Andoaingo izengoitien grazia, bilduta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 13a, 10:25

Jose Ignacio Okiñena (Andoain, 1948) abokatuak Andoaingo herritarren ezizenekin ikerketa lana aurkeztu berri du Leyçaur 12 aldizkarian. Denera 397 ezizen bildu eta sailkatu ditu bertan. 

Zer dela ekin zenion ezizenen bilketa lanari?
Ni Kale Nagusian bizitu izan naiz beti, eta txikitatik ezagutu dut ohitura hori, jendea edo familiak ezizenez izendatzea, alegia. Izen abizen propioak baino ezagunagoak ziren ezizenak lehen. Usadio hori Andoaingo auzo guztietan zegoen zabalduta: Kale Txikin, Etxeberrietan, Zumea kalean, Sorabillan,…
Horrela, beti eduki izan ditut argi bi gogoeta: herri jakintzaren adierazgarria dela ezizenen altxorra, eta horietako asko galtzeko zorian zirela bildu ezean. Pentsamendu horri jarraiki, poliki-poliki, bilketa lanari ekin nion aspaldi. Orain pare bat urte, berriz, Andoaingo udal artxibategiko arduradun Marta Trutxuelo eta Karmele Otaegiri zertan nenbilen jakinarazi nien. Harrera ona egin zidaten, eta eginkizuna serio hartzera animatu ninduten; emaitza, horrenbestez, azkeneko Leyçaur aldizkarian agertu da.

Ikerketa lanaren edukia azalduko al zenuke?
Bi informazio mota eskaintzen ditu idazlanak: ezizenen zerrenda eta horien jatorriari buruzkoa azalpena (ez guztiena).
Ugari dira ezizen bat sortzearen atzean dauden arrazoiak, eta hori horrela dela jakinda, zenbait irizpideren arabera sailkatu ditut: ezaugarri fisikoak; erlijioa; musika; gastronomia; garbitasuna edo higienea; arte eta ofizioak; fauna; zerua, izarrak eta fenomeno naturalak; errege-tituluak eta antzekoak; jatorri geografikoa; ezaugarri oso pertsonalak; eta, azkenik, giza-gorputzeko atalak.
Goitizenen alorra zabala dela jakinda, mugak ere ezarri beharko zenituen…
Bai, ez dakit egoki jokatu dudan, baina zenbait irizpide erabili behar izan ditut, mugak nonbait jarri behar-eta: adibidez, kutsu politikoko “alias”-ak bazterrean utzi ditut; etxe edo baserria aipatzen dutenak edota zabalkunde edo sustrai gutxi daukatenak –ikastetxe edo kuadrilen zirkulutik ateratzen ez direnak, alegia–, horiek ere ez ditut argitaratu.

Zein iturri erabili duzu ikerlana egiteko?
Historia ez ofiziala da ezizenena inondik ere, eta beraz, ezin izan dut artxiboetara jo, Leyçaur 12ko beste hiru egileek egin duten bezala. Ahozko tradizioari eutsi behar izan diot, ‘kaleko lana’ izan da nirea; honi eta hari galdezka jardun dut nagusiki. Horrela, jende heldu askorengana jo, eta hiru motatako informazioa eman didate: ezizenak, horien jatorria eta horiek izendatuta nor identikatzen den.
Bestelakoan, Jose Mari Amutxastegik 36ko gerra zela eta Etxeberrietako jendea aipatuz grabatu zituen bertsoak ere baliagarriak izan zaizkit; hain zuzen, egokia iruditu zitzaidan grabazioa jendeaurreko aurkezpenean jartzea. Iruditzen zait bertso horiek, Etxeberrietako hamabost bat ezizen aipatzeaz gain, poliki asko ilustratzen dutela aipagai dugun herri fenomeno hori.

Ezizenen ‘jabeak’ ez dituzu aipatu…
Hasieratik eduki dut argi eta garbi lur-eremu arriskutsuan sartzen ari nintzela; jendeak ere galdetu izan dit ba ote nekien non sartzen ari nintzen. Izan ere, ezizen batzuk gogokoak edo sinpatikoak izan daitezkeen bezala, beste batzuk iraingarri edo mingarriak gertatzen dira. Alegia, zenbaitek oso gaizki hartzen dute besteek noizbait jarri izan dieten izengoiti hori. Pertsonen intimitate eta duintasunerako eskubidea jarri behar da ezeren gainetik, eta horregatik, ikerketa lanean ez dut izen abizenik argitaratu; garbi daukat kontzientzia, alde horretatik.
Nolanahi ere, bi kasuetan beharbada objekzioak azal daitezke: ‘Juanito Barberoa’ eta ‘Xalbe’. Bigarrengoari dagokionez, aldizkaria argitaratu ostean jakin dut baserri baten izenetik datorrela.

