Frankismoan fusilatutakoei omenaldia Beran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 13a, 09:37

Frankismo garaian gertatua ikertze aldera, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek Berako hilerriko hobi komuna ireki eta indusketa lanak egin zituzten lehengo astean. Bertan, 1936ko gerran eraildako zazpi gorpu aurkitu zituzten, tartean Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo sei fusilaturenak.

Eskualdeko ordezkariak
Aurkitutako gorpuak hilobian bertan lurperatuta uztea erabaki da, baina aurretik ekitaldi hunkigarria egin zen. Eraildakoen senideez gain, besteak beste, bertan izan ziren Amasa-Villabonako Galder Azkue, Asteasuko Pili Legarra eta Zizurkilgo Joxe Mari Luengo alkateak.

Egia, justizia, erreparazioa
Tolosaldeko alkateen ordezkari, Tolosako Ibai Iriartek hartu zuen hitza: “Batzuk egia, justizia eta erreparazioaz hitz egiten dute, baina 70 urte baino gehiago pasatu behar izan dira hemen biltzeko eta oraindik ere ez da egia, justizia eta erreparaziorik”, adierazi zuen. “Gorputz hauek ateratzeak ekarriko digu egia. Egiaren bidez egingo dugu justizia eta justiziaren bidez etorriko da erreparazioa. Besarkadarik handiena senitarteko eta inguruko guztiei. Hau da gure historia, hau da gure herria, hauek dira gure senideak, gure aiton-amonak. Beraiek pairatu zutena azaleratu arte ez da herri honen benetako historia idatziko. Ikas dezagun historiaz etorkizun hobea izan dezagun, baina benetako egiaz eta justiziaz”, gaineratu zuen.

Asteasu, Villabona eta Zizurkil
Jon Abril Berako zinegotziak, Berako hilerrian dauden hamabi lagunen izen-abizenak aipatu zituen. Tartean ziren, eskualdeko zenbait fusilatu; Amasa-Villabonako Daniel Arrillaga Tolosa, Juan Etxenike Matxiarena eta Maximo Erostarbe Baztarrika. Asteasuko Joxe Leon Uzkudun Uzkudun eta Zizurkilgo Gabino Barroso Minguez eta Elias Konstantzio Mendizabal Berakoetxea. Horiez gain, Astigarragako Joxe Miner Zapiain, Donostiako Mauricio Basilique Toulouse eta Ignacio Lorenzo Romero Ojer, Irungo Miguel Antonio Alzaga Mitxelena, Feliciano Colina Ortega eta Manuel Salazar Badia eta Tolosako Constantino Iglesias Ortiz.

Senitartekoen hitzak
Aiurrik 2011n egindako elkarrizketan, Elias Konstantzio Mendizabalen arreba Jesusak gogoan hartu zuen anaia zena: “Gure anaia Elias errepublikarren artean afiliatu zen, hainbat argazkitan errepublikarren zentroan ageri da bandera eskuan duela. Horixe izan zen bere bekatua, baina hori al da pertsona hiltzeko arrazoia? Herritarren arteko ezinikusi eta inbiriagatik hil zuten gure anaia”.
Gabino Barroso Minguezen Joxe Krutz semeak ere aitaren fusilamenduaren inguruko hitzak egin zituen Aiurrin: “Nik ez dut gogoan, baina gerora entzun izan nuenez, beldurra nagusitu arren, herritarrek babesa erakutsi ziguten aita fusilatu eta gero. Ume garaiko oroitzapen handirik ez daukadan arren, gertaera haiek ez ditut sekula ahaztuko”.

Identifikazioa
Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea den Lourdes Errastik aipatu zuenez, zazpi gorpuak bi hobi ezberdinetan topatu dituzte, eta guztiek eskuak bizkarrera lotuak zituzten. “Frogatuta dago Berako harrobian fusilatzen zituztela eta fusilatu ondoren hilerrira ekartzen zituztela lurperatezera”, azaldu zuen. Orain, gorpuak identifikatzen saiatuko dira eta bakoitza bere hilkutxan jarriko dute. Horretarako, DNA probak egiteko laginak jaso dituzte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!