Bandera espainiarraren afera, eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 27a, 09:21

Espainiako Gobernuak bandera espainiarra jartzera behartu du eskualdeko hainbat Udal; besteak beste, Zizurkil, Aduna eta Amasa-Villabonako Udalak.

Zizurkilen 2009tik datorren gaia da banderarena. Garai hartan Zizurkilgo zinegotzia zen PP alderdiko Raul Vazquezek salaketa jarri zuen udaletxean bandera espainiarrik ez egoteagatik. Auziak epaitegietako bidea hartu zuen eta 2012ko urte hasieran iritsi zen epaia, udaletxean bandera espainiarra jartzera behartzen zuena. Epaia behin betikoa zen eta ez zuen errekurtsorik onartzen.
Zizurkilen ondotik etorri dira Adunako eta Amasa-Villabonako Udalen auziak. Legearen arabera, bandera bera bakarrik edo beste ikur gehiagoren artean jar daiteke, baina betiere hura erdian delarik. Lehentasunezko tokia gorde behar zaio, beraz. Tamainaz ere, ezin du inguruan dituenak baino txikiagoa izan. Horrez gain, udaletxearen kanpoaldean eta pleno aretoan jartzea beharrezkoa da. Behin bandera jartzera behartzen duen epaia iristean, Udalek derrigorrean jarri behar dute, gainerakoan Udal ordezkarien aurkako gaitasun gabetzea etor liteke, bai Udalean aritzeko, baita beste zenbait lan publikotan aritzeko ere.

Adunako kasua
2011ko abenduan iritsi zen errekerimendua Adunako Udalera: “Lehen kasuak Aldundian eta Zizurkilen eman ziren. Ondoren, beste zortzi herritara iritsi ziren abisuak, tartean gurera, eta orain, denetara batera iritsi da”, azaldu du Josu Amilibia Adunako alkateak. Abisuari muzin egin ondoren, kontentzioso administratiboa iritsi zitzaien: “Horrela lehen errekurtsoa aurkeztu genuen eta ekainean bandera jartzera behartuta geundela esaten zuen sententzia jaso genuen. Ondoren, bigarren instantziara jo genuen, Bilbora; irailaren amaieran ixten den errekurtsoa aurkezteko azken epea. Bigarren errekurtsoa, beraz, aurkeztua daukagu eta orain bigarren sententzia horren zain gaude”.
Dagoeneko bi batzar herrikoi egin dituzte Adunan. Sententziaren desobedientziak dakartzan ondorioak aztertu ondoren, honako erabakia hartu dute: “Jarri behar bada, jarriko dugu, baina gure aldeko ikurrak errebindikatu beharra dauzkagu. Egindako batzarretan hainbat ideia bildu zen, baina ezer egin aurretik behin betiko sententzia zein den jakin nahi dugu”, azaldu du Josuk.

Amasa-Villabonan, hasi berriak
Aurtengo Santio jaietan iritsi zen errekerimendua Amasa-Villabonara, “guk ez genion jaramonik egin eta irailean kontentzioso administratiboa sartu ziguten, ezezkoaren arrazoiekin espedientea bidaltzeko eskatuz. Guk espedienterik ez genuela esan genien eta abenduaren 5ean kontentziosoa etorri zen, auzitara deituz”, adierazi du Galder Azkue alkateak. Abokatuak eta prokuradoreak izendatu ondoren, errekurtsoa aurkezteko asmotan dabil Udala: “Momentu honetan erredakzioan dago errekurtsoa, baina abenduaren amaierarako aurkeztua eduki behar dugu. Ondoren, erantzunaren zain egotea besterik ez zaigu geratzen. Hala ere, dagoeneko herri batzarra deitua daukagu. Datorren urtarrilaren 15ean, asteartean, izango da 19:00etan Subijana etxean”.

Gobernuaren jarrera
Josu Amilibiaren ustez, “Espainiako Gobernuari gutxien inporta zaiona bandera hor egotea da. Bere helburua, herritarren artean talkak sortzea da. Oso gai mingarria da eta herritarren arteko higadura hori bilatzen dute. Horrez gain, autoritate inposaketa dute xede, hots, Espainiar Estatuan nork agintzen duen argi uztea. Gaur bandera da eta bihar beste zerbait izango da”. Galder Azkue ere iritzi bertsukoa da: “Legea euren alde daukatenez, guk probokazioan ez erortzen saiatu behar dugu. Beraiek gure arteko gatazkak bilatu nahi dituzte eta gure apustuak horri buelta ematea izan behar du, hau da, beraiek guri jartzen diguten presio hori nolabait ere guk beraiei jartzea, gure ikurren errebindikazioekin. Istilu asko sortu duen gaia da, banderarena inposatuko dute, baina horrekin ez dituzte sentimenduak aldatuko. Herriaren erantzuna beharrezkoa da”.

Luzapena, giltza
Prozesuan sartuta dabiltzan bi Udalek sententzia zein izango den nahiko garbi duten arren, euren ustez, luzapena da giltza: “Erresistentzia modu bat da, denbora irabazten duzu, eta erabakiarekiko duzun desadostasuna erakutsi”, azaldu du Josuk. “Honek guztiak gastu ekonomikoak dakartzan arren, ondo inbertitutako dirua da”, iritzi dio Galderrek.

Bai Euskal Herriari eragilearen laguntza
Adunako zein Amasa-Villabonako batzarrak Bai Euskal Herriari eragileak bultzatutakoak izan dira: “Herriko eragilea da eta Udaloi laguntzen ari zaigu. Instituzioetatik kanpo dagoen mugimendu bat da, gai honetan asko kolaboratzen ari dira eta hori eskertzekoa da”, gaineratu du Josuk. Amasa-Villabonako Udalak inposaketa honi aurre egiteko ideia batzuk badituen arren, “herriak Bai Euskal Herriari eragilearekin batera hartutako ekintzak eramango dira aurrera”, azaldu du Galderrek. Horretarako, ordea, herriaren erantzuna beharrezkoa dela uste du: “Erasoa Udalari zuzendu bazaio ere, herriari dagokio erantzuna  ematea. Bai Euskal Herriari eragileak esperientzia du eta polita litzateke honekin batera herrian taldetxo bat sortuko balitz arazo hau lantzeko. Ezin dugu onartu gureak ez diren ikurrak inposatzea. Guk gure esku dagoen guztia egingo dugu, bando, auzi edota dena delakoen bitartez”.

Banderaren konnotazioak
Galder Azkueren ustez, “arduragabekeria”  litzateke horrelako agindu bat ez errekurritzea: “Niretzat banderak ez dira garrantzitsuenak, baina bai esanguratsuak. Espainiar banderak konnotazio asko ditu, Gerra Zibilaren ondoren berrogei urtez luzatu zen Frankismoaren bidetik, inposizioz, sortu den bandera da. Ez da demokratikoa gureak ez diren ikurrak erabiltzera behartzea. Guk baditugu gureak, utz gaitzatela bakean”.  Herritarrei, berriz, mobilizatzeko deia egin die: “Herritarrak adi egon daitezela deialdietara. Nire aldetik, parte hartzera animatu nahi ditut”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!