun pianoak, eta organoekin eta klabizenbaloarekin jarduten zuten musikariek. Era horretan, gaur egun, musika hura interpretatu nahi duen musikariak ondo jakin behar du orduko bi instrumentuak nola jotzen ziren.

Zure ibilbidea aipatzerakoan, Europako bakarlari onenenen ikasle izan zara…
Mundu mailan maisutasuna aitortzen zaien organo jotzaileak dira, batez ere. Haiengana joaten naiz ahal dudan guztietan, haien eskola magistralak jasotzera, elkarrekin jotzera… Bakoitzak musikaren alderdi zehatz bat menperatzen du, eta haiengandik izugarri ikasten da. Jendartekoak dira, pertsona normalak, jainkotutako artistekin lotzen dituzten estereotipoetatik urruntzen direnak. Tarteka, astebeteko egonaldia egiten dugu elkarrekin. Donostiako Hamabostaldian, esaterako, Esteban Elizondok antolatuta abuztuan ospatzen den organoko nazioarteko ikastarora etortzen dira, eta aste osoa eurekin igaro behar izaten dut.

Zer irakasten duzu Urnietako musika eskolan?
Pianoa eta organoa irakasten ditut; ez da oso ohikoa eskola batean organoa ikasi ahal izatea, eta azpimarratzekoa da hori.
Ikasgai hutsak emateaz gain, saiatzen naiz nire ikasleei musikarako eta piano zein organorako maitasuna transmititzen. Ikasleek badakite irakasle orduetatik aparte, organo eta piano kontzertuak ematen aritzen naizela han hemen, edota abesbatzekin eta beste instrumentu jotzaileekin ere formatu ezberdineko kontzertuetan parte hartzen dudala. Nire eguneroko ibilbidea ikusita, berehala ohartzen dira musika ikasketak ez direla ikasgelako hormetan hasi eta bukatzen.

Makina bat kontzertu ematen duzu astero. Nola moldatzen zara hiru instrumentuekin?

Kontzertuak non, hango instrumentuetara egokitu behar izaten dut. Pianoei dagokionez, ez da horren zaila. Zailtasunak organoarekin sortzen zaizkit batez ere; antzinako tresnak dira, eta desberdinak (barrokoak, neoklasikoak, erromantikoak…); nork bere teklatu, nota eta erregistro kopurua eduki ohi baitu. Gerta liteke notaren batek edo bestek desafinatzea… Lekua ere ondo aztertu behar izaten da, soinuak zer nolako oihartzuna ateratzen duen ikusiz. Kontua da aurrez prestatu behar izaten dela musika emanaldia, arretaz eta pazientziaz.    
Dena den, ni pribilegiatua sentitzen naiz, leku ezberdinetatik deitzen baitidate euren organoa eskaini eta emanaldia eman dezadan. Azken astetan, esaterako, Gipuzkoan hainbesteko ospea daukaten Bergara, Azkoitia edo Azpeitiko organoak jo ahal izan ditut. Gabonetan, Santa Mariako Basilikan, Irunen, Iruñean... kontzertuak ematekoa naiz. Ez da ahaztu behar Euskal Herrian dauzkagula organo erromantikorik estimatuenetakoak, Donostiakoa batez ere. Andoaingo San Martin elizakoa ere erromantikoa da; haren esku eta pedalezko teklatuekin poesia dirudien soinua ateratzen da.

Benetako pasioa sumatzen zaizu, organoa mintzagai denean…
Orduak eta orduak igaro nitzake organo bati musika atera nahian; egunak, organoak hizketa gai izanda. Maiz, oporretako bidaiak aitzakiatzat hartzen ditut, ez dakit nongo organoa ezagutu ahal izateko. Herri edo hiri bateko monumentuak, museoak, kaleak… ikusteko interesa edukitzen dut, bai, baina nekez etxeratuko naiz bertako organoa ezagutu eta behatzekin frogatu gabe.