Kasu bakar bat identifikatu duzu…
Halaxe da. ‘Ixarra’ deitu izan digute gure familiako kideei. Hitza erdi galdua dago, baina oraindik Andoainen bada helduren bat edo beste horrela deitzen didana. Nonbait, gure amaren aldeko arbasoren batek orin txiki bat zeukan arpegian, izar baten tankerakoa, eta horrexegatik jarri zioten ezizena. Hortik aurrera, ondorengo guztiak ‘Ixarra’-tarrak izan gara.  Kuriosoa da ezizenek zenbaterako eman dezaketen. Egin kontu, lehengo batean, Iñaki Arregi agiri bat eskuan zuela heldu zitzaidan: gure etxeak Prezetorenea zuela izena uste genuen, baina agiriak dioenez, Ixarrenea esanda ere ezagutzen zen.

Ezizenetan, besteak beste, ironia edota irudimena antzematen dira…
Umorea, ironia, txantxa, irudimena…, nahi den guztia eta gehiago daukate. Egia da hori, baina halaber, batzuetan, sortzaileengandik jenio txarra eta min eman nahia ere igartzen da garbi.

Bereziki arreta eragin dizuten zenbait aipatuko al zenituzke?
Zaila da bat edo bestea bereiztea, baina bakar batzuk aipa ditzaket, esanahi berezia daukatenak niretzat: ‘Germanattiki’ (Kale Nagusiko emakume txikia zen), ‘Lola la adivinadora’ (kartekin eta esoterismo kontuekin aritzen zena), ‘El emperador de Kaletxiki’ (agintzailea zen mutila), ‘El niño de oro’ (pilotari gisa Ameriketara joan eta diruz josita itzuli zena), ‘Azunto’ (egoeta eta gauza guztiak asunto esanez izendatzeko ohitura zuen gizona), ‘Malacara’ (beti jenio txarrean bizi zen pertsona)…

Horiek denak erabiltzen al dira egun?
Zaharrak dira horietako asko, auskalo noiztik datozkigunak, eta bildu ezean galtzeko arriskuan ziren, jada inork ez baititu erabiltzen; gure seme-alabei aipatu, eta ez dute horien batere berririk izan inoiz. Beste batzuk, ordea, modernoagoak dira, eta bizirik jarraitzen dute.
Galdu ala ez galdu, badaezpadako lana eginez, ahal zirenak biltzen ahalegindu naiz. Guztien konstantzia idatzita uzteak ez dakit ezertarako balioko duen hemendik 50 urtera; baina behintzat, aditzera emanda daude.   

Bizirik jarraitzen al du garai bateko gaitasunak goitizenak sortzeko orduan?
Ezizenak jartzeko ohitura denboran zehar iraun duen gizarte fenomenoa da. Irudimena eta ziria sartzeko gogoa ez da galdu. Ezizenak sortzeko behar diren umorea edota malizia bezalako ezaugarriak jendeak badauzka oraindik.

Bukatu gabeko lana dela aipatu duzu liburuan…
Leyçaur 12 liburua aurkeztu zenetik (azaroaren 15ean), zortzi ezizen berri eman dizkidate aditzera hiru lagunek. Argi dagoena da arlo amaigabea dela ezizenena, eta alde horretatik, bilketa lanarekin jarraitzen dut. Irakurleren bat liburuan azaltzen ez den informazio berriren bat emateko moduan bada, eskertuko nioke nigana etorriko balitz.

Bigarren edizio baterako osagaiak egon litezkeela, alegia…
Berriro ere mordoska bat bilduz gero aurrerantzean, nork esan.. Formatu batean edo bestean argitara zitezkeen, Leyçaur aldizkariaren ale berrietara erantsita edo.

Goitizenen zenbait adibide
  • ‘Mutilla’: ezizen hori daramanak berak eman zidan datua: bere familiako kideren bat ez dakit zein gerratan zebilen, eta halako batean itzuli zenean, etxeko atarian josten ari zen bere amak egin omen zuen deiadar: ‘Hara! Badator gure mutilla!’.
  • ‘Xeko’: familiako kide bat altuera batera igota omen zegoen, eta halako batean, behetik, ezagun batek esan omen zion: ‘hortik erortzen bahaiz, seko geratuko haiz!’.
  • ‘La sietemeneos’: emakume liraina eta atzealdea nabarmenki mugitzen zuena omen zen. Hari ‘dieciochodejulio’ ere deitzen zioten, frankismoaren movimiento-arekin asoziazio ariketa eginez.   
  • Erlijioari lotutako zenbait ezizen: ‘Xeru’, ‘Jangoikoa’, ‘Kristonekua’, ‘Amasantisima’, ‘Sorabillako Amabirjiña’’, ‘Caravirgen’, ‘Xalbe’, ‘Xantux’, ‘Kittolis’, ‘Fraile’, ‘Frailexito’, ‘Apaiza’, ‘Sakristaua’, ‘Sor Maria’, ‘Herejias’, ‘Oremus’…
  • Giza garbitasunari lotutako zenbait ezizen: ‘Kakuxai’, ‘Krakas’, ‘Marizikiña’’, ‘Putzagaleta’, ‘Puzkarrana’…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!