Zizurkilgo armarri berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 13a, 10:32

Abenduaren 1ean, Zizurkilgo armarri berria onartu zuen Udalak osoko batzarrean. Belateko ihesaldiko hamabi kanoiak jasotzen zituen armarri zaharrak ez du aurrerantzean herria ordezkatuko.

Urte hasieran murgildu ziren Teodoro Hernandorena taldeko kideak Zizurkilgo armarria aztertzeko prozesuan. Eskutik helduta egin dute bide hori taldekideek, herritarrek eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariek. Joxin Azkue Teodoro Hernandorena taldeko kide da: “Prozesuaren aberastasuna azpimarratu behar dut bereziki. Herritarren parte hartze handia lortu dugu eta hori oso polita izan da”.

Aspaldiko kezka
Urte asko da gaiaren inguruko kezka piztu zela. “Zizurkilgo armarri zaharrak Belateko ihesaldiko kanoiak jasotzen ditu eta ez zitzaigun iruditzen gure herria ordezkatzeko egokia zenik, guduaren eta gatazkaren ikur baitira kanoi horiek. Aurten, Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena zela eta, armarriaren inguruko azterketa eta hausnarketa sakona egiteko momentu egokia zela iruditu zitzaigun eta urtea hastearekin batera, lehendabiziko pausoak eman genituen”.

Herritarren parte hartzea
Foru Aldundira hurbildu ziren Teodoro Hernandorena taldeko kideak: “Beste ezertan hasi aurretik, Foru Aldundiko aholkularitza juridikora jo genuen, armarria aldatu ahal izateko eman beharko genituen urratsen inguruko berri jasotzeko. Herriaren parte hartzearen garrantzia azpimarratu ziguten bereziki; armarriaren aldaketa ez zedila izan lau pertsonen kontua, herritarren artean sustatuko hausnarketa prozesu baten ondorio baizik. Buru-belarri saiatu gara horretan”.
Antzeko ereduen bila ere aritu ziren Hernandorenako kideak: “Anoetakoek duela gutxi aldatu dute armarria. Prozesu hartan murgilduta ibili ziren Aranzadiko kideekin harremanetan jarri, eta berehala lortu genuen dokumentazioa. Oso lagungarria izan zaigu haien esperientzia ezagutzea”.

Talde eragilea
Herrira etorrita, Udalean ordezkaritza duten alderdiekin elkartu ziren. Hala azaldu du Joxin Azkuek: “Herritarrei jakinarazi aurretik, udaletxera jo genuen, gure asmoak azaltzeko. Ondoren, zizurkildarrei zabaldu genien deia. Hausnarketa prozesua hasi genuen horrela, herritarrekin batera talde eragilea sortuz. Jende mordoxka bildu zen lehen bilera hartan, hogeitik gora. Kultur batzordeko kideak ere talde eragile horretan sartu ziren. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiot Leire Zubeldiari, egindako lanagatik”.
Talde sustatzaileak egindako lehen bilera haietan, gaiaren inguruko zenbait hitzaldi antolatzeko beharra sumatu zuten. “Horregatik, ‘Maiatza saltsan’ ekimena honetara bideratzeko erabakia hartu genuen. Ekitaldi sorta hartan jasotako erantzunak garbi utzi zuen Zizurkilgo armarriak ez gintuela ordezkatzen. Armak, guduak, gatazkak, hori guztia armarritik kendu nahi genuen. Armarri zaharra kentzeko, ordea, berria sortu beharra zegoen, eta prozesu horretan murgildu ginen buru-belarri”.

