Andoain bizi! kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 14a, 09:24

Andoaingo Udalak Eguberrietarako egitarau oparoa osatu du, Salkin merkatarien eta herriko beste zenbait eragilerekin elkarlanean. Helburua argia da: herri barruko kontsumoa areagotzea.
Ohiko ekitaldiez gain, aurten hainbat berrikuntza aurkeztu dituzte. Besteak beste, San Tomas eguna ospatzeko deialdia eta urte zahar eguneko bertso poteoa.

Eguberrietan tradizio handiko ekitaldiak errepikatzen dira herri guztietan. Aurten, Andoaingo Udalak Eguberriei bultzada berezia eman nahi izan dio orain arte antolatzen diren ekitaldiei eutsiz eta ekimen berriak antolatuz.
Andoain bizi!! kanpainaren aurkezpenean Ana Carrere Andoaingo alkateak saihestezina den errealitate gordina aipagai izan zuen: “Merkataritza eta ostalaritza sektorea ere egoera zailean da eta, alde horretatik, aurten aurkeztu dugun Eguberrietako egitarauarekin herri barruko kontsumoa sustatu nahiko genuke. Ahal dela herritarrek Andoainen eros dezatela”.
Egitaraua osatzeko Udalaren enplegu eta gazteria sailak herriko eragile ezberdinak kontutan hartu ditu, hots, Urki dantza taldea, Aita Larramendi ikastola, La Salle Berrozpe ikastetxea, Andoaingo artisauak eta nola ez Salkin merkatarien elkartea. Bakoitzak bere aldetik egiten duena egitarau bakarrean bildu eta ekimen berriak antolatu dituzte. Besteak beste, Urte Zaharreko bertso poteoa edota San Tomas eguneko kalejira (egitarau osoa ikusgai dago orrialde honen azpikaldean).
Hilario Dorronsoro enplegu eta gazteria saileko teknikariak kanpainaren lemaren arrazoiak azaldu zituen, “aste hauetan herri giroa indartzea eta girotzea helburu dugu. Asmo hori Andoain bizi! esaldian biltzen da: Andoain bizi, Andoain erosi, Andoain kontsumitu”.
Herriko merkataritza sustatzeko iragarkia landu dute, Hamaika telebistan Eguberrietan ikusgai izango dena, baita Basteroko zine emankizunen aurretik ere.
Salkin elkarteko kideak pozik daude, “urrats handia da, eta gustura gaude egitarauarekin. Denok elkartuta aurrera egin behar dugu. Merkataritzak bakarrik ezin du”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!