Udal aurrekontu parte hartzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 13a, 10:29

2013ko udal aurrekontuak zehazterako garaian, herritarren parte hartzea sustatu nahi du Zizurkilgo Udalak. Horretarako, bilera ezberdinak antolatu ditu herritarrekin. Azaroaren 28an egin zuten lehendabizikoa.

Nerea Lizarraga zinegotziak hartu zuen hitza: “Udal aurrekontuak herritarrekin adostea da gure asmoa. Inoiz ez da horrela egin izan eta badakigu ez dela erraza izango helburu horretara iristea, baina pixkanaka, bideari ekin nahi diogu. Lehendabiziko bileran, 2012ko aurrekontuen egoera azaldu eta 2013ko aurreikuspenen berri eman nahi diegu herritarrei. Ondoren, eta lanak errazte aldera, herrian martxan diren batzordeek izango dute dagokien partida aztertzeko ardura. Prozesu hori amaitzean, Udal taldeak finkatuko ditu datorren urteko aurrekontuak, betiere batzordeetan esandakoa kontuan hartuz. Udalak aurrekontuak onartu aurretik beste bilera orokor bat deituko dugu herritarrekin, hartutako erabakien berri emateko. Datozen urteei begira, aurrekontuak geroz eta parte hartzaileagoak izatea nahiko genuke”.

Aurtengo kontuen aurkezpena
2012 urtean jasotako datuak herritarren aurrean azaltzeari ekin zion Nerea Lizarragak: “Momentuz, iraila bitarteko datuak ditugu kontabilizatuta, eta litekeena da urtea amaitu bitarte aldaketaren bat izatea. 2012rako, 3.739.635 euroko diru sarrera aurreikusten genuen. Iraila bitarte, 2.149.000 euro ingresatu ditu Udalak, aurreikusitakoaren %57. Nolanahi ere, kontuan hartu behar dira urtearen azken hiru hilekoan diru sarrera potolo batzuk aurreikusten ditugula. Esaterako, Joxe Arregi plazako etxebizitzak egiteko zenbait lursail saldu zituen Udalak eta urtea amaitu bitartean jasoko du salmenta horretako dirua”.
Gastuen zenbaki borobilei begiratuz gero, “2.316.000 euro gastatu dugu iraila bitarte, aurreikusitakoa baino gutxiago. Hala ere, arlo honetan ere izango da aldaketarik urtea amaitu bitarte”.

Gastuak eta zorrak
Zizurkilgo herriak dituen gastu finkoek eta aurretik pilatutako zorrek aurrekontua baldintzatzen dute: “2.600.000 euroko zorra du Zizurkilek eta horrek asko baldintzatzen gaitu. Indarrean sartu berri den legeak dioenez, urtea amaitutakoan gera daitekeen diru soberakina zorra ordaintzeko erabili beharra dago. Eskuak lotuta utziko gintuzke horrek, inbertsiotarako aukerarik gabe. Ikusiko dugu nola bideratzen den hori guztia”, azaldu zuen Nereak.
Aurten egitekoak ziren lanen artean, San Migel inguruko urak bideratu eta ur kolektorea egiteko lanak aipatu zituen, besteak beste: “400.000 euroko aurrekontua, eta 360.000 euroko dirulaguntza ditu lan horrek. Arrazoi ezberdinak direla medio,  aurten egitekoa zen arren atzeratu egingo da, baina egin egingo da”.
 
Aurreikuspenak
2.253.000 euroko sarrerak aurreikusi ditu Udalak datorren urterako: “Oraindik ez dira datu zehatzak, eta nahiago izan dugu kalkuluak azpitik egitea, baina orokorrean, diru-sarrerak jaitsi egingo direla aurreikusten dugu. Zerga bilketan izan den jaitsiera, Foru Aldundiak ematen duen diru kopuruaren beherakada, tasa ezberdinen bidez jasotzen den dirua,... Aurreko urteetan diru sarrera potolo batzuk izan ditu Udalak, zenbait lur salmenta eta eraikuntza lan egin direlako, baina datorren urterako ez da horrelakorik aurreikusten”.

Orain, batzordeetan
Urte amaierarekin batera, datu zehatzagoak izango dituzte eskua artean udal ordezkariek, eta orduan izango da 2012ko aurrekontua nola geratu den hobeto aztertzeko aukera, datozen asteetan. Bitartean, datorren urteko aurrekontuak aztertzen hasiko dira, pixkanaka.
“Dagoeneko martxan dira gai ezberdinen inguruko batzordeak: kirola, euskara, kultura, ingurumena, parekidetasuna, baserritarrak..., datorren urteko aurrekontuak batzorde horietan aztertuko dira, bakoitzari dagokion gaia ardatz hartuta. Dagoeneko bildu dira hainbat batzorde eta abenduaren 17an, esaterako, kirolen inguruko batzordea elkartuko da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!