Jokin Lizeaga herritarraren ekimenari esker, pasa zen ostiralean urnietarrek "Gazta zati bat" dokumentala ikusteko aukera izan zuten. Jokinek berak, Sarobe aretoa ia guztiz betetzen zuten ikusleei eskerrak ematearekin batera, filmaren aurkezpen xume bat egin zuen.
Nazioen Munduan ekimenetik abiatzen da filma, eta Euskal Herria eta Eskoziako herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan ari da hein handi batean, herri kirolen truke batetik abiatuta. Jon Maia bertsolari ezagunak zuzendutako dokumentalak, gatazka modu berritzaile batean aurkezten du: hainbat gertakizunen inguruko gertuko begirada eskaintzen du, letra txikiz kontatzen du historia, gertutasunetik, intimismotik eta umoretik. Gizatasunaren faktorea azpimarratuz eta historiaren eta kazetaritza kroniken estereotipoetatik aldenduz. Azpimarratzekoa da, filmeko argakilaritza lanaren arduradun den Juantxo Sardon urnietarrak egindako lan bikaina.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!