Omeñaka, Aranburu, Beristain eta Fitero Andoaingo Bandaren historia bizia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 14a, 09:29

Andoaingo Bandaren mendeurrenean Santa Zezilia eguneko kontzertuan lau partaide omendu zituzten. Bandaren historiaren lekuko biziak dira.

Joan Omeñaka
Bizkaia, 1937

Zerbikalak gaizki, eta ia urte osoa egin du bandarekin jo ezinik, oinazeak bakean uzten ez eta. Hala ere, ez du bazterrean utzi nahi bonbardinoa, ia bizitza osoan ondoan eduki duen instrumentua. “Arra dabilkit barru-barruan etengabe, utzi nuenez geroztik. Nik ez dakit zer den droga baten menpe bizitzea, baina iruditzen zait nik azken hilabeteetan bizitu dudan ezinegon horren antzekoa izango dela”. Bonbardinoa ukitu ez arren, geldirik ez da egon gizona: “asko ibiltzen naiz kalean hara eta hona, eta tarteka bonbardinoaren ahoko pieza ahotan eraman izan dut, praktika ez galtzeko. Planta horrekin ikusi nauenak, erotuta nagoela pentsatuko zuen!”.    
Ezin izan zuen parte hartu bandak azaroaren 25ean eskaini zuen kontzertu berezian. Baina ikusle bezala, emozioari ezin eutsirik egon zela kontzertu osoan aitortu du: “Hasieratik emozioz gainezka jarri nintzen; eutsi eta eutsi egon nintzen, halako batean lehertu egin nintzen arte; pantailan bandaren erretratu zahar bat jarri zutenean izan zen hori. Begiko malkoak ezin disimulaturik egon nintzen, emaztea ondoan nuela”. Kontzertuaren amaieran, bandako lau zaharrenak omendu zituzten; oholtzara igotzera gonbidatu zuten Omeñaka, baina hau ez zen pakaz izan aulkitik altxatzeko. Emozioa, lotsak… dena batu zitzaion.  
Egun hartako ospakizunaren ostean, amaiera eman zion segi ez segi esanez  buruan zebilkien dilemari. Era horretan, lehengo astean bertan heldu zion berriro bonbardino zaharrari, entseguan parte hartzeko.
1953an sartu zen Andoaingo bandan, eta etengabe parte hartu du harrezkero. “Solfeoa ikasten ari nintzela gaztetan, Alberto Agirre zuzendariak tronboia jo nahi al nuen galdetu zidan. Handik bi urtera, berriz, bonbardinoa eskaini zidan. Nik uste bandak zein instrumentu falta, huraxe bilatzen zuela ikasleen artean Agirrek. Oso musikari ona zen, baina nahiko zakarra irakasle bezala; besotik heltzen zizun gogor, konpasa gaizki eramaten bazenuen!”.     
Garai haietan eskaini zioten bonbardino zaharrarekin jarraitzen du oraindik ere. “Bonbardinoa armiarma sareak ere bazituen, eta kanpaiatik txipiroiak ere irteten ziren! Ederki garbitu behar izan nuen ur epelez!”.
Omeñaka, Bandak igandero kalean egin ohi zituen dantzaldietan iaiotu zen musikari bezala. “Goikoplazan neguan, eta Bekoplazan udan jotzen genuen. Hogei bat minutu irauten zuten hiru bat pieza jo eta atsedena hartzen genuen. Atseden hori andregaiarekin egoteko, txikito bat hartzeko edo hankak pixka at luzatzeko hartzen genuen. Arrakasta handia lortzen genuen gazteen artean”. 60ko hamarkadan zabaltzen hasi ziren orkestinek, ordea, banden gainbehera ekarri zutela uste du Omeñakak. “Gazte baten begietara, konparaziorik ez ere zegoen orkestinen musika modernoaren eta bandaren txunda-txunda martxaren artean. Denborarekin gertatu zen ia ez zela inor azaltzen kontzertuetara; Aparicio goxokiz betetako gurdiarekin, barkillo saltzailea eta musikarion andregaiak besterik ez! Azkenean, Luis Fraca zuzendariari kexua agertu genion, barregarri geratzen ginela esanez. Horrela, kontzertuak tarteka eta orkestinarekin batera hasi ginen ematen”.

