Lehengo eran, egurra basotik herrira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 13a, 09:46

Abenduaren 1ean, Kultur astearen baitan, DINA7 taldeak erakustaldi aparta eman zuen: garai batean egiten zen bezala, basotik herrira egurra ekarri zuten, idien laguntzaz. Koldo Jauregi DINA7ko kideak hartu du hitza.

Garai bateko ohiturak erakutsi nahian, DINA7 taldeko kideek orain urtebete erabaki zuten erakustaldi berezi hau egitea: gurdi motza idiei erantsi eta basotik herrira egurra ekartzea. “Azken 50 urtetako argazkiei begira ibili ostean, ez dugu ezer aurkitu. Gure ustez, ohitura polita da eta erakusteko beharra sentitu genuen. Batzuek ez dituzte oso gustuko horrelako ekintzak, baina nik neronek egitearekin nahikoa dut. Hala ere, eguraldi aparta tokatu zaigu eta haurrak ere igo dira mendira, azkenean, kuriositatea sortu du. Guztira, bospasei lagun elkartu gara lanerako eta gustura gaude emaitzarekin”.

Lanak aurrez
Hilabete lehenago, ilbeheran, Lasasti eta Aizmendi basoetan enbor bana bota zuten trontzerraren laguntzaz: “Zapi metro inguruko luzera eta 100 kilo inguruko pisua dute haritz enborrek”. Gurdia ere, aurrez aurkitu zuten: “Bada denbora pixka bat gurdi motza borda batean aurkitu genuela; oso zahartuta zegoenez, konpondu egin behar izan genuen. Garai batean, ordea, egurra basotik ekarri behar izaten zenean, urtebete lehenago hasten ziren lanean. Egur hori gero saltzeko edota eraikitzeko erabiltzen zuten”.   

Aurrera begira
Orain haritz enborrak 6-8 hilabetez lehortzen utziko dituzte eta, datarik finkatu gabe duten arren, aurrera begira badute zerbait egiteko asmorik: “Gure helburua, garai batean arpanarekin nola zerratzen zuten erakustea da. Behin hori egindakoan, gustatuko litzaiguke erabileraren bat izango duen estalpe edo txabolaren bat eraikitzea. Hala ere, oraindik, ez daukagu guztiz zehaztuta”.

Bideoa
Prozesu guztia pausoz pauso bideoz grabatzen aritu dira: “Hasiera-hasieratik grabatu dugu, enborrak bota genituenetik gaur arte, eta ondoren, lanketa ere grabatzeko asmoa daukagu”. Bideoa esku artean izatean, ekomuseoan jarriko dute jendeak ikusi ahal izateko.

Muralaren aurkezpena
Egun berean, eta Kultur astearen baitan, Karlos Irazuk bolatoki ondoko muralaren aurkezpena egin zuen. Hilabetez lanean jardun ondoren, margolanaren nondik norakoak azaldu zituen: “Laurraulen museo eder bat daukagun arren, honek daukan sarrerak ez du museoa denik iradokitzen. Hori gauzatu nahian, eta horma txukuntze aldera, murala egitea pentsatu nuen eta hilabeteko lanaren emaitza hauxe izan da”. Karlosek museoan dauden tresnak atera ditu kanpora: gurdia, abarkak,… Efektu bitxia gauzatu du, esaterako, gurdiarekin: “Leonardo Da Vinciren Giocondarekin gertatzen den efektu bera gertatzen da. Goitik begiratuz gero zure aldera kokatuta dagoela ikusten da eta behetik begiratuz gero, berdin”, argitu du Karlosek. Bestetik, oraindik azken ukituak margotzea falta dela esan du: “Nire asmoa, geratzen diren hutsuneetan  intsektuak marraztea da. Horrela, murala haurrentzat  jolas ere bihur daiteke, dauden intsektuen izenak asmatuz edota intsektuak izenekin lotuz”.
Muralaren aurreko aldeaz gain, atzealdea ere margotu du Karlosek. Bolatokiari erreferentzia eginez, goian hasi eta behean amaitzen den tutua marraztu du: “Tututik bola bat sartzen jarri beharrean, paisaia sartu eta ateratzen da. Era honetara, margolanaren esanahia  eta zentzua zabaldu egiten da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!