David Barandiaran, ornitologia eta pintura uztartuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 13a, 10:23

Gaur egun Amasa-Villabonan bizi bada ere, Andoainen jaio zen David Barandiaran 1927 urtean. Taxidermista eta ornitologo lanak egiten ibili den arren, gaur egun pintura da bere zaletasun handienetako bat. Horren harira, abenduaren 21ean ‘Gure Txoriak’ izeneko erakusketa zabalduko du.

Noiz hasi zinen taxidermista lanetan?
Hamalau urte ingururekin aprendiz ibili nintzen Labordenean. Bertako maisuak korrespondentzia bidez Madrildik taxidermista izateko nork ikasi nahi zuen galdetu zigun eta apuntatu egin nintzen. Lau urte aprendiz egin ondoren, ofizial bihurtu nintzen. Gero, soldaduskara joan behar izan nuen, baina bertan ere egin nituen lan batzuk: sarjentuak, esaterako, eper bat disekatzeko eskatu zidan. Ondoren, hamazazpi urterekin gutxi gora-behera, Aranzadi elkartean sartu nintzen, Ornitologia sailean hain zuzen, eta hogeita lau urte ingurura arte izan nintzen bertako kide. 60. hamarkadan, gainera, berrogeita bi txoriz osatutako bitrina bat eskaini nion elkarteari gordailu moduan, hau da, bertan gorde ahal izateko, baina nik nahi nuenean jasotzeko eskubidearekin. Obrak egin zituztenean desagertu egin zen eta orduz geroztik ez da inon ageri.

Aranzadi elkartean, Ornitologia sailean, beraz…
Halaxe da. Azterketa asko egin genituen bertan. San Martin egunez, kultur ekitaldi moduan, txoriak askatzen genituen. Txori hauei ezaugarriak markatzen zizkieten anila batzuk jartzen genizkien hanketan. Hauetako batzuk Errusiara ere iritsi izan ziren eta bertan aztertu egiten zituzten. Hanketan zituzten anila horiek txoriaren berezko ezaugarriekin bat ez bazetozen, azterketa eginarazten ziguten. Hegazti hauek askatzearen helburua migrazio prozesua ezagutzea izaten zen. Orain, adibidez, negua pasatzera Afrikara joaten dira. Tartean bada Erregetxo izeneko txori bat, txikia da oso, 10-11 gramo inguru pisatzen du. Honek, egunsentian intsektuak jaten ditu, egunez deskantsatu eta gauez ekiten dio bidaiari. Udan, berriz, hegazti guztiak lumaberrituta etortzen dira bueltan, baina normalean, arrak izaten dira lehenak etortzen. Ondoren, arrek emeei deitzen diete eta poliki-poliki bikoteak osatzen joaten dira, ugalketa prozesuari hasiera emanez.
Hegaztien mundua bitxia da oso; lumak ikaragarri zaintzen dituzte. Eskinosoa izeneko hegaztiak, adibidez, inurri habiak bilatzen ditu beti. Inurriek defentsa moduan likido bat botatzen dute eta hegaztientzat oso ona da lumak egoera onean mantentzeko. Bestetik, ahateek, ipurdi aldean koipez beteriko glandula bat izaten dute eta uretan sartu aurretik gorputza olioztatu egiten dute lumak uretan honda ez daitezen.

Zertan datza taxidermia?
Taxi hitzak grezieraz konpondu esan nahi du eta dermia hitzak, berriz, larrua. Beraz, animaliak disekatzean datza, bizirik baleude moduan kontserbatzean. Horretarako, lehenik eta behin, bisturiarekin lepotik behera ireki eta usteltzeko den guztia atera egiten da. Ondoren, gorputza bete egin behar izaten da, forma mantenduz; animalia txikiak, esaterako, lastoz bete ohi dira. Gero, larrua azido borikoarekin ondu, eta ondoren, txukun-txukun josi egiten da. Begiak ere jarri behar izaten zaizkie, kristalezkoak. Nik, normalean, kolorerik gabekoak erosten nituen eta ondoren neronek margotzen nituen. Txori txikietan lauzpabost orduko lana izaten da.

