Iñigo Sarasola Eslovenian jokalari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 27a, 10:23

Txikitatik murgildu zen futbolaren munduan Iñigo Sarasola billabonatarra. Gaur egun, Esloveniako Olimpija Ljubljanako jokalaria da.

Azalduko al duzu futbolaren munduan egin duzun ibilbidea?
Zortzi urterekin Billabona F.K.E.-n hasi nintzen, Arratzainen. Bertan nenbilela, hamaika urterekin Realetik deitu zidaten proba batzuk egin nahi zizkidatela eta. Horrela, hamabi urterekin Realean hasi nintzen. Infantiletatik abiatu eta poliki-poliki etapak pasatzen joan nintzen Sansera iritsi nintzen arte. Azken honetan hiru urte egindakoan lehen mailara igo nintzen. Denboraldi bat lehen mailan egin eta gero, Irungo Real Unionen urtebete egin nuen eta ondoren Beasainen, beste urte erdi bat. Aurtengo udan, berriz, Eslovenian jokatzeko proposamena egin zidaten eta azkenean onartu egin nuen.

Gipuzkoarra izanik, zer sentitzen da Realeko jokalari izatean?
Sentsazio berezia da. Bertako kide zarenean ez zara kontziente atzean dagoen sentimendu guztiaz, bai jarraitzaileak, kideak… Ondoren, ordea, egunerokotasunean normala egiten da. Hala ere, jokalari izan naizen beste taldeetan ez dut horrelakorik sentitu. Real zaleek sentimendu eta jarraikortasun handia erakusten dute taldearekiko.

Realeko jokalari zinela, bigarren mailatik lehenengora igo zineten. Nola bizi izan zenuen momentu hura?
Izugarria izan zen. Gipuzkoa osoa hain pozik ikustea taldeak egindako lanarekin… Gainera, ondoren, Donostiako kaleetan barrena ibili ginen autobusean eta ekitaldia udaletxeko plazan amaitu genuen. Balkoitik begiratu eta hainbeste jende ikusteak ez du preziorik.

Gaur egun, Esloveniako Olimpija Ljubljana taldean jokatzen duzu. Zer moduzkoa izan da Villabonatik Esloveniarako saltoa?

Egia esan, aldaketa handia izan da. Herri txiki batean bizitzetik hiri batean bizitzera ohitzea kosta egiten da. Gainera, bakarrik bizi naiz; han ez daukat lagunik, ez familiartekorik… Zailena, ordea, hizkuntzarekin moldatzea egin zait. Egunerokotasunean ingelesez mintzatzen naiz, esloveniera ez dut batere kontrolatzen. Hala ere, oso gustura nago. Nahiko ekipo profesionala da eta egunero izaten ditugu entrenamenduak. Gainera, oso esperientzia aberasgarria dela uste dut. Bizitza osoa zure herrian egin ondoren, ateratzen zarenean, betikotasunetik at beste mundu bat dagoela ikusten duzu, beste bizitzeko era batzuk, beste kultura batzuk, etab., eta hori oso aberasgarria da.

Noiz arteko kontratua duzu bertan?
Urtebeteko kontratua daukat sinatuta, beraz, ekainera bitarte egongo naiz bertan. Orain, neguan, hilabeteko oporrak dauzkagu elurra eta hotzagatik.

Zein desberdintasun dago Esloveniako eta hemengo futbolaren artean?
Eslovenian garrantzi gehiago ematen zaio teknikari, eta hemen, berriz, taktika da gehien lantzen dena. Bestetik, partiduak ere desberdinak izaten dira: han irekiagoak eta hemen itxiagoak.  

Zer da futbolak eman dizun onena eta txarrena?
Bizitzako balore  asko ikasten dira eta, gainera, lagun asko egiten dira,  jende asko ezagutzen baita. Txarrenen artean, berriz, momentu batzuen galera aipatuko nuke. Hau da, une batzuetan, oraingoa kasu, sakrifikatu beharra izaten da; lagunekin, etxekoekin edota neskalagunarekin denbora pasa beharrean, kanpoan pasa behar.

Askoren ustez, futbolaria izatea erraza da: Entrenatu, partiduak jokatu eta dirua irabazi. Zer esango zenieke uste hori dutenei?
Ez nago ados. Egia da bizi kalitatea ona dela, baina ez da dirudien bezain erraza. Psikologikoki lan handia eskatzen du, astea hasten den bezalaxe buruan asteburuko partidua izaten da eta alde horretatik ez duzu sekula deskonektatzen. Gainera, egunerokotasunean bizitza lasaia eman beharra daukazu eta dietak ere bere garrantzia izaten du. Gauza guztiek bezalaxe, bere abantailak eta desabantailak ditu.

Futbolaren munduan zein izango litzateke zure ametsa?
Futbolaren egunerokotasunean disfrutatzea gustatzen zait, bai entrenamenduetan eta baita partiduetan ere. Momentu batzuk zailak izaten dira, besteak beste, jokatzen ez duzulako, eta hor motibazioak behera egiten du. Nire nahia egunerokotasunean zoriontsu izatea da. Berdin zait egunerokotasun hori talde on batean ala kaskarrago  batean izan; gustura egon nahi dut.

Etorkizunera begira zein asmo duzu?
Urtean urtekoa bizitzen dut. Futbolean jarraitzeko asmoa badut, baina ez dakit ez non ez  eta nola ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!