Luxio Aranburu
Gabiria, 1936

Omeñaka eta biak 1953an sartu ziren Andoaingo musika bandan. “Udal musika eskolak irakasle bakarra -Alberto Agirre- zuen garaiak ziren haiek. Nik klarinetea aukeratu nuen ez dakidan arrazoiak zirela medio, eta harekin jarraitu dut gaur arte”.
Ia 60 urte horietan gertaera eta pasadizu ugari ezagutu ditu, baina beren ibilbidea deskriba dezakeen marka bat ondu izana nabarmentzen du Luxiok, kuriosoa benetan: familia bereko lau belaunaldiekin musika jo izana bandan, alegia. “Huizi familiarekin gertatu zaigu hori. Bajua jotzen zuen Martin Huizi aitonarekin hasi ginen; bere seme zen Joxe Mari Huizi saxojolearekin ere jo genuen. Ondoren, Xabier Huitzi saxofoi jolea ere etorri zen. Azken urtetan berriz, Xabierren bi seme-alabak izan ditugu bandakide”.      
Bandaren aldirik diztiratsuenak bizi izan ditu Luxiok, baina baita krisialdiak ere. Azken horietan goibelena agian, 60ko hamarkadaren azken aldera gertatu zena, “igandeetako dantzaldietara ez zitzaigun entzulerik hurbiltzen; eztabaida gogorra gertatu zen bandaren eta udalaren artean, eta Banda deseginda geratu zen kasik”.
Krisiak krisi, Luxiok musikarekin estuki loturik jarraitu zuen garai hartan: “Nik beti izan dut harremana Tolosa herriarekin, musikari esker. 70eko hamarkadan, esaterako, Tolosako Bandarekin aritu nintzen”. Nahiko ahaztua zeukan partaidetza hori Aranburuk, baina hara non jaso berri duen gonbitea Tolosatik: “Egungo bandak zera eskatu digu, garai batean jo genuen zaharreneoi: datozen inauterietan kontzertua eman dezagun. Ahal duguna egingo dugu, eman zaigun errepertorioa ikasita”.
Tolosak ez dauka ahaztuta Luxio musikaria, eta lanez gainezka jarri dute hurrengo urteari begira: “Pocatripa izeneko txarangako partaide naiz, 2013an 50 urte beteko dituena, bizirik oraindik. Urteurren hori ospatzeko, diska grabatzen aritu berri gara Bonberenean. Gauzak horrela, jo eta ke jardun beharko da datozen inauterietan!”.
Musikari baten bizitza gero eta luzeagoa dela, Luxio da horren adibiderik argiena. Luzatze horrek, besteak beste eragin du musikarien joerak ere beste modu batera eboluzionatzea eta ibilbideak unean uneko gizartera moldatzea. “Aldatu egin da musikarien eta musika instrumentuaren arteko harremana. Lehen ezkondu egiten zinen instrumentuarekin, senarra edo emaztea balitz bezala. Betirako zen instrumentua eta betirako herriko bandako kide izatea. Oraingo gazteak, denetik egin nahi izaten dute musikaz gain, ingelesa, kirola, dibujoa… Era horretan, musika ikasketan maila batera iristen dira, baina jarraitu eta sakondu ezinik geratzen dira, eta bazterrean uzten dute musika. Instrumentu batek dedikazioa eta kontzentrazioa eskatzen du, burua beste zaletasunetan gehiegi dispertsatu gabe”.
Banda ere errealitate horren menpe bizi dela uste du Aranburuk: “Gazte batzuk Bandan hasten dira gogoz, baina utzi egiten dute bolada bat egin eta gero, nahiz eta horietako batzuk handik urte batzutara itzuli”.
Andoaingo Bandaren etorkizunaz galdtuta, musika eskolan ikasten ari diren ikasleen bizkar jarri du itxaropena: “saiatzen badira eta herriko Bandan sinesten badute, honek aurrera egingo du. Bultzaka badatoz, zaharrok tokia egingo diegu noski”.
Ulertzen du gaurko gazte batek nahiago izatea kalean jotzea musika, txarangako partaide izatea... Hala ere, “gaurko gazteek banda batek ematen duen eskarmentua jasotzeko premia daukate: beste instrumentuak entzun, erritmoa hartu, konpasean sartu... Hortik aurrera, nahi dutena egiteko prestatuta egon daitezke”.
Errepertorioa gaurko gustuetara egokitu dela aitortzen du Luxiok, eta horri esker, gazte baten begietara Banda erakargarriagoa egiten dela dio Luxiok. “Lehen zarzuela asko jotzen zen; ia kontzertu osoa hartzen zuen maiz. Erritmo aldaketa izaten ditu etengabe (pasakalleak, balsak, txotisak…) eta horrek asko zailtzen du musikariaren lana. Gaur egun zarzuela ia desagertu egin da, eta horren ordez, rocka edo eta filmetako musika nagusitu dira”.   