Zein da sekula disekatu duzun animaliarik zailena?
Zailena katagorria dela esango nuke. Hala ere, kasu bitxi bat ere gertatu zitzaidan. Ezagun bati katua hil zitzaion eta izugarrizko pena hartu zuen. Disekatzeko eskatu zidan; gogoz kontra, baina disekatu egin behar izan nion. Bolada batean lan asko izan nuen. Ehiztari asko etortzen zitzaidan, basurde buruak, eperrak, oilagorrak,… disekatzeko eskatuz. Normalean, igandetan aritzen nintzen, etxean bertan. Gaur egun, ordea, jada niretzat bakarrik aritzen naiz, eta gero eta gutxiago, gainera.

Ehiza, pintura eta ornitologia…, nola uztartzen dira?
Askok esaten didate nola den posible ornitologoa eta ehiztaria izatea, baina ehiza ere gustuko izan dut beti. Oraindik ere joaten naiz, baina ez dut tirorik egiten, txoriei begira egoten naiz.
Pinturan trebatzen, berriz, jubilatutakoan hasi nintzen. Aurrez, paisaiak eta upeltegiak marraztu izan nituen, baina azken urteotan txorietan zentratu naiz erabat. Ni Aranzadin ibili nintzen garaian, hiru lagun ibiltzen ginen elkarrekin. Beste biek hegaztiei buruzko liburuak argitaratu zituzten, baina argazki errealekin. Zerbait desberdina egiteagatik, hegazti bakoitza pinturan islatzen hasi nintzen. Gainera, ornitologiari buruzko euskarazko libururik ez dagoenez, gustatuko litzaidake, egunen batean, nire pinturekin ornitologiari buruzko euskarazko liburu bat idaztea. Baten bat animatuko balitz, nik pozarren hartuko nuke. Orain, ordea, inork ez du dirurik eta… zaila da.


‘Gure txoriak’ erakusketa ikusgai
Datorren abenduaren 21etik aurrera ‘Gure txoriak’ izeneko erakusketa zabalduko du David Barandiaranek Gurea zineman. Egunero izango da zabalik arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, eta bertan Europako 103 hegazti desberdinen koadroak ikusi ahal izango dira: “Txoriak margotzen hasi nintzenean, jendeak gustuko zituela esaten zidan eta beti animatzen ninduten erakusketa bat zabaltzera. Orain, 103 txoriren margoak eskuartean ditudala, erakusketa zabaltzea pentsatu dut. Hegaztiak familiaka sailkatuko ditut: harrapariak, intsektujaleak, fringilidoak, uretakoak… Eta bakoitza hiru hizkuntzatan izendatua egongo da, euskaraz, gazteleraz eta latinez”, azaldu du Davidek. Horrez gain, Oihana Iguaran bilobaren laguntzaz, pantaila batean 27 txoriren argazkiak proiektatuko dira euren kantuekin batera: “Orain dela gutxi, 100 txoriren soinuak abesten zituen makina bat erosi nuen. Makinarekin txoratuta geratu nintzen eta soinu horiek aprobetxatuz, Oihanak irudia gehituko die”. Koadroez gain, disekatutako hegazti batzuk ere ikusi ahal izango dira. Davidek bi bitrina dauzka  prestatuta erakusketan jartzeko: “Garai batean disekatutako txoriekin erakusketak egiten ziren, baina gaur egun oso gauza abstraktuak daude modan. Nire erakusketaren modukorik sekula ez da egin hemen inguruan eta ea ondo ateratzen den”. Davidek esan duenez, “erakusketan dauden koadro horiek ez dira salgai egongo, baina norbaitek baten bat gustukoa izanez gero, berdin berdina egiteko prest egongo naiz, niri esan besterik ez du izango”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!