Gabonetako kontzertu berezia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 27a, 09:20

Organoaren konponketak eragindako gastuei aurre egiteko, kontzertu berezia antolatu dute abenduaren 28rako.

Ehun urte bete zituen iaz Asteasuko San Pedro Elizako organoak. Urteurrena gogoan, organoa guztiz eraberritu eta ospakizun bereziak egin zituzten. Aurten, ordea, ezustekoa gertatu da. Hala azaldu du Pili Legarra alkateak: “Elizako teilatuko urak bideratzen dituen kanaloia zikindu egin zen eta euri urak barrualdera sartu ziren. Organoa busti egin zen eta kalte handi xamarrak eragin zizkion. Herriko ondare garrantzitsua da organoa, eta eraberritze lanak egin zaizkio, berriro ere”.

Konponketa gastuak
4.700 euro pasatxoko kostua izan dute konponketa lanek. “Konponketa lan handi xamarrak behar izan ditu. Kostuaren zati bat aseguru etxeak ordaindu du, beste zati bat elizak eta Udalak ere jarri du diru pixka bat. Hala ere, diru gehiago beharko da ordainketari aurre egiteko eta helburu hori lortzeko, kontzertu berezia antolatu da abenduaren 28an”, adierazi du Pili Legarrak.

Gospel kantua
Ondare garrantzitsua da Asteasuko organoa: “Udalak herriko ondarea babesteko ahalegina egin behar du eta hala egingo dugu kasu honetan ere. Haatik, ez zait egokia iruditzen horrelako gastuak beti diru publikotik ordaintzea. Gauzak beste modu batera egin daitezkela uste dut, eta halaxe jakinarazi nien Asteasuko abesbatzako kideei, organoaren konponketarako laguntza eske etorri zirenean”. Ordainketari aurre egiteko kontzertu berezia ospatuko da abenduaren 28an, elizan. “Gospel musika eskainiko da. Ganbara abesbatzako kideak etorriko dira eta Asteasuko abesbatzakoekin batera abestuko dute. Amasa-Villabonako Eresargi abesbatzakoak ere bertan izango dira”.

Sarrerak, sei euro
San Pedro elizan egingo dute emanaldi berezia, arratsaldeko 19:30etan hasita. “Sei euro kobratuko da sarrera eta hamabi urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharrik izango. Hauxe izango da Eguberrietako kontzerturako sarrera ordaindu beharra izango den lehendabiziko aldia, eta ez dakigu nolako erantzuna izango dugun. Helburuak merezi duela uste dugu; izan ere, organoa guztien artean zaindu beharreko ondarea baita”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!