Jesus Mari Beristain
Villabona, 1936

Musikari txiki-txikitatik hartu ziola gustua aitortu du Beristainek. “Ez nuen zalantzarik eduki, eta behin lehen jaunartzea hartuta, Villabonako herriko eskolan hasi nintzen solfeoa ikasten. Udal txistulariek eta Bandak plazako arkupetan igandero jotzen zuteneko garaietaz ari naiz; haiek entzuten eta dantzari helduak ikusten egoten ginen gaztetxoak”. Tronpa ikasteaz gain, tripletako abeslaria izan zen aurreneko urte haietan. “Hamalau urterekin, ordea, ahots mutuaren gaitzak jo zidan, eta harrezkero, nire ahaleginak tronpetara bideratu ziren erabat”.  
Soldaduskatik etorrita, Tolosan orkestina batekin musika jotzeko deitu zioten; dantzaldien urrezko aroa bizitu zuen Beristainek. “Umore Ona eta Los Zafiro taldeekin urte mordoa pasa nuen Beotibarren. Lepo jartzen zen pilotalekua igandero; beste dibertsiorik ez zeukaten gazteek; eskoletan mutilak alde batetik eta neskek bestetik ibiltzen ziren, eta kale giroan ere neskak tabernetan sartzen ez zirenez, Beotibarreko dantzaldiek eskaintzen zuten harremanak egiteko eta ligatzeko aukera bakarra”.
Modako errepertorioa jotzeak ekarri zien arrakasta: “Irratian abesti modernoak entzun, notak paperean apuntatu eta ikasi egiten genituen, igandean jotzeko. Guk ordu terdiz jotzen genuen, baina gure aurretik ospe handiko abeslariak ekartzen zituzten, Karina, Mocedades…”.
45 urte zituela, Andoaingo musika eskolako irakasle egin zen 1981ean. “Tronpetako irakaslea behar zela irakurri nuen iragarkia, eta Sacem lantegiko langilea nintzen arren, ematen zidan denbora Andoainen irakasteko. Luis Fraca zen orduan eskolako zuzendaria”.
Hamabost urte egin zituen bertan, 1996an jubilatu zen arte. Irakaskuntza utzi arren, musika Bandako kide izate jarraitu zuen, eta bertako zuzendari izan zen 1993-1996 epealdian. “Berez, Bandak ez zuen modu egonkorrean funtzionatzen; tarteka hemen edo han kontzerturen bat ematen zuen, instrumentuak osatzeko kanpotik musikariak ekarri eta gero”.
Gaur egun ezagutzen dugun Andoaingo Bandak 1997an ekin zion berriro, bizi aro berri bati hasiera emanez, eta bere ehungarren urteurrenera iritsi den arte. Gertutik ezagutu zuen prozesu hori Beristainek. “Orduan zinegotzi eta musikari zen Garbiñe Egibar zinegotziak serio heldu zion Banda berreraikitzearen ideiari, eta udalak hainbat musikariei gutuna bidali zigun parte hartzera gonbidatuz. Guk geure konpromisoa azaldu, eta horrela abiatu zen berriro Banda, Mikel Mate gaztea zuzendari zuela”.
Orduz geroztik ez du hutsik egin Beristainek Bandan. Tronpeta jotzen hasi zen arren, tronpa jotzen du egun. “Tronpeta soberan eta tronpak faltan zirenez, egoerara egokitu behar izan zen. Egia da tronpa errazagoa dela jotzen, nahiz eta ezker eskuarekin eragin behar. Soinu polita du, eta bere funtzioa betetzen du Bandan, nahiz eta asko ez aditu. Izan ere, Bandako instrumentu batzuk melodia jartzen dute abestietan; besteak, berriz, laguntzaileak dira”.
Nahiko itxaropentsu ikusten du Andoaingo Bandaren etorkizuna: “hamar bat instrumentu jole berri sartu dira azken aldian, eta harrigarria bada ere, ia 40 pertsona biltzen gara entseguetan. Hori bai, zaharrenak gara zintzoenak! Bandak, bere mailan apalean, txukun jotzen du musika; etorkizun polita dauka”.
Beristainek 76 urte bete dituen arren oso gustura dabil Bandan, nahiz eta ez jakin noiz arteko haria edukiko duen: “futboleko entrenatzaileek bezala, nik ere hurrengo entsaio eta entrenamenduan daukat jarrita burua, ez haratago”. Indarrak, hala ere, soberan dauzka oraindik musika kontuei eskaintzeko; besteak beste, Villabonako erregeen kabalgatako musika arloa antolatzen du, eta Tolosako Pocatripa txarangako partaidea da; 50 inauteri beteko ditu segidan, 2013an.