Organoa seriotasunarekin eta errepertorio klasikoarekin lotu ohi dugu…
Musika liturgikoa eta gainerakoak bereiztu beharko lirateke. Nik denetariko egitarauak prestatu ohi ditut, zer motatako entzulea izango dudan aldez aurretik jakinda; musika barrokoa, klasikoa, erromantikoa, garaikidea…

Eta pop-a edo eta rock-a?
Ez da normalena, elizak baitira organoen egonleku naturalak. Hala ere, zergatik ez? Hori bai, kontuan harturik une bakoitzean non ari garen jotzen eta errespetuz jokatu behar dela beti.  Ezkontzetan noizbait eskatu izan didate, esaterako, John Lennon-en eta antzekoen abestiak jotzeko, eta ni gustura aritzen naiz. Uste okerra da pentsatzea organo batek soilik musika klasikoa jo dezakeela. Organoaren teklatuetara egokitzen jakinez gero, zergatik ez musika modernoagoa jo? Orkestra bat bezala da organoa, azken batean; baliabide guztiak dauzka berarekin.

Entseguak eta musika emanaldiak bakarka, musika taldeekin, abesbatzekin… ez al da bizimodu nekagarria?
Geroz eta kontzertu gehiago egiten ditut, proposamen eta gonbidapenak ere erruz heltzen zaizkit, eta egia esan, egunetik egunera gusturago nabil horrela. Gainera, kosta egiten zait  inori ezetz esatea. Ezezkoa, egun eta ordu berean musikarekin lotutako beste konpromisorik baldin badaukat soilik ematen dut. Niretzako hori ez baita lana, gozamena baizik!  

Ez al zaitu tentatzen konposatzaile izateak?
Ezagutzen ditut konposatzaileak, eta badakit zein zaila den hori. Errespetu handia zor diet. Ez naiz konposatzailea, nire gogoa eta ahalegina garai ezberdinetako musikak menperatzera eta interpretatzera bideratzen dira. Asko jota, inprobisatu egin dezaket; konposizio txiki bat da ariketa hori, azken batean.
 
Nola dakusazu Andoaingo musikaren panorama?
Harrigarria da zenbat musikari eta zein onak dauzkagun Andoainen! Piano, bibolin, akordeoi eta organo jotzaileak, abeslariak... Amaigabea da zerrenda. Guztiekin, bi urteko musika egitaraua osatzeko lain daukagu Andoainen. Nik uste herriko musikazaleek badakitela zenbateko kalitatea dagoen bertan, eta erantzuten dute kontzerturen bat antolatzen denean. Nolanahi ere, esango nuke kalitate hori ez dela behar bezala islatzen; are gutxiago, Basteroko auditorioa edukita. Zergatik ez berpiztu, esaterako, garai bateko ‘Andoain Protagonistak’ kontzertu ziklo hura?

Ibilbide oparo eta nekaezina
Musika ikasketak Andoainen eta Donostian egin eta gero, heziketa Europan sona handia duten bakarlariekin osatu izan du: besteak beste, Brett Leighton, Michel Bouvard, Joris Verdin, Montserrat Torrent, Jacques Van Oortmerssen, Louis Robilliard eta Daniel Rothekin.   
Musika barroko, erromantiko nahiz garaikideko hainbat jaialditan parte hartu izan du Frantzia eta Espainiako estatuetan. Gipuzkoako leku ezberdinetan ere makina bat organo kontzertu eman ditu. Donostiako Santa Maria Basilikako eta Andoaingo San Martin elizako organo jotzailea da. Piazzolla Proyect, ABOST eta Ara Voce taldeetako kidea da, besteak beste. Easo Abesbatzarekin eta Donostiako Orfeoiarekin kolaboratzen du.
Egun, Urnietako “Lurdes Iriondo” musika eskolako piano eta organo irakaslea da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!