Emozioa eta aldarrikapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 19a, 18:39

Mertxe Brosak jaso zuen sari nagusia; Ixiar Arregi, Nati Unanue, Fermina Okiñena, Ramon Truchuelo eta Jose Martinezek, berriz, Caritasen sorrera aktaren pergaminoa, hurkoaren aldeko laguntzan nabarmendu izanagatik. Une hunkigarriak bizitzeaz gain, egungo gizarte ereduari kritika egin zioten Jose Mari Olazabalen Bidea izeneko omenaldi ekitaldian.

Bideoak: Brosa | Okiñena | Sanz

Kronika:

Erabat hunkituta jaso zuen Mertxe Brosa herrikide eta kooperanteak Jose Mari Olazabalen Bidea saria. Nikaraguan, Malpasillo herriko emakumeen burujabetzaren alde azken hogei urteetan egiten ari den lana gogoan izan zuen Caritas erakundeak. Jose Ramon Amondarainek landutako artelana jaso zuen opari modura. Aurkezpen lanetan aritu ziren Jose Larrañagak eta Manu Etxezortuk oholtzara igotzeko gonbitea luzatu zioten Mertxeri eta taulagainean ohorezko aurreskua dantzatu zion Aritz Brosa ilobak, Alberto Agirre abesbatzak eta udal bandako txistulariek lagunduta. Ahotsa dardarka zuela, mikrofonora hurbildu, eta mezu garbia helarazi nahi izan zuen, labur baina zuzen: "Zoriontasuna besterik ez dut bilatzen mundu honetan. Bat egiten dut nire aurretik hitza hartu duten Caritaseko ordezkariak eta Andoaingo udaleko gizarte zerbitzuetako Ana Sanzek adierazi duten ideiarekin, alegia, beste mundu justuago baten premian gaudela. Zentzu horretan, nik beste mezu bat erantsi  nahiko nuke gaur. Beharbada euskalduna izateak eta nazio arazoarekiko sentibera sentitzeak lagun nazake ondoren esango dudana modu berezi batean aztertzen eta adierazten. Honakoa da mezua: Nikaraguako biztanleek, eurek erabaki nahi dute zein motatako munduan bizi nahi duten. Hortaz, ez daitezela heldu mendebaldetik esanez zer komeni zaien eta zer nolako mundutan bizi behar duten. Egundoko garrantzia dauka Nikaraguako jendearentzat ideia hori garbi edukitzeak. Dirua jarri eta finantzabideak bideratu arren, mendebaldeak ezin dezake hango gizarte eredua ezarri. Posible eta egingarria da beste mundu bat; horretan ari gara lanean han, Nikaraguan. Eta kanpotik datozenei ez diegu utziko euren mundu ikuskera inposatzen. Utz diezagutela eraikitzen guk nahi dugun mundua!".
Mertxe Brosaren hitzak txalo zartadaz erantzun zituen ekitaldira bertaratutako jendeak. Horixe izan zen ostegun ilunabarreko (abenduak 13) unerik gorena.
Hala ere, ekitaldia ez zen horretara mugatu. Ixiar Arregi, Nati Unanue, Fermina Okiñena, Ramon Truchuelo eta Jose Martinez herrikideek ere Andoaingo Caritasen sorrera aktaren pergaminoa jaso zuten. Pertsona horiek hurkoaren alde emandako laguntza nabarmendu nahi izan zuten.
Fermina Okiñena hila denez, hura ordezkatzera joan zen Joakin Okiñena bere ilobak jaso zuen saria. Hain zuzen, Okiñenak hartu zuen hitza, eskerrak emateko bere izebaren eta gainerako saritu guztien izenean. Hasierako Caritas elkartearen inguruko pare bat pasadizo kontatzeko tartea hartu zuen. "Estatu Batuetatik hauts-esnea ekartzen hasi ziren Marschall Planaren ostean, 50eko hamarkadan. Baina hautsa nola bihurtu esne? Bada, Andoaingo Caritaseko kideren bati garbigailu bat erostea otu zitzaion; haren barrura ura eta esne-hautsa bota, motorra martxan jarri, eta horrela egin zuten esne likidoa, gero herriko behartsuen artean banatzeko".

Eredu berri baten alde
Ekitaldian zehar, bizi dugun gizarte ereduarekiko kritikak entzun ziren behin baino gehiagotan. Gipuzkoako Caritaseko arduradun Jose Migel Lafuentek gizarte justuago baten alde jardun zuen: "Caritasen gizarte eredu berri baten aldekoak gara; hartzen diren erabaki politikoak pertsona guztien duintasuna, guztien ongizatea eta ondasunen banaketa unibertsala helburu izan zezaten nahiko genuke".
Ana Sanz Andoaingo Udaleko gizarte zerbitzuetako teknikariak gogoratu zuenez, Andoaingo biztanleriaren  %15,04 langabezian dago; langabezi-tasa eskualdean %13,04a eta Gipuzkoan %13,63a denean, hurrenez hurren. Beharrik handiena duten pertsona eta familiei laguntzeko, Udalak eta Caritasek elkarlanean jarduten dutela adierazi zuen.
Laguntza eskatzen dutenen artean joera berriak ikusten ari direla ere ohartarazi zuen: "herriko edonor aurki daiteke guk eskaintzen ditugun zerbitzuen beharrean; baita ekitaldi honetan bildu garenok, une zehatzen batean". Krisiak, gainera, pertsonen beste zenbait alderditan eragin dezakeela adierazi zuen: "arazo psikosozialak ere sor ditzake (autoestimu kaskarra, antsietatea, depresioa...), eta halaber, gizarte harremanak honda ditzake".
Andoaingo Caritas elkarteko kideek ekitaldian zehar Andoaingo dokumental zirraragarria aurkeztu zuten. Dokumentalak hainbat herrikidek bizi duten egoera larria aditzera ematea du helburu, eta pertsona anonimoen testigantzak entzun daitezke bertan.   
"Nicaragua, Nicaraguita" abesti ezaguna abestuz ekitaldiari amaiera eman zioten. Musika Andoaingo rondalla taldeak eta Jose Mari Oiartzabalek jarri zuten. Ahotsa, berriz, Alberto Agirre Abestatzak eta abestera animatu ziren entzule guztiek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!