Konpostagailua, martxa onean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 13a, 09:29

Duela bi hilabete pasatxo jarri zuten martxan Adunako lehen auzo-konpostagailua. Azaroan aurkeztu zuten ekimena herritarren aurrean. Pozik ageri dira eragile eta erabiltzaileak.  

Herritarrak, Gipuzkoako zenbait herri txikitako udal ordezkariak, Foru Aldudiko kargudunak, Tolosaldeko Mankomunitatekoak, Gipuzkoako Zero Zabor ekimeneko ordezkariak, Adunako Udaleko kideak..., jende asko bildu zen Adunako konpostagailuaren inguruan. Loatzo musika eskolako ikasleek jarri zioten doinua arratsaldeari, kalejira alaia eginez. Ondoren, ekitaldi ofizialari hasiera eman zion Josu Amilibia alkateak.  

Pauso handia
Eskerrak emanez hasi zuen  Amilibiak bere hitzaldia; euren laguntza eskaini duten erakundeei, han bildutako ordezkariei, herriko langileei, eskolari, Udaleko kideei, hondakin batzordeko kideei, eta bereziki, konpostagailua martxan jartzeko ezinbestekoak izan diren familia parte hartzaileei. “Konpostailuaren ondora etorri gara orain arte egindakoa erakusteko. Kuantitatiboki ez dago zer erakutsi askorik, baina kualitatiboki oso pauso garrantzitsua eman dugu. Hondakin politika berri baten enbrioia da hau”, azpimarratu zuen.

Urte osoko bidea
Urtarrilean jarri zen martxan hondakinak herrian bertan kudeatzeko prozesua. Herritarrek eta udal hautetsiek osatutako hondakin batzordea eratu zen aukera ezberdinak aztertu eta irtenbide egokiena bilatu asmoz. Hausnarketa prozesuaren ondoren, auzo-konpostagailuaren aldeko apustua egin, eta irailean jarri zuten martxan. Pozik dira prozesuak eman duen bidearekin.

Aduna, aitzindari
Eneko Mayozek, Tolosako Mankomunitateko arduradunak, gai honetan Adunak izan duen aitzindaritza hartu zuen ahotan: “Adunako konpostagailuak oso bide ona darama eta herritarrak zoriondu behar dira horregatik. Eredu ona izan da eskualderako. Mankomunitate mailan oso garrantzitsua da horrelako erreferenteak izatea. Nire ustez, gainera, honek beste pauso batzuk ekarriko ditu atzetik”.
Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde antolaketako diputatua den Iñaki Errazkin ere Adunako ekitaldian izan zen: “Hondakinak beste modu batera tratatzeko bidean, pauso handia eman duzue Adunan. Guk administraziotik, baliabideak jarri eta lan egin behar dugu, baina arazoaren irtenbidea herritarren eskuetan dago. Elkarrekin lan egiten badugu, bi gauza lortuko ditugu. Batetik, erraustegia saihestea, eta bestetik, baliabideen aberastasuna berriro ere herrira itzultzea. Arazo batetik baliabide bat sortu duzue hemen, posible dela argi utziz. Adunan egin duzuen apustu hau Gipuzkoa osora zabaltzearen alde egiten dugu guk. Arduratsuak izatean dago gakoa eta Adunan aitzindari zarete zentzu horretan”.

Zikloa itxi
Zero Zabor ekimeneko Ainhoa Arrozpidek ere zoriondu egin zituen adunarrak. “Lurrak emandakoa lurrari itzuliz, ziklo bat ixten duzue. Gipuzkoa Zero Zaborretik pozez ari gara ikusten geroz eta gehiago garela gaiarekin arduratutako herritarrak. Horrelako ekimenek garbi uzten dute posible dela beste eredu bat. Zorionak eta zabal dadila eredu hau Gipuzkoa osora”.

Arantxa Zabala
“  Nahi dugunean atera dezakegu materia organikoa; oso erosoa da”
Arantxa Zabala herritarra auzo-konpostagailuan parte hartzen ari da. “Udaletxetik parte hartzeko proposamena iritsi zitzaigunean, ez genuen zalantzarik egin. Zaborrak eta kutsadurak arduratzen gintuen eta irtenbidea eman nahi genion arazo horri. Auzo-konpostagailuan parte hartzeak ahalegin berezia egitea eskatuko zigula uste genuen. Martxan jarritakoan, ordea, konturatu gara ez dela batere zaila. Guk nahi dugun momentuan atera dezakegu materia organikoa eta ez dugu batere arazorik, ezta usainik ere. Oso erosoa da”. Lehendik ere bananduta botatzen zituzten plastiko, beira eta paperak, eta konpostagailua jartzeak oso zabor gutxi sortzeko bidea eman die Arantxari eta etxekoei: “Materia organikoa kenduta, oso errefusa gutxi sortzen da etxean. Oso erosoa da konpostagailua erabiltzea: bi edo hiru egunez behin gure ontzia hartu, konpostagailura bota eta materia lehorrarekin nahasten dugu. Konpostagailuaren aldamenean dagoen iturrian ontzia garbitu eta txukun-txukun eramaten dugu etxera”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!