Jose Luis Fernandez
Fitero, 1935

Fiterok aitona eta aita musika irakasleak zituen, eta giro horretan, nahitanahiez, musikari bilakatu zen bera ere “erremediorik gabe”. 13 urterekin hartu zuen tronpeta. “Berehala hasi nintzen Fiteroko herriko bandan jotzen; aita baino musikari hobea izan nahi nuen, eta hori pizgarri gertatu zen niretzat. Horrela, musikari izan nahi duen gazte horri, zalantzarik gabe, bi gauza gomendatuko nizkioke: bila dezala egunero entsaiatzera mugituko duen pizgarriren bat, eta gainera, sar dadila bere herriko bandan, izugarri ikasten delako bertan!”.
Tronpetak bizitzan zehar zenbat eman dion azaldu du Fernandezek: “Beharbada, tronpeta beste instrumentu askoren gainetik jartzen da, daukan soinuagatik. Jotzen duenari luzitzeko aukera ematen dio; noski, jendartekoa izateak ere laguntzen du. Nik uste, guzti horri esker konkistatu nuela gerora nire emaztea izango zena, behin Donostiatik Fiterora bisitan etorri zenean. Amaginarrebak kontuz ibiltzeko ohartarazi zuen alaba, musikariak golfo samarrak ginela esanez, baina ordurako sendotua zegoen gure arteko maitasuna!”.
Soldaduska Burgoseko militarren buruzagiak musikarekin entretenituz igaro ostean, Donostiara joan zen ezkondu eta bertan bizitzeko asmoz. “Donostian, bertako musika girotan sartzen joan nintzen poliki-poliki. Batez ere, Peña Anastasio, Los Ponpoxos, Los Incansables eta Los Bebes de la Bulla fanfarre eta txarangekin jardun dut urtetan. Hernanin, hainbat belaunaldi markatu dituen Tilos plazako dantzaldietan ere urtetan jo dut tronpeta igande ilunabarretan”.    
1963ean, Hernaniko musika Bandan tronpeta jotzera animatu zen: “Bertan 41 urtez aritu nintzen, harik eta utzi behar izan nuen arte, ahoak ez zidalako erantzuten”. Orain sei bat urte, ordea, Andoainera bisita bat egitera hurbildu zen okasio batean, Mikel Mate bandako zuzendariak Bandan parte hartzera gonbidatu zuen, bonbardino jole gisa. “Emazteari baimena eskatu eta baietz erantzun zidan. Geroztik, oso gustura nabil andoaindarren artean. Bandako kide izateaz gain, Gora Kaletxiki txarangan ere parte hartzen dut, eta apirilaren 14an herriko errepublikanoekin biltzen naiz. Nola esango nuke, ni kalean eta kaleko giroa bizituz sentitzen naiz musikari; hor mugitzen naiz nire saltsan. 77 urterekin, gehiago ezin diot eskatu bizitzari”.
Txaranga giroaz gozatu arren, Banda koska bat gorago jartzen du musika kalitatearen ikuspegi hutsetik:  “Bandan jotzen da benetan musika. Beste era bateko nortasuna eta estetika hartzen du musikak Bandarekin”. Berak, hala ere, betiko pieza klasikoekin ikusten du egokiago Banda. “Zarzuela, Bethoven, Mozart… ditut gogoko batez ere, eta horiek entzuten ditut etxean. Gazteen gogoei erantzunez jotzen ditugun filmetako melodiekin ez zait iruditzen Banda batek gehiegi luzitu dezakeenik. Filmetako musika sinfonika batek jotzen du, eta gure bertsioak horiekin alderatzen hasiz gero galtzen ateratzen gara”.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!