Proposamen mordoa
Hainbat bilera egin ondoren, proposamen ezberdinak bildu zituzten. “Armarri berrian irudikatu nahi genituen ideiak botatzen hasi ginen: naturarekiko errespetua, Zizurkilgo goiko eta beheko aldearen erreferentzia, tradizioak, ondarea, etab. Ideia horiek nola irudikatu erabaki behar zen ondoren. Herriko artista askoren arteko lana izan da hori. Esku artean geneuzkan ideiak bota eta lanak garatzen hasteko epe bat zehazten genuen. Zirriborro mordoa ekartzen zuten bileretara. Ekarritako lanak guztien artean aztertuz, irudia finkatzen joan gara, pixkanaka. Lanerako modu horren ondorioz, armarriaren egilea ez da pertsona bakar bat izan. Taldean egindako lanketa prozesu baten emaitza izan da”.

Lan bat, hiru zutabe
Talde eragilea, herritarrak eta Aranzadi Zientzia Elkartea, horiek izan dira armarriaren aldaketa bultzatu duten hiru zutabeak. “Talde eragileak sortutako zirriborroak, herritarrengandik jasotako iritziak eta Aranzadiren iritziak batuz iritsi gara armarri berriaren diseinura”, azaldu du Joxinek.
Armarri berria aukeratzeko prozesuaren aberastasuna ere azpimarratu du: “Emaitza oso polita da, baina benetan eredugarria, prozesua bera izan da. Herritarren parte hartze handia izan du. Etengabe jakinarazi zaie herritarrei zein urrats ematen ari ginen. Herriko festetan, esaterako, ikusgai jarri genituen armarri berrirako proposamen ezberdinak, eta berrehun iritzi ezberdin jaso genituen. Erantzun izugarria izan zen hura. Egindako bidea eredugarria izan da eta asko ikasi dugu. Armarria aldatzea ez da egunero egiten den zerbait; oso erabaki potoloa zen eta gisa horretako erabakia hartzeko modu egokia bilatu dugula iruditzen zait. Bere denbora eman behar zaio prozesuari, ahalik eta jende gehienaren parte hartzea bultzatuz”.

Bide luzea
Abenduaren 1ean, osoko batzarrean onartu zuen Udalak Zizurkilgo armarri berria, baina prozesua ez da oraindik amaitu. “Bide administratibo luzea egin beharko du oraindik armarri berriak, ofizialtasuna izan aurretik. Eusko Ikaskuntza, Foru Aldundia..., bide hori amaitu bitartean, armarri zaharra izango da ofiziala oraindik ere. Hala ere, armarri berrian oinarrituz egindako logotipoa erabiliko du Udalak aurrerantzean”.

Armarri zaharra
1768 urtekoa da Zizurkilgo armarri zaharra. Karlos III.a zen garai hartan Espainiako errege, eta haren agindupean, Manuel Brocherok zuen armarriak ezartzeko ahalmena. Belateko kanoiaz egindako irudia erabiltzeko baimena eman zion Zizurkili. Aukeraketa horren arrazoiak ez du azalpen garbirik. Garai hartan, Gipuzkoako armarriak ere hartzen zituen Belateko kanoiak, eta oso ohikoa zen udaletako armarriek lurraldekoak hartzea.

Kanoien  jatorria
1512ko udan, Gaztelako armada su eta gar sartu zen Nafarroako erreinua konkistatzeko asmotan. Nafarroako errege-erreginek laguntza eskatu zioten Frantziako erregeari eta, besteak beste, mertzenario alemaniarrez osatutako ejerzitoa bidali zuen nafarrei laguntzeko. Ezin izan zioten erasoari eutsi, eta gerlari alemaniarre, ihesari eman zioten. 1512ko neguan, iheslari alemaniarrak Belateko mendatean zirela, Gaztelako erregearen alde lanean ari ziren soldadu gipuzkoarrekin egin zuten topo. Garaiko kronikek borrokaldi latzen berri ematen badute ere, badirudi soldatu alemaniarrek ihes egin zutela, aldean zeramatzaten kanoiak bertan utzita. Belateko kanoi haien irudia erabiltzeko eskubidea eman zion Gipuzkoari Gaztelako Joana erreginak.

