Asteasu betidanik izan da herri dantzari eta dantzazalea, eta oraindik ere nabari da dantzarako grina herritarren artean. Hori horrela, aurrez dantza talde desberdinetan ibilitakoak eta dantzazaleak elkartzen hasi eta dantza ikastaroak eskaintzea proposatu zuten: “Aurrez, urtean pare bat ekitaldi prestatzeko elkartu izan ginen, inauterietan edota San Joanetan. Entseguetara jendea gogotsu etortzen zela ikusten genuen eta horri jarraipen bat ematea pentsatu genuen. Horrela, urrian entseguak egiten hasi ginen eta jendea gustura etortzen da”, azaldu dute Jonek eta Larraitzek. Guztira, 20 lagun inguru elkartzen da hamabostean behin eskolako psikomotrizitate gelan: “Arratsaldeko 16:30ak aldera biltzen gara eta psikomotrizitate gelan entseatzen dugunez, haurrak dauzkagunok ere lasai ibiltzen gara. Gurasook dantzak ikasten ditugun bitartean haurrak jolasean ibiltzen dira”, kontatu du Larraitzek.
Parte-hartze irekia
Gaur egun, taldean, 35 eta 45 urte bitarteko gurasoak dauden arren, parte hartzea irekia dela azpimarratu dute: “Adin tartea guztiz irekia da. Inguruan jende asko dago sueltoan dakiena, baina plazan edozein erromeriatan betikoak aritzen gara. Guk jendea parte hartzera animatu nahi dugu, bakoitzak ahal duena eman eta egin behar du, berdin da nahastuta ere, garrantzitsuena parte hartzea eta disfrutatzea da. Gazteak ere animatu nahi ditugu”. Emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago badira ere, Jon eta Larraitz oso gustura daude jendearen erantzunarekin: “Orotariko jendea daukagu taldean. Batzuk aurrez dantza taldeetan ibilitakoak gara. Beste batzuek plazan ikasitakoa dakite eta beste zenbaitek, batere ez. Beraz, denentzako lekua dago”.
Dantza desberdinak
Hasiera batean hilean behin elkartzekotan geratu baziren ere, jendeak hala eskatuta hamabostean behin elkartzen hasi ziren. Horrez gain, klaseetara joan ezin duen horrek, Internet bidez ikasteko aukera ere badu: “Jendeak etxean ikas dezan, asteasukultura.com web orrian pauso batzuk zintzilikatu ditugu”. Egun, fandango eta arin-arina eta jauziak ikasten ari dira: “Dantza maila desberdinak daudenez, batzuetan zaila egiten da zenbait gauza erakustea, baina jendea oso gustura etortzen da. Normalean, maisu lanetan Jon Olano aritzen da eta besteak atzean jartzen gara”, azaldu du Larraitzek. Besteak beste, zuzeneko musikarekin entseatzearen garrantzia azpimarratu dute: “Herriko musikariak etortzen dira entseguetara eta zuzeneko musikarekin entseatzen dugu, pribilegiatuak sentitzen gara”.
Hainbat ekitaldi
Dantzaren harira, urtean zehar hainbat ekitaldi ospatu dute Ebia kultur taldekoek. Urri hasieran, adibidez, udaletxeko arkupeetan erromeria egin zuten: “Garai batean, igandero erromeria egiten zen udaletxeko arkupeetan; hori berpiztu nahian guk ere erromeria egin genuen, eta herriko musikariak izan genituen lagun: Mikel, Xanti, Luis Mari, Larraitz… Gainera, ez al da polita haurrei lehengo tradizioa helaraztea?”. Azaroaren 24an, berriz, bizkaitarren bisita jaso zuten asteasuarrek; Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko kideak etorri ziren Arratiako dantzak irakastera. “Talde osoa etorri zen, dantza irakasleez gain, albokaria, pandero jolea, trikitilaria, biolin jolea eta gitarra jolea ere etorri ziren. Arratian hain ezagunak diren Jota eta Porrue ikasi genituen”, aipatu dute. Dantzak ikasteaz gain, historian atzera ere egin zuten eta hainbat bitxikeria kontatu zizkieten: “Arratiako dantzaren historia oso landua daukate eta oso gustura egon ginen eurekin. Guretzat plazer bat izan zen euren bisita eta aukeran, motz samar geratu zitzaigun ikastaroa. Ea noiz izaten dugun berriz errepikatzeko aukera”.
Etorkizunera begira
Aurrera begira inongo xederik finkatu ez duten arren, badaukate entseguekin jarraitzeko asmoa: “Printzipioz, ikasturtearekin batera jarraituko dugu aurrera. Inauterietan akaso eskolarekin batera ariko gara elkarlanean eta San Joanetan eta San Pedrotan ere zerbait egingo dugula uste dugu”. Zalantzarik gabe, Asteasuk ziurtatuta dauka dantzaren jarraipena: “Orain Oinkaritik etortzen dira haurrei dantzak irakastera, eta umeak txoratzen daude”.