Kirol zerbitzuen tasak %6,51 igoko dira Buruntzaldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 14a, 09:26

Urtero moduan, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek 2013. urterako kirol tasen prezioa adostu dute. Orain arte, Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) igoera, “prezioen eguneratze soil bat” aplikatu izan dute. Baina 2013an ohi baino gehiago, lau udalerrietan %6,51 igoko dituzte kirol tasen prezioak.

Salbuespenezko eta ezohikotzat jotzen duten neurria, ezinbestean hartutako erabakia dela diote lau udalek, murrizketarik aplikatu gabe “gure kirol zerbitzuak dauden moduan, bere osotasunean mantentzeko bitarteko bakarra delako”. Hala adierazi zuten, Buruntzaldeko lau udalon izenean, David Rosco (Urnieta), Iñaki Ugarte (Usurbil), Tasio Arrizabalaga (Lasarte-Oria) eta Ainara Rodriguez (Andoain) udal ordezkariek Lasarte-Oriako udalbatza aretoan abenduaren 11n burutu zuten agerraldian.
Hartutako neurri honen zergatiak azaldu zituzten. “BEZaren igoerak Buruntzaldeako lau herrion zerbitzuetan izugarrizko igoera suposatu du. Hainbat eta hainbat kontratuetan, %8a ordaintzetik %21a ordaintzera pasa gara”, adierazi zuen Taxio Arrizabalaga Lasarte-Oriako udal ordezkariak. Ez hori bakarrik. Lau udalerrietako kirol alorreko aurrekontuetan kostuek zenbat egin duten gora ere berri eman zuten; Andoainen 23.955 euro (aurrekontu osoaren %3), Lasarte-Orian 32.595 euro (aurrekontu osoaren %4,38), Urnietan 14.611 euro (aurrekontu osoaren %6,92) eta Usurbilen 27.604 euro (aurrekontu osoaren %4,33).

KPI eta BEZ igoerak
%6,51ko igoera zer irizpideren arabera zehaztu duten ere azaldu nahi izan zuten. Batetik, BEZa %4,66 igo dela gogorarazi zuten eta igoera horrek bultzatuta hartu dutela neurri berria. Eta portzentaje honi, urteroko KPIa erantsi diote, beste %1,85, “maiatzean KPIk, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan izan duen igoeraren bataz bestekoa” hain zuzen.
Igoera hau herritarrek euren gain hartzea “oso gogorra eta desatsegina dela” jabetzen direla diote lau udalek, baina ezinbestean hartutako neurri bat izan dela gogorarazten dute. 2014tik aurrera, “berriro ere KPIaren igoera aplikatzen jarraituko genuke, urteroko irizpide berdinak mantenduz”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!