Harrizko armarria
Udaletxearen kanpoaldean jarrita dagoen harrizko armarria XVII. mendearen azkenaldekoa da. Lan artistiko aberatsa denez, armarri hori bere horretan mantenduko da, baita udaletxeko batzar aretoan jarrita dagoen egurrezko armarri polikromatua ere.

Armarri berria
Naturako elementuak nagusitzen dira armarri berrian, mendia eta harana, zerua eta ura.
Mendiak nekazal-giroa erakutsi nahi du. Horrez gain, baita usadioak, bizitzeko era, arbasoak, euskara eta ondarea ere.
Oria ibaiaren gainetik pasatzen den Zubimusuk, berriz, herriaren alderdi industrialagoa irudikatzen du. Zubiak antzinako ondarea eta historia jasotzen ditu baina, era berean, kulturaren, komertzioaren eta industrializazioaren bide ere bada.
Armarriaren erdi-erdian zuhaitza dago, haritza. Naturako elementua da zuhaitza, baina Euskal Herrian izan duen garrantzia ere azpimarratu behar da. Zuhaitzaren bueltan bildu izan da herria eta haren bueltan hartu ditu erabakiak mendeetan zehar. Demokrazia, Udala, herriaren iritzia irudikatu nahi ditu armarrian jasotako haritzak.

––––––––––––
Osoko bilkuran onartu ondoren, Udalak armarri berria aurkeztu zien herritarrei 2012ko abenduaren 1ean. Bertsoak, dantza, jotak eta trikitixa izan ziren ekitaldiko osagai nagusiak.

Nafarroako Erresumaren galera, gudua eta gatazka irudikatzen zituen Zizurkilgo armarri zaharrak. Armarri berria onartu eta jendaurrean erakusteko ekitaldia, Nafarroarekin anaieratzeko abagunea ere izan zen.

Udalak onartua
Eguerdiko 12:00etan hasi zen Udalean osoko bilkura, batzar aretoa bete-betea zela. Bertan ziren armarri berria sortzeko lanean aritu den talde eragileko kideak, Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariak eta dozenaka herritar. Armarri berria osatzeko prozesuaren berri eman zuen Teodoro Hernandorena taldeko Joxin Azkuek eta jarraian, udal ordezkariek armarri berria onartu zuten, aho batez. Ekitaldi ofiziala amaituta, herritarrei armarria aurkezteko ospakizunak hasi ziren. Eguraldia oso hotza bazen ere, jende ugari bildu zen Plazaberrin.

Herritarrei aurkeztua
Joxe Mari Luengo alkateak armarri berria bistarazi zuen udaletxeko balkoitik. Txalo artean hartu zuten herritarrek. Txalo zaparrada handia jaso zuten, baita ere, Unai Mendizabal gazte zizurkildarrak abestutako bertsoek.

Nafarroari eskainia
Armarri berria aurkezteaz gain, Nafarroari omen egiteko ere baliatu zuten ekitaldia Zizurkilen. Toki berezia izan zuen erresuma zaharrak egun osoko ospakizunetan. Faltzestik etorritako abeslari batek, esaterako, jotak abestu zituen udaletxeko balkoitik: egun horretarako espreski sortutako bi pieza eskaini zituen. Zizurkildar asko hunkitu zituen faltzestarraren kantu indartsuak.
Nafarroarekiko adeitasuna erakutsi nahirik, beste ekitaldi esanguratsu bat ere antolatu zuten zizurkildarrek: Hodei Arrastoa eta Saioa Etxabe dantzari gazteek Nafarroako ereserkia dantzatu zuten. Ondoren, udal agintari eta herritarrek kalejiran egin zuten plazarainoko bidea.

Herri bazkaria
Eguerdian, hirurogeita hamar lagun inguru bildu zen herri bazkarira. Zimiterioan egitekoa bazuten ere, eguraldi hotzak hala aginduta, Iriartera aldatzeko erabakia hartu zuten. Bertan izan zen Fermin Valenciaren kontzertua ere. Giro onean amaitu zuten eguna Zizurkilen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!